"Etorkizun hurbilerako urrats garrantzitsuak prestatzen ari gara"

asierimaz 2014ko ots. 17a, 08:00
Hamarkada bat etxetik urrun, erbestean, sasian, iheslari. Iñigo Zapirain (Ibarra, 1977) 2013ko ekainaren 15ean etorri zen mundutik Euskal Herrira, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak emandako urratsaren barruan. Orain, jarraipena dator. Unearen garrantziak eskatuta, euskal iheslarien afera berriro ere mahai gainean jarri behar dela dio Zapirainek, konponbiderako bide orria ardatz hartuta.

Zerk egin zintuen iheslari?
2002ko urrian sarekada izugarria izan zen Euskal Herrian, 17 lagun atxilotuak izan ziren. Horietako bederatzi nire herriko lagunak ziren; sekulako kanpaina mediatiko bortitza egin zuten gure aurka atxilotuak basatiki torturatzen ari ziren bitartean. Ni Irlandan nengoen garai hartan, eta beraz, pentsa hau guztia gertatu eta gero zer gogo nuen nire herrira bueltatzeko. Hor hasten da nire bizitzaren etapa berri bat, erraietan bete ezin duzun hutsune etengabe baten hasiera; gatazka politikoaren ondorioz etxera itzuli ezin izanaren zama gainean, eta hortik eratorritako sufrimendu guztiari aurre egin beharra.

Nolakoak izan dira urte guzti hauek erbestean?
Hasieran ez da erraza. Ordura arte bizi izan duzunaren esperientzia goitik behera aldatzen da, eta edozein iheslarik aurre egin behar dion errealitate gordin baten aurrean jartzen zara parez pare: deserriak sorturiko minari aurre egiteaz gain, bizimolde berri bati hasiera eman behar diozu une oro atxilotua izango zarenaren beldur. Ezezagun zaizun gizarte batean barneratu behar duzu, zeurea ez den hizkuntza bat ikasi, eta batez ere, dokumenturik gabe bizitzeak dauzkan zailtasunez ohartuko zara. Horrek dakarren oztopo eta traba guztiei aurre egin behar diozu, lan edo aterpe duin bat eskuratzeko zailtasunak, osasungintza… Urteak aurrea joan ahala, eta bertakotzen zoazen heinean, errazagoa bihurtzen da dena. Zorionez, iheslariok historikoki laguntza eta elkartasun izugarria izan dugu, herrien babesa, beste askapen mugimenduetako elkartasuna eta munduko herritarrek eskainitako babesa. Zentzu horretan esker ona besterik ez dut bide aldapatsu honi aurre egiten lagundu didan ororentzat. Herriko jendearengatik hasi, eta bizitzea egokitu zaidan herrialdeetan ezagutu ditudan guzti horiengana iritsi arte.

Egun Ipar Euskal Herrian bizi zara bikotea eta seme-alabekin.
12 urte egin ditut erbestean, eta pasa den urteko ekainaren 15ean, Miarritzen, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak antolaturiko ekitaldiaren barruan itzultzeko hautua egin nuen; mundu zabalean bizi ziren beste hainbat kiderekin batera. Mundutik Euskal Herrira leloa praktikan jarri genuen. Gure herriak pairatzen duen gatazkari irtenbide demokratikoa emateko irekia den prozesuari ekarpena egiteko asmoz.

Nola irudikatzen duzu sorterrira itzuliko zaren eguna?
Argi daukat utzi nuen herria eta bueltan aurkituko dudana ez dela herri bera izango. Ni berdina ez naizen bezalaxe. Hiri handi batera igande arratsaldez heltzea bezala izatea nahiko nuke, oharkabe, azken urteetan bizi izan naizen anonimotasun horren jabe, beste edozein herritar bezalaxe, gure herriak bizi duen gatazkaren konponbidean nire ekarpentxoa egiteko.

Noiz etorriko da egun hori?
Ez dut egun hori urrutiegi irudikatzen. Gure nahia eta beharra sorterrira itzultzea da, eta hori herriarekin batera egingo dugu. Zentzu horretan, etorkizun hurbilerako urrats garrantzitsuak prestatzen ari gara. Orain, iheslarion errealitatea mahai gaineratzeaz gain, konponbiderako bide orria jendarteratzea dagokigu.

Badirudi urte luzez itzalpean egon zaretela.
Egia da iheslariaren figura silueta beltz batek ordezkatu izan duela historikoki, eta gaur egun gure egoera ageriagoan jartzen ari garela. Ezker abertzaleak aldebakarreko estrategia martxan jarri, eta Aieteko agerraldiaren ondotik, Euskal Iheslari Politikoen Koletiboa osatzen dugun kideok hausnarketa sakon bat hasi genuen barne mailan antolatu eta prozesuaren baitan geneukan eginbeharraz eztabaidatzeko. Horrek bere denbora eman du, besteak beste, tamaina horretako eztabaida bat aurrera eramateko izan ditugun zailtasunengatik. Kontutan izan behar da mundu guztian zehar barreiaturik, ia kontinente guztietan, eta egoera eta errealitate oso ezberdinak bizi ditugula kolektiboan. Ilunpetatik atera eta ohiko isiltasuna urratuz bizi ditugun errealitateak, egoera zein ikuspegia mahai gaineratzea ezinbesteko ikusi genuen, eta bide horretan, iheslariok pairatutako jazarpen gordinaren lekukotasunak emateari ekin genion. Iazko ekainean kolektiboak azken urteetan emandako berregituraketaren emaitza eman zen argitara, gure mintzakide taldea aurkeztuaz.

Zergatik jo zenuten urrats historikotzat?
Gure kolektiboa mintzakide talde batek ordezkatzen zuen lehen aldia zelako.

Zertarako mintzakidetza?
Espainiako eta Frantziako estatuek, iheslarion arazo politikoa osotasunean konpontzeko gurekin hitz egin beharko lukete. Korapiloaren parte izanik, korapilo hori askatzeko biderik logikoena izango litzateke. Zentzu horretan, kolektiboak urrats historikoa eman zuen iazko ekainean, gure izaera anitza eta zabala islatzen duen mintzakidetza taldea aurkeztuaz. Estatuekin arazo politikoa konpontzeko tresna izateaz gain, euskal eragile sozial, sindikal eta herritarrei iheslariokin zuzenean harremanetan jartzeko tresna ere bada.

Nortzuk dira kolektiboaren ordezkari?
Mintzakidetza taldea 14 gizon eta emakumez osaturik dago, tartean Ibarrakoa den Jokin Aranalde, gaur egun bere aurka dagoen euroaginduaren aurrean jarrera intsumiso aktiboa hartzen ari dena. Gehienak Ipar Euskal Herrian bizi badira ere, badira Cabo Verde, Sao Tome, Brusela, Uruguai edo Kuban bizi direnak ere. 30-72 urte bitarte dituzte.

Askotan hitz egiten da iheslarien kopuruaz, benetan jakin daiteke zenbat zareten?
Ezinezkoa da kopuru bat zehaztea, besteak beste, sasian zenbat jende dagoen jakitea oso zaila delako. 300dik gora kide zenbaturik ditugu baino baliteke kopuru hori 500eraino igotzea. Tolosaldean dozena bat inguru gara, eta horietatik gehienak Ipar Euskal Herrian bizi gara.

Zein egoera juridiko eta administratiboan zaudete?
Egoera juridiko zeharo ezberdinak bizi ditugu kolektiboaren barruan. Afera judizialik ez dugunok; torturapean oinarritutako sumarioetan dauden kide asko; artxibaturik beharko luketen kasuetan daudenak; 30 urte eta gero inolako definizio juridiko gabe diren deportatuak... Arlo administratiboan beste hainbeste, deportatuak ez dute inolako definizio administratiborik, badira beste herrialdeetako nazionalitatea jaso dutenak, Ipar Euskal Herrian inolako dokumentaziorik gabe bizi direnak, beste identitate batekin bizitzera behartuak direnak eta baita ere gure paperekin bizi garenak. Badira ere errefuxiatu politikoaren estatusa onartua dutenak, gehienok ordea, ez dugu inongo aitortza politikorik.

Eta bizi baldintzei dagokienez, zein da egoera?
Bizi baldintzei dagokionez badira gaixotasun larriekin eta zaintzarik gabe bizi direnak, bazterketa egoeran direnak, inongo laguntza ekonomikorik ez dutenak, etxebizitza edo lan duin bat eskuratzeko zailtasun izugarriak dituztenak. Gainera, denbora pasa ahala egoera hauek larrituko dira asko direlako 60 urtetik gorako iheslariak. Ezinbestekoa da egoera hauei konponbidea lehenbailehen ematea. Askotan jendea ez da jabetzen iheslarien inguruko egoeraren larritasunaz baina kasu benetan dramatikoak daude.

Zoritxarrez badira bidean geratu direnak ere eta Euskal Herrira inoiz itzuliko ez direnak.
Eskualdean ere egoera larrian dagoen kide bat daukagu, Manu Azkarate tolosarra, gaixotasun kronikoa dauka, torturatua izan ondoren espetxean bi aldiz egona da eta bi aldiz iheslari izandakoa. Gaur egun, euroagindu baten ondorioz eta errekurtso guztiak agortuta edozein momentutan estraditatua eta espetxeratua izateko arriskuan dago.

Nola konpondu hori dena?
Iazko ekainaren 15ean, urteetan kolektiboa lagundu duten hainbat elkarte eta norbanakoek antolaturiko Elkartasun hatsa ekitaldi nazionalaren barruan, gatazka politikoaren konponbidean gure ekarpena publiko egin genuen.

Nola laburbilduko zenuke?
Hiru ataletan. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da gure aurkako salbuespen neurri guztiak bertan behera gelditzea. Azken urteetan gatazka politiko armatuaren konponbiderako urrats eta erabaki garrantzitsuak eman dira gure herrian, besteak beste, ETA-k borroka armatuaren erabilerari behin betiko uko egitea. Egoera berri honetan, azken hamarkadetan gure kontra erabili diren salbuespenezko neurriak berraztertu behar dira. Besteak beste, tortura bidezko deklarazioetan oinarrituriko prozedura judizialak, eta ondorioz, hauetatik eratorritako atxilotze aginduak, euroaginduak eta estradizioak bertan behera utzi beharko dira. Legedi arruntean oinarritutako arauetan jada artxibatuta egon beharko luketen prozedura judizialak edo iritzi, adierazpen eta elkarte eskubideen aurka irekitako prozedura judizial guztiak bertan behera geratzea. Herrialde ezberdinetan deportatuta edo konfinatuta dauden kideei mugimendu askatasuna bermatu behar zaie.

Zein izango litzateke bigarren puntua?
Giza eskubideen eta bizi duintasunaren alorrean, iheslari gaixoen egoera konpontzeko neurriak aztertu eta bazterketa egoeran dauden iheslarien duintasuna ziurtatzeko neurriak hartu beharko dira. Euskal herritarrak garen heinean, eta nazioartean onartua den gatazka baten subjektu eta ondorioa garenez, euskal jendarteari eta agintaritza politikoari dagokie gure bizi duintasun eta oinarrizko eskubideak ziurtatzeko neurriak hartzea.

Azkenik, kontaketa eta konponbide sozialari dagokion atala dago.
Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren konponbidea, sustraietako arrazoi politikoei eta ondorioei soluzioa emateko prozesuaren eskutik etorriko da. Gatazkaren ondorioen soluziobidean kolektibo ezberdinek pairatu dituzten eraso eta bizitako egoeren kontaketa eta hauen konponbide soziala garrantzitsua da, hau baita modu konpartitu batean eraiki nahi dugun jendarte demokratiko berriarentzako baldintza eta oinarrietako bat.


Kolektibo horien artean aipatzen dituzue iheslariak.
Iheslariok, desagerpenak, kalteak eta hildakoak eragin dituzten erasoak bizi izan ditugu. Gure eskualdean bertan, hor dugu Naparra iheslariaren desagerpena, hainbeste urte eta gero, egun oraindik argitu gabea. Hauen atzean estatuen esku hartzea dago. Iheslariok, senideek eta Euskal Herriak oro har, gertakari hauen inguruko egia jakiteko eskubidea dugu. Era berean, gure herriaren ondare kontsideratzen dugun heinean, urte hauetan bizitakoa eta gure hautu politikoaren zergatiak euskal jendarte osoarekin partekatu nahi ditugu. Hau da guk proposatzen dugun konponbiderako bide orria, eta zentzu horretan ezinbestekoa da herriaren aktibazioa maila guztietan. Arazo politikoaren konponbide integrala bultzatu nahi dugu herritarrekin batera horrek ekarriko duelako gure arazoaren behin betiko ezabatzea. Guk estatuen blokeoaren gainetik prozesua bururaino eramateko prestutasuna daukagu.

Bide orri hori eskuan, non zaudete orain?
Herrietako eragileekin biltzen ari gara gure egoera zein ikuspegia ezagutarazteko. Duela egun batzuk, Urruñan, Tolosaldeko herri mugimenduetako ordezkaritza zabal batekin bildu ginen, eta aurrerantzean ere horretan sakondu nahi dugu: herritarrekin harremanak estutu, bide orriaren berri lehen eskutik eman, iheslarion gaia konpontzeko ekarpenak jaso eta etorkizuneko urratsak elkarrekin lantzeko. Konponbiderako proposamena garatzeko nazio mailako eragile politiko eta sozialekin ere beste bira bat egiten ari da aldi berean.

Itxaropenerako tarterik ba al duzue?
Miarritzen konponbiderako proposamena egin eta astebetera, estatuek hiru iheslariren aurkako atxiloketekin erantzun zuten. Horietako bat Jokin Aranalde ibartarra zen; bi aldiz torturatua izan ondoren bere sorterria uztera behartua izan zen, geroztik etengabeak izan dira prozesuaren aurkako erasoak. Estatuek gaur gaurkoz konponbidean interesik ez izateaz gain bakearen agendaren garapena galarazi nahi dute. Bakearen eta askatasunaren kontra diharduten indarrak boteretsuak dira, eta Euskal Herrian abiarazitako prozesua oztopatu eta moteldu dezakete, baina ez geldiarazi, herri gogoa eta aktibazioa pizturik badira. Gure hautua tinkoa da, aurrera egin behar dugu, luzeegi jo duen gatazka eta injustizia errealitatetik egoera justu eta demokratiko batetara iristeko.

Hori da zuen helburua, ezta?
Igarobide horretan, gatazka elikatu duen osagai bat bera ere ez irautea dugu helburu. Hori da ondoko belaunaldiei egin nahi diegun ekarpena, berriro inork inoiz urteotako ondorio gordinak pairatu behar ez ditzan. Ez hildakorik, ez iheslaririk, ez presorik, ez torturaturik…Konponbidea arazoaren muinari eta arazoaren ondorioei. Horixe nahi du Euskal Herriko gehiengoak, eta baita guk ere, bide horretan estatuak itxaropena behin eta berriro zapuzten saia daitezke, baina guk aspaldi egin genuen aukera…

Beste ekarpenik?
Iheslarion arazoa ez da osoki konponduko gure egoera pertsonalak zuzenduz, baizik eta ihes egitera bultzatu gaituzten arrazoiak gaindituz, beraz, elkartasunetik konpromisoetara igarotzeko garaia da. Etxerako bidea hartua dugu, eta bide hori herriarekin egingo dugu herria baita gure arnas eta berme. Besarkadarik beroena eskualdeko preso eta iheslari guztiei, bereziki Ibarrako Jokin Aranalde eta preso den bere alaba Maiteri, baita Gari eta bien senideei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!