Goñi eta Amilibia nagusitu dira Larraul-Hernio-Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 17a, 10:51
Amezketarrak ordubete eta 16 minututan amaitu du proba; zizurkildarrak 1:36:08ko denbora behar izan du

IV. Larraul-Hernio-Larraul mendi proba igandean jokatu zen. 88 korrikalari irten ziren irteera puntutik, eta guztietan azkarrena Josu Goñi amezketarra izan zen, 1:16:55eko denborarekin. Hernioko itzulia egiten bigarrena Teodoro Garzon izan zen, irabazlearengandik 37 segundora helmugaratuz. Hirugarrena, Iraitz Arruabarrena izan zen, 1:17:47ko denborarekin.

15,5 kilometroko ibilbidea osatzerako garaian, emakumeetan, azkarrena Nerea Amilibia zizurkildarra izan zan. Amilibiak ordularia 1:36:08an gelditu zuen. Bigarren Amaia Lukin helmugaratu zen, 59 segundora, eta hirugarren Nerea Lendinez, 1:44:43ko markarekin. 88 lasterkaritik 12 emakumezkoak ziren. Guztiek 840 metroko penditza igo behar izan zuten ibilbide osoan zehar.

Lasterketa amaitu ondoren, sari banaketa egin zuten, eta nahi zuenak masajeak, hamaiketakoa eta dutxa izan zituen bere zerbitzura.

Antolatzaileak, «gustura»

Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa 2011n hasi ziren antolatzen herritarrak, ondorioz, aurtengoa laugarren edizioa izan da. Antolatzaileak «gustura» agertu dira parte hartzearekin, eta eguraldia lagun izan dutela nabarmendu dute. Korrikalarien aldetik ere hitz gozoak jaso dituztela esan dute lasterketaren arduradunak, eta bide horretan lan egiten saiatzen direla esan dute: «Lasterketa bukatu eta dutxa, hamaiketakoa, masajeak... izaten dituzte, eta gustura egoten dira hemen».

Mendi probaren harira, urtero, eskualdeko kirolari bat omentzen dute. Aurten Peio Garinen txanda izan da. Zizurkildarrari lasterketa hasiera plaka bat eman zioten, eta irteera ere berak eman zuen. Atletismo munduan bere ibilbidea omentzearekin batera, sari banaketa ekitaldian lanean jarri zuten Peio Garin. Irabazleei zizurkildarrak banatu zizkien sariak. Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie lasterketa aurrera ateratzen lagundu duten guztiei, eta parte hartzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!