Brigadista bilakatzeko deialdia

asierimaz 2014ko mar. 6a, 08:49
Filtron, Uruguain, 1994. urteko gertaerak gogoratzen dituzte urtero, euskal brigadisten parte hartzearekin.
Iazko esperientziak kontatzeko eta aurtengorako herritarrak animatzeko, hitzaldiak antolatu dituzte eskualdean.

Aurten brigadista bezala bidaiatu nahi duenak izena martxoaren 31 baino lehen eman beharko du. 2014ko brigadista kanpaina egun horretan amaituko da, ondoren, ikastaroak etorriko dira, bidaiak ongi prestatu ahal izateko. Iaz, eskualdeko bi ordezkari ibili ziren brigadista moduan, eta orain, euren esperientziak kontatzeko unea iritsi zaie.

Mikel Ozaita Bolivian izan zen, bertako errealitatea ezagutzen eta Euskal Herrikoa zabaltzen. Irati Ozaitak gauza bera egin zuen, baina Argentinan eta Uruguain. Brigadista moduan, ibartarrek bi hitzaldi eskainiko dituzte orain eskualdean, martxoan zehar. Bata, Ibarran bertan izango da, eta bestea, Villabonan. Hirugarren hitzaldia Tolosan antolatu du Askapenak, brigada kanpainaren antolatzaileak, Saharako lurralde okupatuen inguruan. Ekimenaren fruituak azaltzeaz gain, aurtengo kanpainara jendea animatu nahi dute, eta aipatu bezala, izena emateko epea hilaren 31n amaituko da. Horretarako, brigadak@askapena.org helbidera idatzi behar da. Edozein zalantza argitzeko gauza bera egin behar den bezala. Hala eta guztiz ere, azalpenak askapena.org webgunean daude zintzilikaturik.

Iaz 50 lagunek parte hartu zuten brigadetan. Alde batetik, bertako errealitatea ezagutzen dute lehen pertsonan. Bestetik, Euskal Herriko egoera edo gertatzen ari dena azaltzen dute bidaietan. Antolatzaileen esanetan, «brigada bakoitzak bere ezaugarriak dituela kontuan hartu behar da. Ez da berdina Palestinara edo Saharara joatea edo Argentinara-Uruguaira joatea». Brigadista izateko ezaugarri batzuk bete behar dira, eta ezinbestekoa da formakuntza jasotzea. Askapenatik azaldu dutenez, «jendearen perfila hor ikusten da gutxi gora behera». Palestinara joateko, adibidez, ingelesa jakitea beharrezkoa da; Saharan segurtasunak garrantzi handia hartzen du... eta horrela leku bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Oro har, brigadista izateko deialdia euskaldun eta euskal herritar sentitzen diren guztiei egin diete Askapenatik. Bidaiak hilabete batekoak edo bi astekoak izan daitezke. Hau ere lekuaren arabera.

Aurten, bi berrikuntza

Tolosaldean martxoan antolatu dituzten hitzaldietan hiru bidaia izango dituzte hizpide: Bolivia, Argentina-Uruguai eta Sahara.

Irati Ozaita etxean ariko da hizketan. Martxoaren 13an Ibarrako gaztetxean emango du hitzaldia, eta bertan, brigadista bezala bizitakoa kontatuko du. Argentinan herri boterearen esperientzia desberdinak ezagutu zituzten. Bertako auzoetan sortzen ari diren dinamika desberdinak, langileen esku geratu diren lantegien esperientziak, eta abar. Uruguaiko bidaian, Filtron gertatua ezagutu zuten bertatik bertara. 1994. urtean, hainbat euskal errefuxiaturen aurkako deportazioa jarri zuen martxan Uruguaiko gobernuak. Honen aurrean, bertako herritarrek elkartasun kanpaina bat jarri zuten abian, eta mobilizazio horietan jende ugarik hartu zuen parte. Poliziak bertako bi herritar hil zituen mobilizazio haietan.

Orduz geroztik, urtero, abuztuaren 24an Filtron gertatua gogoratzen dute. «Brigadistak bertan egoten dira, ekitaldietan parte hartzearekin batera, Euskal Herriaren babesa azaltzeko», adierazi dute Askapenatik.

Bigarren hitzaldia Tolosan izango da. Saharako lurralde okupatuen inguruan hitz egingo dute bertan. Bertan pairatzen ari diren zapalkuntzaz hitz egiteko, Gasteiztik etorriko dira brigadistak eskualdera.

Mikel Ozaita ibartarraren txanda hilaren 27an etorriko da. Villabonako gaztetxean Bolivia izango du hizpide Ozaitak. «Kontraesan handiko lurraldea da Bolivia. Kontuan hartu behar da prozesu iraultzailea edo aurrerakoia martxan dagoela bertan, eta jatorrizko herritarrek bere biziko garrantzia dutela prozesu horretan. Nazio askok osatzen dute Bolivia, eta ezkerreko ikuspegi ezohikoak ageri dira jatorrizko herritarrengan; ama lurrarekiko harremanetan, boterearen antolaketan...». Guzti horien ezagutza garrantzitsutzat jotzen dute Askapenatik, «prozesu iraultzailearen protagonistak jatorrizko herritar horiek baitira».

Iazko bidaiez gain, aurten bi aukera berri egongo dira: Herrialde Katalanak eta Aragoi-Gaztela. Lurralde horietan bertako ezkertiar independentisten eskutik ibiliko dira, «euren irakurketa zein den ezagutuz». Modu horretan, Euskal Herriari azaltzen dieten elkartasuna eskertu nahi dute brigadistek.

Azken urteetako bidaiak berdinak izango dira, baina egoera hainbat lekutan ez da bera izango. Horren adibide bezala Venezuela aipatu dute Askapenatik. «Bertako oposizioaren eta oligargiaren jarrera zein den ikusita, gogorra izango da brigadistek han aurkituko duten egoera. Arreta bereziz jarraitu beharreko prozesua da Venezuelakoa». Uruguairen kasuan, Filtroko gertaerek 20 urte betetzen dituzte aurten, eta indar bereziz ospatuko dituzte abuztuaren 24ko ekitaldiak. Euskal brigadistak urtero bezala bertan izango dira, data esanguratsu hori amerikarrekin batera gogoratzen.

Azkenik, jendea animatu nahi izan dute parte hartzera, bai hitzaldietara joatera, eta baita brigadista bezala bidaiatzera.

 

 
 

Hitzaldia

  • MARTXOAK 13, OSTEGUNA. 18:00. Ibarrako gaztetxean, Argentinan eta Uruguain herri boterea eraikitzen.
  • MARTXOAK 20, OSTEGUNA. 18:00. Tolosako Kultur Etxean, Saharako lurralde okupatuen inguruko esperientzien kontakizuna.
  • MARTXOAK 27, OSTEGUNA. 18:00. Villabonako gaztetxean, Bolivia: aurrera doan herria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!