Joxe Arregi

Torturatuen memoria gunea inauguratu dute Zizurkilen

Ataria 2014ko ots. 17a, 09:40

Koldobika Jauregik egindako eskultura erakutsi zuten atzo.
Igandean bukatu zen Zizurkilgo torturaren kontrako astea 'Torturaren egia: itzaletik argira' ekitaldi nagusiarekin. Bertan, Alkizako Koldobika Jauregik egindako eskultura erakutsi zuten, eta besteren artean, Unai Romano Egiari Zor fundazioko ordezkariak hitz egin zuen.

33 urte bete dira aste honetan Joxe Arregi zizurkildarra atxilotu, 9 egunez inkomunikatu eta Carabanchelgo espetxean hil zela, eta hori dela eta, bere jaioterrian, Zizurkilen, Joxegi Arregi eta torturak jasan dituzten gainerako biktimak gogoan izan zituzten igandean. Erakundeei aitortza eta justizia eskatu zizkieten ekitaldian.

Joxe Arregiren torturak eta ondorengo heriotza ez bakarrik, milaka euskal herritarrek sufritutakoa aitortu behar dela adierazi zuten Zizurkilgo ekitaldian, torturatu guztiei egin zitzaien omenaldian.

Zauri fisikoak sendatu arren, torturaren arrastoa ez dela ezabatzen esan zuten, eta biktimez ezin dela hitz egin torturatuak kontuan hartu gabe. Horregatik, aitortza, egia, justizia eta erreparazioa eskatu ditu Egiari Zor fundazioak.

Erakundeei pausuak eskatu dizkie Unai Romano Egiari Zor fundazioko ordezkariak, tortura jasan duten pertsonek merezi duten aitortza izan dezaten.  Horrez gain, inpunitatearekin amaitzeko ere eskatu du.

Olerki, bertso, dantza eta musikaz jantzitako ekitaldia izan zen atzo, eta bertan, Koldobika Jauregik torturatu guztien memorian egindako eskultura agerrarazi dute Zizurkilgo plazan. Eskultura horren inguruan hitz egin zigun aurreko astean, Koldobika Jauregik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!