Vilafrancako musika eskolaren bisita jasoko dute Loatzokoek

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 12a, 09:10

Asteburuan hainbat musika emanaldi eskainiko dituzte Kataluniako eta eskualdeko eskolek. Aitor Lasa irakasleak eman ditu xehetasunak.

Bisita berezi bat jasoko dute aste honetan Loatzo musika eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek. Izan ere, truke bat egingo dute Kataluniako Vilafranca del Penedés herriko musika eskolarekin, eta ostegun gauean bertan iritsiko dira hona, autobusez, bertako hirurogeita lau ikasle eta irakasle.

Esperientzia hau ez da guztiz berria Loatzo musika eskolarentzat, duela hiru urte Kataluniako Arens del Mar herriko eskola batekin egin baitzuten trukea. Aitor Lasa irakasleak azaldu bezala, esperientzia hartan «oinarritu» dira oraingo trukea prestatzeko; ordukoa «positiboa» izan baitzen ikasle eta irakasleentzat. Beste eskola bat bilatzerako orduan, «antzeko instrumentuak» eta ikasleen adin beretsuko jendea izatea hartu zuten kontuan.

Lan luzea suposatu du, hala ere, Loatzoko arduradunentzat truke hau martxan jartzeak. «2013ko otsailean Kataluniako musika eskolen elkartearekin harremanetan jarri ginen eta gure eskolaren antzekotasunak dituen musika eskola baten bila hasi ginen». Vilafrancako musika eskola ez da mankomunitatean osatua, 38 000 biztanletako herria baita, baina, inguruko herri txikietako ikasleak ere hartzen dituzte eskola honetan.

Trukeak Kataluniako musika instrumentuak ezagutzeko ere balioko diete. Horretarako, hango instrumentuak eta doinuak, hemengoekin «elkartu eta nahastu» egin nahi dituzte Lasak azaldu bezala. Bi eskoletako musika bandek ere parte hartuko dute ostiraletik aurrerako ekimenetan.

Aipatu bezala, honakoa trukea denez, Loatzo musika eskolako hirurogeita hamabi ikasle eta irakasle maiatzean joango dira bertara bisita egitera. Eta horretarako lanean ari dira jada.

Trukearen programa

MARTXOAK 14, OSTIRALA

10:30. Eskoletan emanaldiak: Alegiako Aralarren eta Ibarrako Uzturpen.

14:30. Irurako ikastolan emanaldia.

MARTXOAK 15, LARUNBATA

10:00. Kalejira Villabonako kaleetan.

11:30. Amasa-Villabonako alkateak harrera egingo diete udaletxean.

12:00. Kalejira erraldoi eta buruhandiekin.

19:00. Gurea zineman emanaldia.

21:00. Vilafranca- Loatzo afaria Aljibean. Ondoren, musika saioa.

10:00. Kalejira Villabonako kaleetan.

MARTXOAK 16, IGANDEA

10:30. Iruran kalejira.

12:00. Emanaldia Irurako Trinketean.

13:30. Bazkaria Trinketean.

15:30. Agurra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!