Gerra garaian bertan gelditu zirenen testigantzak

Joxemi Saizar 2014ko mar. 7a, 12:33

Gaurko artikuluan, Tolosaldean eta inguruan, 1936ko gerran bertan gelditu zirenen testigantzak jasoko ditugu, alde batekoak eta bestekoak. Izan ere, Francoren aurka zeuden guztiek ez zuten aukerarik edo modurik izan ihes egiteko, atzerrira joateko, eta bertan gelditu behar izan zuten. Asko sufrituz kasu gehienetan. Erregimenaren aldekoek, berriz, ez zuten arazorik izan, alderantziz, dena erraztasunak, irabazleekin beti gertatzen den bezala. Azkenik, bi bando nagusiekin gehiegi identifikatzen ez ziren asko ere bazen bertan. Hiru multzo nagusi hauetako lekukoen oroitzapenak jaso genituen 1936ko gerrako oroitzapenak Tolosaldean eta Leitzaldean liburuan. Horietako batzuk hilda daude jada.

Orokorrean, zerbait txarra eta gogorra bezala gogoratzen dute 1936ko gerra gure solaskideek. Urte horiek eta ondorengoak tristeak izan ziren, etxe askotan norbait falta zelako, gosea ezagutu zutelako eta ospakizun gutxitarako zeudelako. Baserritarrak kaletarrak baino hobeto moldatu ziren, etxean lortutako elikagaiei esker. Kontrabandoa eta estraperloa ere orduantxe izan zen, gehienbat Nafarroatik ekarriz janariak ezkutuan. Baita errazionamendua ere, 1940tik aurrera, oinarrizko elikagaiak kartilla batzuen bidez banatuz.

Batek baino gehiagok aipatu du gerra garaian nazionalek herriren bat hartzen zutenean edo bestelako ekitaldiren batean festa izaten zela: musika bandaren kalejira, fletxa (falangisten gaztetxoak), pelayo (karlisten gaztetxoak) eta margariten (emakumeak) desfilea… Baina ere ez zen denen gusturako izango.

Irabazleen aldekoak ondo

Silvia Baleztena karlistak Iruñetik zetozen txapelgorrien sarrera Leitzan kamioi batean «ikaragarri hunkituta» hartu zutela gogoratzen zuen. Gerraren amaiera «alaitasunez» hartu omen zuten, Iruñeko Gaztelu plazan festa eta kanpainako meza eginez. Gerraostean goserik ez ezagutu arren, Frantziatik egindako estraperloari esker, sufritu behar izan omen zuten: «Garai tristea izan zen, umezurtz asko zeuden eta etxe guztietan norbait falta zen». Gerra ahazteko formula gaiaz ez hitz egitea eta familian festak egitea izan omen zuten.

Margarita Irazustak zioen «tragedia izugarria» izan zela gerra: osaba frontean hil zitzaion, bi bizilagun fusilatu egin zituzten… Aita medikua zen eta libratu zen gaixo batek Miserikordian gelditzeko esan ziolako, nazionalak sartu arte. Gero Tolosako alkate izan zen frankismo garaian. «Erreketeak heroiak zirela uste genuen, baina denetatik izango zen, ez genuen jakiten zer egiten zuten». Gose latza pasa zuten Argentinatik eta AEBtik esne hautsa eta gazta lata handiak bidali zituzten arte.

Galtzaileen aldekoak sufrituz

Gerran soldaduen atzetik ibili ondoren Bilbon eta Santanderren, erbestealdia Frantzian pasa eta itzuli zen Juan Asensio sozialistaren familia Tolosara. Lagun batzuk hil zitzaizkion gerran eta familiako beste batzuk kartzelan, kontzentrazio zelaietan edo langile batailoietan izan zituen gerra ondoren. Eta umeak zirenak, erbestean. «Aita itzuli zenean ez nuen ezagutzen. Gerra aurreko lantokian ez zuten hartu, nola hala moldatu behar izan zuen. Eta Franco hona etortzen zen bakoitzean kartzelatu egiten zuten», zioen. Elizak indar handia zuela esan zigun: «Adibidez Wenceslao Maiora parrokoak seinalatu egiten gintuen mezetara ez joateagatik». Jende gaiztoa ere aipatzen zuen: etxeak miatu eta lapurtzen zituen Eyara algoazilen burua edo eta zirikatu eta astinaldiak ematen zituen Division Azuleko kuadrilla. Hala ere, goserik ez omen zuten pasa «aita bizikletaz Atallu edo Betelura joan eta ogia eta babak lortzen zituelako».

Aipatu dugu tarteka festa izaten zela, garaipenen bat ospatzeko. Beasainen, adibidez, musika banda ateratzen zen kalejiran. Baina Jesus Begue balkoitik begira negarrez aritzen zen, osabengatik kezkatuta (alde banatan aritu ziren bere bi osaba). Baserrian garia eta artoa bazuten, baina ezkutatzen aritu behar izaten zuten ez kentzeko.

Ursula Azpiroz leitzarrak aipatzen zuen gerra hasi aurretik zabaldu zen zurrumurrua, 40.000 gorri etorriko zirela, «baina erreketeak etorri ziren Viva España-ka, denak armekin». Aita Batzokiko lehendakaria izanik, etxea miatu, harrikatu eta lehergailuak jartzea jasan behar izan zituzten. Jazarpen hori ohikoa izan zen galtzaileen artean.

Tartean gelditu zirenak

«Bi anaia zaharrenak gerrara eraman zituzten nazionalek, ezer jakin gabe, eta ni baserrian gelditu nintzen, eutsi behar zitzaion eta. Zortea izan nuen, gazteegia izan eta urte pare batengatik libratu nintzen», zioen Dionisio Amundarain ibartarrak. Gerra amaitutakoan munduko gerra etorri zen eta soldaduska luzatu zietenez, «etxerako kalte handia» izan zela eransten du. Goserik ez omen zuten pasa gerraondoan, kontrabandoari esker taloak egiteko irina bazutelako. Kaletarrek gorriagoak pasatu omen zituzten: «Baserrietara etortzen ziren ahal zena harrapatzera, gosea zegoelako».

Pello Iribarrek gogoratzen zuen Villabonan bi egun pasatu zituztela inor gabe, errepublikazaleek alde egin eta nazionalak sartu bitarte. «Nora joan behar genuen? Hemen gelditu ginen», zioen. Gauza itsusi asko ikusi omen zuen: mendekuak, Batzokian ikusi zutelako edo nazionalista zela esateagatik fusilatuak, emakume nazionalistei ilea zeroan moztea eta buruko zapia jartzen ez uztea, bistan eramateko…

Hiru anaia izan zituen Encarna Yarza amasarrak nazionalekin gerran. Etxean emakumeak bakarrik gelditu ziren, aita hil zelako. Senarra ere gerran zauritu zuten. «Tolosako Juanita Alberdi 'Kapaña' eta Villabonako Amparo Barbe margaritak ziren, familiek janaria eta arropa prestatu makutoan eta hamabostean behin frontera eramaten zutenak», aipatzen zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!