Eskualdeko lau kirolari Orioko KMK14 kirol Erronkan

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 5a, 16:47
Larunbatean Orio, Tolosa, Usurbil eta Zarautz lehiatuko dira aurtengo Kilometroak egitasmoaren baitan antolatu den Kirol Erronkan. Ikasle tolosarrekin batera Maider Gaztañaga, Abraham Olano, Iñigo Jauregi eta Leire Agirrezabala izango dira.

Orioko Herri Ikastolak urrian egingo duen Kilometroak jaiaren baitan, abentura eta kirola uztartzen dituen Kirol Erronka izeneko proba egingo dute larunbat honetan Orion. Pasa den urtean Laskorain Ikastolak antolatutako egitasmoaren arrakasta ikusirik, oriotarrek jarraipena ematea erabaki dute, eta motorrak berotzen haste aldera, larunbat honetan aurrerapen bat egingo dute.

Goizeko 09:30etatik aurrera, lau talde izango dira Orioko plazan nor baino nor: etxeko taldeaz gain, Usurbil, Zarautz eta Tolosa. Herri bakoitzak lau kirol modalitatetan lehiatu beharko du, igerian, bizikletan, lasterka eta arraunean, eta horietako bakoitzerako gonbidatu bana izango dute. Tolosarren laguntzaile izango dira Maider Gaztañaga (igeriketa), Abraham Olano (bizikleta), Iñigo Jauregi (arrauna) eta Leire Agirrezabala (korrika).

Kirol Erronka Hossain Kaanache Orioko Herri Ikastolako irakasleak garatu du. Duela 5-6 urte herritarrengan kirolarekiko zaletasuna sustatzeko asmoz helduen erronka antolatu zuen, eta beranduago bigarren edizio bat ere egin zuen. Harrera oso ona izan zuen. Tolosan gaztetxoekin egindako esperientzia ere ona izan zela ikusita, biak uztartzea erabaki zuen.

Horrela, proba bakoitza jokatu ondoren, amaieran KMK egunean jokatuko den probetako bat osatuko ikasleekin elkarlanean. 10:00etan hasiko da ikuskizuna igeriketarekin, eta bizikleta, arrauna eta lasterkako probak jokatuko dira hurrenez hurren. 15 minutuko proba laburrak izango dira. 12:00etan izango da ikasleen txanda, mosaiko proba, memoria-ariketa ikusgarria, jokatuko baitute kirolariekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!