Iker Galartza: "Antzerkia gaizki dagoela esango nuke, baina, noiz egon da ondo?"

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 20a, 09:19

Aitziber Garmendiarekin lehen aldiz ariko da Galartza Leidorreko oholtza.
Iker Galartza (Amezketa, 1977) Leidorren izango da gaur, 'Ondoko hilobiko tipoa' antzezlanarekin.

Aurkezpenean aipatu zenuten, kasualitatea izan zela Aitziber Garmendia eta biok elkarrekin lanean hastea.
Azken lau urteotan bi antzezlanekin aritu naiz eta Sara Cozar eta Joseba Usabiaga izan ditut lankide. Niri asko gustatu zitzaidan istorio hau, eta lehenengo Sarari aipatu nion lanarena. Egia esan, oholtzatik kanpo ere harreman ona duzun pertsona batekin aritzea oso garrantzitsua da, ez baita momentuko lana bakarrik, entseguak eta bidaiak ere hor daude.

Konfiantza izatea garrantzitsua da, beraz.
Bai, eta horregatik jo nuen Sara Cozarrengana. «Zergatik ez duzu Aitziberrekin egiten?» erantzun zidan, ordea. Istorioa ikusi eta Aitziber eta biontzat egokia zela iruditu zitzaion. Sarak aspaldidanik esaten zigun Aitziberrek eta nik elkarrekin lan egin beharko genukeela. Nire neurriko neska dela zioen eta elkar ondo ulertuko genuela. Ez genuen sekula elkarrekin lanik egin eta pentsa, hain gertukoak izanda, lagun berak izanda-eta... Berak gainera hainbat telebista saiotan parte hartu izan du. Aitziberrekin hitz egitea erabaki nuen orduan.

Proposamena ondo hartu zuen, beraz?
Bai. Istorioa kontatu nion eta baiezkoa eman zidan oso gustura, aurrera egiteko. Ondo atera zaigu eta ederki abiarazi da antzezlana.

Dena kontatu gabe, zer ikusi ahal izango dute Leidorrera bertaratzen direnek?
Istorio polit bat ikusiko dute. Aitziberrek komedia erromantikoa dela esaten du; ez dakit horraino iristen den, baina badu zerbait. Ikusleek ez dute tituluak iradokitzen duen bezainbesteko umore beltzik ikusiko, gainera. Beraz, osagai askorekin egindako mazedonia eder bat ikusiko dutela esan genezake. Obrak irauten duen denbora-tarte guztian barrez ariko ez badira ere, irribarrea ahoan dutela jarraitzeko moduko istorio polita da. Adin bertsukoak diren bi pertsonak hilerrian ezagutzen dute elkar. Berdintasun horiekin batera, ordea, oso-oso desberdinak dira eta biak bakarrik daude. Hasiera batean elkarrekin egotera kondenatuta daudela dirudi, elkar ezagutu dutelako. Baina ikusiko dugu zer gertatzen ote den, ez baita batere erraza izango.

Bihar areto handi batean ariko zareten arren, lana formato txikiagorako ere prestatuko duzue, ezta?
Antzezlan bat justu dabilenean, txoko guztietan sartzen saiatzen zara, buru-belarri, ahalik eta leku gehienetan obra eskaintzeko. Alde horretatik garrantzitsua da ikusleei nolabaiteko errespetua izatea; alegia, ezin dugu ostiralean, Tolosan, sarrera 10 euroan jarri eta, datorren astean, Irurako Trinketean, adibidez, lan bera askoz ere merkeago jarri.

Zein da, orduan, zuen bira-aurreikuspena?
Lehenengo urte honetan antzokietatik pasako gara. Ondoren, gure herria txikia denez, ahalik eta txoko gehienetara iritsi nahiko genuke. Herri horietako ganbara nahiz kultur etxeetan ez dira sartzen hiru metroko panelak. Baina halako egoeren aurreran eskarmentu pixka bat badugunez, obra bat prestatzen hasten garenean bi formatoak izaten ditugu kontuan, bigarren itzuli hori egin dezagun.

Hainbat aukera eskaini behar dituzue, beraz.
Bai. Orain gazteleraz ere ari gara eta Burgosko (Espainia) Teatro Real-en eskaini genuen lana. Han, adibidez, dekoratua zenbat eta handiagoa izan eta zenbat eta parafernalia handiagoa eraman, hobe. Aldiz, Baztanen, material erdiarekin egiten dugu lan.

Hasiera ona izan duzuela aipatu duzu. Euskarazko antzerkia nola ikusten duzu gaur egun?
Antzerkia gaizki dagoela esango nuke, baina, noiz egon da ondo? Izan dira ekoizpen gehiagoko urteak, baina konpainia batzuk jada itxi dituzte eta Espainiako Gobernuak araudi honekin jarraitzen badu, konpainia gehiago itxiko dira. Lehen ere arazoak izan dira, baina ez gara hain estu ibili izan; lana, behintzat, egin izan dugu. Orain arrisku horretara iristen ari gara eta ateratzen ari diren formato guztiak bi aulkirekin eta mikrofono batekin egindakoak dira. Bakarrizketak joeran daude, eta beste estilo bat da. Antzerkia garai berrietara egokitzen ari da, baina niri gustatzen zaidan antzerkia istorio bat eszenatokian kontatzen duena da, baina ez ipuin baten moduan, baizik eta biziz eta interpretatuz.

Zailagoa da?
Arriskatu egin behar da eszenografia sortuz edo argien diseinua eginez. Eta hain zuzen hori da galtzen ari dena. Nik, ahal dudan neurrian, horri eutsi nahi diot eta nahiko tradizionalista naiz horri dagokionez. Gure obra honetan, esaterako, istorioa nahiko landa-eremukoa da baina dekoratua modernoa da, gaurkoa; dekoratua da, ordea.

Bide errazagoei heltzen zaie, beharbada, orain?
Bai. Garai batean modernoak ziren diaporamak edo proiekzioak orain nahitaezko direla dirudi. Ez duzu dekoratua eramateko kamioirik behar, eta ezta kamioi hori gidatzeko baimenik edo asegururik ere. Beraz, pantaila eta proiektoreen bidea hartzen hasi dira gehienak.

Zure eredu horrek ikusleak harritzeko moduak behar ditu, ezta?
Zailena hori da, eta baita nekagarriena ere. Euskal Herrian obra bati neurria hartzerako herriak bukatzen dira eta beste gauza bat pentsatzen hasi behar da. Horregatik erabaki dugu gaztelerazko bertsioa ere egitea; Burgosen egin dugun moduan, Miranda de Ebro, Aranda del Duero, Murtzia nahiz Alacant ere bisitatuko ditugu. Hemengoaz gain pixka bat ateratzen saiatu behar dugula uste dut, eta inongo konplexurik gabe, gainera. Modu horretara, obra prestatzen egindako lana aprobetxatzen dugu epe luzeago batean. Eta bide batez, udan oporrak egiteko aukera ere izan dezakegu, bestela antzezlanak idazten egon behar izaten baitugu, «horrek balio du eta hark ez du balio» erabakiz.

Erabateko buru-eragitea da zuena.
Hontaz bizi nahi duenarentzat, behintzat, eguneroko lana da aktore izatearena.

Telebistak lagunduko dizue, baina etiketak jarri ere bai, ezta?
Noski. Duela hamar urte nire txostenarekin udaletara joandakoan «deituko dizugu» esaten zuten gehienek. Orain, gutxienez jaramon egiten dizute; segidan, ordea, «barre pixka bat egingo dugu, ezta?» galdetzen dute. Eta ezin ezezkorik esan, askok ez baitute ulertzen. Jendeak ez dio Iker Galartzari hitz egiten, jendeak telebistako Iker Galartzari hitz egiten dio. Beraz, bai, telebistak baldintzatzen gaitu pixka bat. Horrekin batera, ikusleei ezin diezu hutsik egin, zugandik espero dutena eman behar diezulako. Beraz, askotan, eraberritzearena eta harritzearena beste baterako utzi, eta ikusleei hutsik ez egiteari ematen diogu garrantzia; hori lortzea asko lortzea da.

Eta zein dira aurrera begirako planak?
Urrirako, azarorako eta abendurako deitu digute lan honekin; luxua da hori. Beraz, jarraitu egingo dugu eta uda honetan ez daukat idazteko asmorik; igerilekura joan nahi dut eta alabekin bizikletan ibili, gainerako gurasoen moduan. Tartean Poxpolo eta konpainiaren emanaldiak ere izango ditugu, baina gozatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!