Bazterketa egoerari erantzuna

inigoterradillos 2014ko mar. 19a, 08:27
Hainbat elkarte eta norbanako elkartu dira, Zutani Tolosa izenarekin, beharra dutenei laguntzeko. Arantxa Iruretagoiena eta Maria Jesus Gaztañaga elkarteko kideak Ataria Irratian egon dira.

Zutani Tolosa izeneko herritarren mugimendu solidarioa sortu dute herriko hainbat elkartek eta norbanakok, eta helburu nagusia Tolosan pobrezia eta bazterketa egoera larriak jasaten ari diren pertsonen beharrizan oinarrizkoenei premiaz erantzutea izango du. Xede hori oinarri hartuta elkartu dira euren indarrak batzeko Amarozko auzo elkartea, Iturriza jubilatuen elkartea, kristau etxea, Koku-yo elkarkidetza eta kooperazio elkartea, Nagusilan, Ereite, Sahararren elkartea eta SOS arrazakeria. Horrez gain, Tolosako Udalaren babesa du mugimenduak, eta beste hainbat erakunderekin elkarlanean ariko da, hala nola, Harizpe, Beti Gazteak, Appetol, Goienetxe fundazioa eta Gurutze Gorria. Aurkezpenean azaldu moduan, beraz, «jatorri, adin, sinesmen eta kultura desberdineko pertsonak» daude egitasmo berrian.

Hasiera batean, premia handienari erantzungo dio mugimenduak, eta beharra dutenei elikagaiak banatuko dizkie. Gipuzkoako Elikagaien Bankutik iritsiko da janaria, baina, aurrera begira, tolosarrek emandakoa ere banatuko dute. Bestalde, apiriletik aurrera, larunbatetan Trianguloan egongo dira elikagaiak biltzen. Tolosako Udalak utzitako lokalean, Araba etorbideko 5 zenbakian, du mugimenduak egoitza, eta bertan egingo dute elikagaien banaketa.

Beharra dutenak eta boluntarioak

Elikagaiak jasotzeko beharra duten Tolosako bizilagunek, eta oraindik euren datuak eman ez dituztenek, martxoaren 27tik aurrera jo dezakete Zutaniren egoitzara. Ostegunetan izango da zabalik, eta bertan jasoko dute informazioa. Helbide elektroniko (zutanitolosan@gmail.com) bidez ere jar daiteke harremanetan mugimenduarekin.

Bestalde, egun 50 boluntario inguru ari dira lanean, eta mugimenduaren asmoa kopuru hori handitzea da, «geroz eta pertsona gehiagorekin ekimen gehiago egin ahal izango baitira». Beraz, lagundu nahi duten eta euren denboraren zati bat jartzeko prest dauden pertsona guztiak deitu dituzte parte hartzera.

«Ilusio handia»

Mugimenduko boluntarioek adierazitakoaren arabera, «balio nagusia etekina ateratzea duen sistema da gaur egungo egoera ekonomiko eta sozial lazgarriaren errudun». Hala, egoera horri aurre egiteko xedearekin, «ilusio handiz» hartu dute proiektua, «alternatiba soziala izateaz gain, sarean osatutako herritarren mugimendu baten hasiera ere badelako, kaltetuen eta ez kaltetuen artean ehundua».

Ibai Iriarte Tolosako alkateak azaldu duenez, «familia asko daude egoera gogorrean, eguneroko otorduak egiteko ere arazoak dituztenak eta tolosarrak diren hainbeste jende elkartzea beharra duten horiei laguntzeko poztekoa eta benetan eskertzekoa da».

 
 

Arantxa Iruretagoiena eta Maria Jesus Gaztañaga, boluntarioak

"Oinarrizko beharrei erantzuteko hutsune handia dagoela ikusi dugu"

 

 

Boluntario lanean aritzea ez da berria Arantxa Iruretagoienarentzat eta Maria Jesus Gaztañagarentzat. Biak ala biak elkarte desberdinetan ari ziren lanean boluntario, eta orain indarrak batu, eta Zutani mugimenduan ari dira. Boluntario izatera animatu dituzte herritarrak.

Urteak daramatzazue boluntario moduan.
Arantxa Iruretagoiena. Nire kasuan, kooperazioa eta elkartasuna xede duen Koku-yo elkartean ari nintzen. Bestalde, irakasle izan naiz, eta beharra duten familiekin lana egitea egokitu zait.
Maria Jesus Gaztañaga. Nagusilan elkarteko kidea naiz ni. Tolosan, 2010ean sortu genuen elkartea. Orain arte, gure eginkizuna adinekoekin egotea, eurei konpainia egitea izan da, zentroetan, batik bat.

Orain Zutani mugimenduaren barruan zaudete.
A.I. Kasualitatez, ia une berean, hainbat elkartek udaletxera jo genuen. Oinarrizko beharrei erantzuteko behar handia ikusten genuen guztiok. Hala, udalak bilera baterako deitu gintuen, eta gure indarrak batu eta mugimendua sortzea erabaki genuen.
M.J.G. Duela hilabete batzuk elikagaien bankuarekin lan egiteko gure konpromisoa eta nahia adierazi genuen, izan ere, gure borondatea beti izan da Nagusilanetik aparte, beste ekimenekin laguntzea. Horregatik, ilusio handiz hartu genuen Tolosako Udalak, elkarte bat osatzeko helburuz, bilera batera deitu izana. Elikagaien bankua osatzea zen helburua, eta gu parte hartzeko prest agertu ginen, eta mugimendua osatzeari ekin genion. Oso gustura gaude.

Koku-yo eta Nagusilan elkarteak bezala, beste hainbat ari zarete elkarlanean, jatorri, adin, sinesmen eta kultura desberdineko herritarrez osatuak.
A.I. Tolosarrak gara denok. Mugimenduaren funtsa hori da, hain justu, tolosarrok tolosarrontzat. Mugimenduaren izenak berak dioen moduan, zu eta ni. Ez dugu sare bat sortu nahi guk norbaiti laguntzeko, baizik eta, elkarlana sustatu nahi dugu. Beharra dutenak eta gu, boluntarioak, denak batera aritzea.
M.J.G. Elkarrekin eta elkartasunean lan egiteko gogoa dugu. Esaterako, elikagaiak jasotzera joaten direnean, beraiek ere parte hartzen dute, kamioiak deskargatzen, paketeak egiten edota lokala garbitzen, esaterako.

Oraingoz, mugimendua elikagaiak banatzeaz arduratuko da.
A.I. Helburu nagusia da Tolosan pobrezia eta bazterketa egoera jasaten ari diren pertsonen oinarrizko premiari erantzutea. Une honetan elikagaien banaketara mugatuko gara. Boluntarioen kopuruaren arabera izango da hori; gero eta boluntario gehiago, orduan eta ekimen gehiago egin ahal izango ditugu. Esaterako, boluntarioentzako formakuntza, hitzaldiak, parte hartzea bultzatzea...

Zein maiztasunarekin egingo duzue banaketa?

M.J.G. Pasa den hilean hasi ginen, eta bihar eta etzi egingo dugu berriro. Hitzordua hartuta joaten da jendea.

Zenbat herritarrek edo familiak jo dute zuengana?
M.J.G. 140 pertsonari eman zitzaion iragan hilabetean.
A.I. Zutani ezagun egiten ari den heinean, geroz eta jende gehiago ari da etortzen informazio eske. Pentsa, bigarren banaketa honetan, 180 pertsona etorriko dira.

Zer baldintza bete behar dira elikagaiak jaso ahal izateko?
A.I. Elkarbizitza agiria aurkeztu beharko da, eta diru sarrerak zenbatekoak diren erakutsi, eta horren arabera ikusten da familia horrek duen beharra.

Gipuzkoako Elikagaien Bankutik ekartzen dituzue beharra dutenei banatzeko elikagaiak.
A.I. Bai, eta gure asmoa da, aurrera begira, herritarrek ere horretan laguntzea, hau da, Tolosako herritarrek elikagaiak ematea jendearen artean banatzeko. Dagoeneko jendea hasi da galdetzen nola eman ditzaketen elikagaiak.

Eta, nola egin ahal da?
A.I. Apiriletik aurrera, Araba etorbidean dugun lokalera gerturatu daiteke lagundu nahi duen oro, ostegunetan, goizean zein arratsaldean. Horrez gain, apiriletik aurrera, larunbatetan, Trianguloan egongo gara, janari bilketa egiten.

Boluntario sarea handitzea ere bada zuen xedea.
A.I. Momentuz 50 boluntario inguru ari gara, eta poliki-poliki sarea handitzen ari gara. Norbanako asko ari da gerturatzen laguntzeko zer egin behar duen galdezka.
M.J.G. Boluntario izateko, laguntzeko gogoa izatea eta bere denboraren zati bat eskaintzea nahikoa da. Gero guk plangintza egiten dugu boluntarioekin dauden egitekoen arabera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!