Gutuna: Langile, langabetu, emakume, gizon, etorkin, heldu, gazte... hurbil zaitez Eskubide Sozialen Kartara!!

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 6a, 10:55
Gaur egun tamalez botere ekonomikoa, elite ekonomiko hori da gure etorkizuneko erabakiak hartzen dituena.

Orain arte argi zegoen arren, lehengo astelehenean hemen bertan, Bilbon egin zen goi-gailur ekonomikoak argi erakutsi zigun berriz ere zeintzuk hartzen dituzten erabakiak herri honetan, Urkullu, Raxoi, Espainiako Erregea, Lagarde eta konpainia argazki berean agertu baitzitzaizkigun murrizketa gehiago eskatzen ziren titular baten azpian. Politika neoliberal hauen ondorioa da gaur egun pairatzen ari garen egoera: aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatuta, pobrezia maila izugarriak, langabezia, prekarietatea, etxegabetzeak, arrazismoaren gorakada, zerbitzu publikoen galera...

Gu ziur gaude gauzak beste era batera egin daitezkeela eta egin behar direla. Politika ekonomikoaren helburuak ezin du izan gutxi batzuk aberastea jendartea pobretzearen truke, kontrakoa baizik, jendarte osoaren onura, aberastasunaren banaketa, oinarrizko eskubideen bermea... izan beharko lukete.

Horregatik erabaki dugu Euskal Herrian Eskubide Sozialen Karta eztabaidatu eta gu geu izatea gure etorkizuna marraztuko dugunak, herria, herritarrak garelako eta gaur gaurkoz guk bakarrik dugulako hori egiteko legitimitatea; badelako garaia alternatiba bat, aldaketa sozial eta politiko bat Euskal Herrian bultzatzeko; badelako garaia Euskal Herriko emakume eta gizonok bestelako proiektu ekonomiko eta sozial bat eraiki dezagun Euskal Herriarentzat; badelako garaia euskal jendarteak jendarte eredu bidezko eta solidarioa eraiki dezan, bere borondatez, beste inongo inposaketa edo injerentziarik gabe.

Eta eztabaida honetara zu zeu gonbidatu nahi zaitugu. Asko duzulako esateko, zurekin eseri eta lasai pentsatu, hausnartu eta eztabaidatu nahi dugu. Alternatiba eraiki eta instituzioei gure ahotsa entzun eta errespetatzeko exijentzia egin nahi diegu, Lagarderi begira egon beharrean gure, zure beharren arabera jarduteko eskatuko diegu.

Beraz, Martxoaren 11 eta 25ean iluntzeko 18:30ean Tolosako Kultur Etxean egingo dugu topo. Zure zain izango gara!

Informazio gehiago nahi izanez gero: www.eskubidesozialenkarta.com
                                                            tolosaldekokartasoziala@gmail.com

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako Tolosaldeko Talde Dinamizatzailea: Maddi Sarasola, Alhoa Karrera, Ibon Artola, Egoitz Iturbe, eta Oihana Lopetegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!