Antton Ibargurenek irabazi du Aiztondo Klasika, Patxi Alkortaren Oroimenezkoa

Ataria 2014ko martxoaren 10a

Azken maldan lortu zuen garaipena Ibargurenek, Espainiako Kopako liderrak.

Antton Ibarguren, Telco'm-Gimex taldeko txirrindulariak, irabazi du XI. Aiztondo Klasikoa-Patxi Alkorta Oroimenezkoa. 182 txirrindularik hartu dute parte aurtengo edizioan. Adunara sei aldiz eta Alkiza beste behin igo behar izan dituzte, guztira 135 kilometroko ibilbidea osatuz.

26. kilometroan, hainbat saiakeren ondoren, 11 laguneko ihesaldia osatu da. Bertan zeuden Germán Sánchez (GSport), Jon Eizaguirre (Gipuzkoa), Marcos Altur (Caja Rural), Adriá Moreno (ControlPack), Iván García (EDP), David Morales (Mutua Levante), Esteban Martínez (Plastimer), Alex Aranburu (Ziurana), Maciej Kasperkiewi (Telco’m), Marc Soler (Lizarte) eta Artem Samolenkov (Loksphynx). 50. kilometrorako hiru minutu baino gehiagoko aldea zeramaten tropelarekiko. Hala ere, Adunako lehen igoeraren ondoren, Moreno eta Samolenkov bakarrik geratu dira.

Une hortatik aurrera, bi txirrindulari horiek harrapatzeko lanean jardun dute atzeko taldetxoko kideek, baita tropelak ere. Adunako hirugarren igoeran, 1:42 tartea zuen lasterketa buruak bigarren taldearekiko, eta 3:01 tropelarekiko. 20 kilometroren faltan, berriz, 2:17 eta 3:07koak.

Alkizako igoera hasi bezain pronto Moreno bakarrik gelditu da, Samolenkov atzean utzita. Atzetik zetozen Ibarguren eta Antonek ere atzean utzi dute Loksphynx taldeko txirrindularia. Morenori ere gauza bera gertatu zaio helmugarako bost kilometro falta zirenean, hau da, atzetik zetozenek harrapatu eta gainditu egin dute. Azken igoeran Antton Ibargurenek erakustaldia eman du, eta helmugan Samuel Nicolas gainditu zuen. 

Elite mailako eta 23 urtez azpiko kategorietako Espainiako Kopako puntuagarria zen proba. Ibarguren Guadianako Zirkuitukoan bigarren sailkatu zen, eta ondorioz, Espainiako Kopan lider jarri da. Adunako helmugan lortutako garaipenarekin, gipuzkoarrak 234 puntu pilatu ditu. Andres Sanchezek 211 dauzka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!