Zigor eskaerak jaitsi ditu fiskalak herriko tabernen auzian

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 7a, 09:59
Hogeita hamasei euskal herritarren eta ehun eta hamar herriko taberna edo elkarteren kontrako epaiketa egiten ari dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ibarrako Subegi, Tolosako Intxurre eta Villabonako Iratzar elkarteak daude auziperatutakoen artean.

Atzokoan fiskalaren ondorioen txanda izan zen. Nahiz eta, gaur ere jarraituko duen bere ondorioak azaltzen. Fiskalak behin-betiko zigor eskaerak egin zituen; bederatzi auzipeturen absoluzioa eskatu zuen, eta orohar, zigorren eskaera nabarmen jaitsi zuen.

Defentsak, ordea, guztien absoluzioa eskatu zuen; gizartearen sektore handi bat sistema politikotik baztertu dela salatu zuten abokatuek. Karmelo Landak atzoko saiotik ateratakoan, auziperatuen izenean, salatu zuen legez kanporatzeko helburu politikoarekin hasi zela auzia, eta orain «beste garai batean» gaudela.

Bost hilabeteko epaiketa

Iazko urriaren 17an ekin zioten herriko tabernen aurkako epaiketari. Sumarioa abiatu eta 11 urtera deklaratu dute urte luzez sumarioan nahastuta izan dituzten lagunek. Angel Hurtadok, Julio de Diegok eta Clara Bayarrik osatzen dute epaimahaia.

Herenegun egin zuten agerraldia auzipetu guztien izenean. Nabarmendu zuten ez dela «frogatu» haien aurkako akusazioak egiteko oinarririk. «Ez da inputazio penal zehatzik egin, eta ez da akusazio elementu pertsonalizatu bakar bat ere aurkeztu», ohartarazi zuen Karmelo Landa auzipetuak akusatuen aulkian kide duen Sabin del Badorekin egindako agerraldian.

Hortaz, epaituak zigortu nahi izatea konponbidearen eta demokraziaren aurka egin nahi izatea besterik ez litzatekeela esan zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!