Tolosaldeko Bai Euskal Herriari ekimena, bere aldetik, herrietako informazioa biltzen ari da. Halaber, Iñaki Aristeta arduradunak azaldu duenez, ikurrina asko eskatzen dizkiete balkoi eta leihoetan jartzeko.
Dena den, datorren apirilaren 20an ospatuko duten Aberri egunari begira jarri ditu indarrik handienak Bai Euskal Herriari egitasmoak; aurrerago zehaztuko dute prestatutako festa eta aldarrikapen jarduerak zein izango diren.
Herritarrak aktibatzeko deia
2012ko azaroan iritsi ziren Tolosaldera Espainiako bandera udaletxetan jartzeko lehen aginduak. Gutun ofizial haiek Karlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak sinatutakoak ziren eta 39/1981 legea zuten hizpide: «Espainiako banderak udaletxe kanpoan egon behar du zintzilikaturik, eta eraikuntzaren barruan, leku esanguratsuenetan».
Udal batzuek segituan jarri behar izan zuten bandera, ez baitzuten aukerarik izan epaitegietara jotzeko; hainbat herritan jada jarrita dago bandera. Agindu hori ez bete eta bide judiziala hartzea erabaki zuten, ordea, eskualdeko beste hainbat udalek; egoera luzatzea zuten helburu.
Epaitegiak Espainiako gobernuari arrazoia eman zion arren, epai hari helegiteen eta bide judizial gehiagoren bitartez erantzun zioten udal batzuek. Orain, udal horiek berriro jaso dute Espainiako bandera zintzilikatzeko agindua.
Bai Euskal Herriari ekimeneko kideek «inposatzen jarraitzen» dutela diote: «Euskal Herria desagerrarazi nahi zuten baina horretarako euskal herritarrok desagerrarazi behar gintuztela azaldu genuen. Horregatik jarraitzen du erasoak».
Besteak beste, Amasa-Villabona, Gaztelu, Alegia, Aduna eta Irurara iritsi da bandera jartzeko agindua, eta Bai EH-k euskal erakundeetan ikurrinak egon behar duela aldarrikatzen jarraitzen du. Bide beretik, hainbat herri-batzar burutu dituzte dagoeneko, egoerari erantzun bat emateko helburuz. Herri bakoitzak bere aldetik mugituko da, herri bakoitzari hobeto datorkion erantzuna emateko, baina zenbait udalek berriro luzatuko dute aginduaren epea ziur aski.
Hori da, hain zuzen, Bai Euskal Herriari egitasmoak bultzatu nahi duen bidea: «Herritarroi dagokigu gureak diren nortasun ikurren defentsa burutzea. Ez gara espainiarrak eta ezta frantsesak ere. Euskal herritarrak gara eta gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Guztioi egin nahi dizuegu antolatzeko deia, zuen aletxoa ipini dezazuen ahal duzuen neurrian eta herrietan gure ikurrinaren alde egiten ari diren egitasmoetan parte har dezazuen».
Erakundeen babesa
Espainiako banderak sortutako aferak ez dira berriak. 1981. urtean Tolosan hasi zen Banderen gerra deiturikoa, Espainiako banderen legea onartu berritan.
Bandera jartzearen aurkako mozioa onartu egin zuten Tolosako Udalean, eta egungo auzian ere Tolosaldeko udal guztiek babesa eman diote ikurrinaren aldeko aldarrikapenari.
Bide horretan hainbat egitasmo eta pauso eman dituzte, eta azpimarragarrienetakoa 2013ko martxoaren 9ko eskualdeko manifestazioari eskainitako babesa izan zen. 20 gizarte eragile ere Espainiako banderaren aurka azaldu ziren.
Gertakariak
2012ko abendua.
- BAI EHren egitasmoak ikurrina aldarrikatuz (epaitegi aurreko elkarretaratzea eta Uzturren ikurrina jartzea).
- Aginduaren aurrean, hainbat herrik bide judiziala hartzeko erabakia hartu zuten.
- Ikurrinaren aldeko eguna Leaburun eta Iruran.
2013ko urtarrila.
- Amasa-Villabonako herritar talde bat ikurrinaren alde lanean.
- Tolosako inauterietan balkoietan ikurrinak jartzeko deia.
- Amezketan herri-batzarra auziaz.
2013ko otsaila.
- 20 eragilek bat egin zuten martxoaren 9ko eskualde mailako manifestazioarekin.
2013ko martxoa.
- Tolosaldeko udal guztiak Espainiako bandera jartzearen aurka azaldu, manifestaziora deituz.
- BAI EHk deitutako manifestazio jendetsua Tolosan.
2013ko apirila.
- Aberri egunean ikurrinaren aldeko aldarriak eskualde osoan.
2014ko otsaila-martxoa
- Bide judiziala hartu zuten udalei bandera jartzeko aginduak iristen ari zaizkie.