Anoeta, Ibarra, Irura, Tolosa eta Zizurkilen inauteri giroa pizten hasiko dira asteburu honetan. Anoeta, Ibarra eta Iruran Loatzo musika eskolakoek parte hartzen dute antolakuntzan. Zizurkilen Pedro Mari Otaño eskolakoek girotzen dituzte kaleak. Eta Tolosan Urdiña Txiki elkartekoek antolatzen dute kaldereroen desfilea.
Joxean Arostegi arduratzen da Tolosako kaldereroen desfilean parte hartzen duen musika banda zuzentzeaz. 2003tik da zuzendaria, eta aurretik musikari bezala aritu zen: 30 urte baino gehiago Raimundo Sarriegiren doinuekin kalea girotzen. «Musikariak oso ondo portatzen dira», dio Arostegik. Tolosako musika eskolako ikasleak, Loatzo musika eskolako ikasleak eta Tolosako musika bandako zenbait kidek parte hartzen dute. «Egun 50 musikaritik gora gara parte hartzen dugunak. Garai batean hamabi inguru edo izaten ginen», ekarri du gogora. «Oraingo bandarekin gustua ematen du, ez dago batere arazorik». Arostegi Tolosako musika bandako kidea da eta kaldereroen desfilean parte hartzen duten musikarietatik asko ezagutzen ditu.
1972an hasi ziren desfilea antolatzen Urdiña Txiki elkartekoak. Ordutik, musikari kopuruaz gain, ekitaldian parte hartzen duten herritarren kopurua ere handitu da Arostegik dioenez: «Jendearen aldetik gero eta gehiagok parte hartzen dute. Inauteriak ate joka daudenez, jendeak giroan sartu nahi du».
Konpartsaren hasieran musikari talde bat ateratzen da, akordeoiekin, biolinekin, flautekin, Koldo Tarragonak gidatuta, eta horiekin batera koro txiki bat joaten da, eta baita dantzariak ere. Horien atzetik hartza joaten da. Gero karroza doa, eta bertan doaz erregina, eta atzeko aldean bandaren zuzendaria. Musikarien ondoren, zartagin-joleak datoz, eta gurdia ere izaten da txistorra ogiarekin banatzen. Urdiña Txikikoen lana goraipatu du Arostegik: «Bestela ez zen posible izango konpartsa ateratzea. Karroza prestatu, jendearekin hitz egin, ibilbidean ere adi ibili…».
«Inauteriak hor bertan daude, eta jendeak dagoeneko mozorrotu nahi du, kaldereroz janzten da, eta aitzakia horrekin parranda botatzeko gogoa izaten da. Desfilea herrikoia da guztiz», dio Arostegik. «Garai batean entseguak egiten ziren, baina lau azaltzen ziren, eta gero egunean bertan jende pila bat».
Arostegirentzat kaldereroen eguneko une politenetakoa, behin desfilea bukatu eta gero, inauteri doinuak joz egiten duten kalejiratxoa izaten da: «Parte Zaharretik bueltatxo bat egiten dugu, eta inauterietako pieza batzuk joz, jendea erdi erotuta jartzen da. Dagoeneko inauterien egunak datozela igartzen da eta bihotzen taupadak azkartu egiten dira». Arostegirentzat egun berezia da: «Niri eta parte hartzen dugun beste askori, inauterien gertutasun horrek tripetan urduritasuna sortzen digu. Barrutik sentsazio berezia da, horrela bizitzen dugu kaldereroen eguna bera, eta gero datorrena».
Loatzoko txaranga: bidea egiten
Loatzo musika eskola martxan jarri zenetik, orain hamar urte inguru, parte hartzen du kaldereroen desfileetan. Idoia Balza irakasleak eta eskolako txarangaren arduradunak dioenez Anoetan hasi ziren: «Bertan musika eskola zegoen eta horren tradizioz han hasi ginen; Ibarran ere egiten zen, eta gero parte hartzea Irurara luzatu zen».
Kaldereroen konpartsetan eskolako txarangak parte hartzen du. «Gehienbat eskolako bandaren kideak dira txarangan parte hartzen dutenak», dio Balzak. «Hasieran herrietan bizi ziren eta ezagutzen genituen musikariei eskatzen genien laguntza, eta geroztik ere deitu egiten diegu parte hartzeko. Beti etorri izan dira eta oso ondo portatu dira gurekin». Bestalde, eskolako irakasleek ere parte hartzen dute, eta zenbait guraso ere izaten dira bandaren musikarien artean.
Banda ikasgai bezala dute Loatzo musika eskolan: «Asteroko ikasgai gisa mantentzen dugu eta handitxoenekin, beraiek ere eskatzen dutelako, beste formatu bat lantzen dugu. Hamabost egunez behin elkartzen gara eta txarangako errepertorioa lantzen dugu». Txarangak kalera begira beste aukera batzuk ematen dituela dio Balzak: «Banda serioagoa da, beste lanketa bat da, eta txaranga zerbait irekiagoa da, beste musika batzuk lantzen dituzu, kalejirak direla, inauteriak direla, eta hori ere gustatzen zaie ikasleei».
Txarangak beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzen du, esaterako Irurako eta Anoetako festetako danborradetan, eta orain gutxi Villabonako Fleming eskolak bere kultur astean egindako danborradan ere. Inauterietan ere parte hartzen dute ikasleek, eta hori ere nabaritzen da eskolan, Balzak azaldu duenez: «Kaldereroen desfiletan jotzeaz gain, ikasleek ere inauterietan txarangetan parte hartzen dute, Pintxanan dela, San Esteban elkartean dela…, eta sumatzen da giro hori».
Hiru herrietan jende asko elkartzen da kaldereroen desfilean. Ibarran, esaterako, bertako herriko abesbatzarekin harremanetan jarri dira eta parte hartuko dute aurtengo konpartsan. «Hori guretzako pozgarria da, ahal den herritar gehienen parte hartzea izatea. Beste urteetan, Iruran esaterako, erretirodunak atera izan dira gurekin. Poza ematen du, azkenean herriko festa bat egin nahi baitugu». Giro polita sortzen dela dio Balzak, zartaginak jotzen eskolako ikasleez gain, gurasoak, aiton-amonak, eta orokorrean herritarrek parte hartzen dutelako. «Deialdia herritar guztiei egiten zaie», zehaztu du Balzak. «Festa irekia da, nahi duen guztiek parte hartu dezakete».
KALDEREROETAKO EGITARAUAK
Otsailak 21, ostirala
Anoeta. Musika eskolaren paretik aterako dira 18:00etan.
Ibarra. Herriko plazatik abiatuko da desfilea 18:30ean.
Irura. Musika eskolatik abiatuko dira 18:00etan.
Tolosa. Udal musika eskolako kaldereroetako kontzertua. 19:00etan, musika eskolako aretoan.
Zizurkil. Pedro Mari Otaño eskolakoak 15:15ean abiatuko dira ikastetxearen paretik. 16:30ean merienda egingo dute Elbarrenako plazan.
Otsailak 22, Larunbata
Tolosa. Plaza Zaharrean hasiko dira pregoiarekin, 19:00etan, eta gero hasiko da desfilea: Solana kalea, Korreo kalea, Kale Nagusia eta berriro Plaza Zaharra.