Euskadi Gastronomika zigiluak bermatuko du eskualdeko 41 enpresaren kalitatea

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko otsailaren 26a

Tolosa Gourmet elkarteko 14 enpresen ordezkariak Euskadi Gastronomika zigilua jaso dute
Kalitatea bermatu eta turismo enogastronomikoa Tolosaldera erakartzeko bidean, Euskadi Gastronomika zigiluaren jabe egin dira eskualdeko 41 enpresa eta establezimendu. Hain zuzen ere, Tolosa Gourmet klubeko kideak dira enpresa horiek guztiak, eta lehen urteurrenaren balantzea egin dute Lehiberri zentroan.

Eusko Jaurlaritzak ematen duen bereizgarria da Euskadi Gastronomika deritzon zigilua eta, besteak beste, turismoa sustatzeko tresna da marka hori, Arantza Madariaga arduradunak azaldu duenez: «Estatu eta mundu mailan egotea dakar zigiluak, turismo azoketan parte hartzeko aukera eskainiko baitie Tolosaldeko establezimenduei. Gainera, nekazaritza sailaren egitasmoetan ere sartuko dira 41 enpresa horiek».

Horrela, beraz, «elkarlan publiko-pribatuaren bidez», Tolosaldean turismo gastronomiko nahiz enoturismoa sustatzea izango da zigiluaren jomuga, hortik eskualdeko aberastasunera iristeko. Madariagak nabarmendu duenez, kostaldeak berezkoa du erakargarritasuna eta, horregatik, «barnealdeko eskualdeek kalitatea eskaini beharra daukate turistak erakartzeko».

Euskal Autonomia Erkidego osoko 16 eskualde eta 800 enpresa daude dagoeneko, Euskadi Gastronomika zigiluaren sarean eta, Tolosaldeko 41 establezimendu horietan bezalaxe, askotarikoak dira marka bereizgarria izan dezaketen zerbitzuak: ostatuak, nekazalturismoak, ekoizleak, museoak, turismo bulegoak, gozotegiak, dendak, jatetxeak, erretegiak, sagardotegiak nahiz pintxo tabernak. Gauzak horrela, hiru sektoreen arteko elkarrekintza ere sustatuko du zigiluak.

Tolosaldea Tour-eko Olatz Illarregik azaldu duenez, establezimedu eta enpresek hainbat irizpide bete behar dituzte Euskadi Gastronomika zigiluaren jabe egiteko: «Zerrenda luzea da, baina bertako produktuekin lan egiteak, esaterako, garrantzi handia du. Era berean, enpresaren kalitatea oso kontuan hartzekoa da eta, jatetxe nahiz tabernen kasuan, bezeroekiko arreta ere irizpideetako bat da».

Urtebete Gourmet izaeraz

Euskadi Gastronomika zigilua aurkeztearekin batera, Tolosa Gourmet klubaren lehen urteurrenaren batzarra egin zuten Lehiberrin. Taldeko ordezkari Rafa Gorrotxategik eta Olatz Illarregik azpimarratu zutenez, helburuak bete dituzte.

Besteak beste Pintxo pass txartelaren egitasmoak izandako arrakasta azpimarratu zuten, 1.435 saldu dituztela nabarmenduz. Tolosa Goxua txartela sortu berria denez, aurrerago baloratuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!