Lagunarteko bertsoen arrakasta itzelak jarraitu egingo du asteburuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko martxoaren 13a

Harituz herriartekoaren hurrengo bi saioak Anoetan eta Villabonan izango dira

Tolosaldea eskualde bertsozalea izanda arrakasta espero zuten Harituzeko antolatzaileek, herriarteko txapelketa prestatzerakoan. Hainbesterainoko sona lortzea, ordea, ezusteko pozgarria izaten ari da elkargunearentzat. Asteburu honetan ere lepo egingo dute Anoetako eta Villabonako gaztetxeek, seina bertsolarien aleak arretaz entzun eta gozatzeko.

Joan den asteburuan inauterien ajeek ez zuten bertsozalea kikildu, eta Zizurkilgo zentroa jendea ez kabitzeraino bete zen; 80 lagun inguru bertaratu ziren Zizurkil eta Alegiaren arteko saiora. Oihana Iguaranek egindako kronikaren arabera, ordura arteko saiorik osoena izan zen, «sei bertsolariek maila bikaina» eskaini zutelako. Eta epaileen iritziak ere islatu zuen hori: bozka batengatik pasatu da Zizurkilgo taldea, finalaurrekoetara. Martxoaren 8ko saioa, berriz, Tolosako Orbelan tabernan izan zen, eta ikusleek estuasunetik gozatu behar izan zuten saioa, tabernak gaina jo baitzuen Tolosako eta Andoaingo bertsolariak entzuteko.

Agurretatik hasita umorea nagusi izan zen, inauteriei eginiko erreferentziaz beteta, eta «ale bikainak» eskaini zituzten sei bertsolariek, Beñat Iguaranek egindako kronikaren arabera. Andoaingo hiru mutilak nagusitu ziren, eta Zizurkilen aurka ariko dira finalaurrekoetan.

Ostiral honetan anoetarren eta berastegiarren artekoa jokatuko dute Anoetako gaztetxean eta larunbatean, berriz, bertso-derbiak berotuko du Villabonako gaztetxeko saioa, Villabonako eta Amasako taldeen arteko lehiarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!