Afizionatu mailako txirrindulari probak bihar eta igandean

IƱigo Terradillos 2014ko mar. 7a, 11:36
Lizartzako Udala saria bihar arratsaldean izango da, eta Aiztondo Klasikoa, igande goizean

Afizionatuen mailako txirrindulari lasterketak hartuko ditu eskualdeak asteburuan. Batetik, bihar Lizartzako Udala saria izango da, eta etzi igandean, Aiztondo Klasikoa.

26. urtez egingo dute Lizartzan, Otsabio kirol elkarteak antolaturiko 23 urtez azpikoen proba. Aurten izan duen lehen aldaketa izenean topatzen dugu, Lizartzako Udala saria izango baita aurten. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, lehen zuten babesle nagusiarekin ez dira akordio batera iritsi, eta ondorioz, izena aldatu dute. Babesle nagusirik gabe, gehiago bilatu beharra izan dituzte proba egin ahal izateko: «Oso zaila izan da, baina hiru babesle berri lortu ditugu, eta eskertu beharra dugu, horiei ezezik, borondatez lanean ari den jendeari eta urte hauetan guztietan lagundu digutenei», adierazi du Xabier Balerdik.

Gainerakoan, urteroko ezaugarri antzekoak izango ditu probak: 130 txirrindulari inguruko izango dira, 104 kilometroko ibilbidea egingo dute eta Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango da.

Aiztondo Klasikoa

Urtero irteera eta helmuga aldatzen dute Aiztondo Klasikoko antolatzaileek. Aurten, Villabonatik irten, eta 135 kilometro burutu ostean, Adunan amaituko dute txirrindulariek. 28 talde espero dituzte, eta bakoitzean 7 txirrindulari, beraz, orotara, 196 txirrindulari ariko dira nor baino nor. Ibilbideari dagokionez, bere zailtasunagatik nabarmentzen da proba, eta antolatzaileek adierazitakoaren arabera, aurten bereziki, azken kilometroak aldapan gora baitira. Villabonan nahiz Adunan trafikoa itxita egongo da hainbat puntutan, proba dela eta.

Bestalde, Aiztondo Klasikoa Espainiako koparen barruan sartzen dela ere azpimarratu dute: «Gipuzkoan maila bereko hiru proba baino ez ditugu, beraz, garrantzitsua da», azaldu du Aitzondo elkarteko Joxe Ramon Aiertzak. Dena den, azken urteetan gertatu moduan, arazo ekonomiko handiak izan dituzte proba antolatzeko: «Gero eta zailagoa da dirua lortzea, eta horregatik, gastuak murriztu beharra izan ditugu». Datorren urterako hitzarmena adostua dute, baina hortik aurrera kolokan dagoela probaren etorkizuna esan dute antolatzaileek. Asteasuko Aitzondo txirrindulari elkartearekin batera, Villabonako Irrintzi, Adunako Txulobi eta Zizurkilgo Urkamendi aritzen dira antolaketa lanetan.

Bai Lizartzako probarako bai eta Aiztondo Klasikorako herritarrak gonbidatu dituzte bertaratzera, «giro polita izango baita».



 

Txirrindulari probak

XVI. LIZARTZAKO UDALA SARIA

Eguna. Martxoak 8, larunbata.

Irteera. Lizartza, 15:30.

Helmuga. Lizartza, 18:00.

Distantzia. 104 kilometro.

Mendateak. Altzo, hiru aldiz, eta Leaburu.

XI. AIZTONDO KLASIKOA

Eguna. Martxoak 9, igandea.

Irteera. Villabona, 10:00.

Helmuga. Aduna, 13:30ak aldera.

Distantzia. 135 kilometro.

Mendateak. Aduna, bost aldiz, eta Alkiza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!