Talleres Billabonako langileak egoera «jasanezinean»

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 13a, 18:29
Enpresako hiru langileek zortzi hilabete daramatzate soldata kobratu gabe; baina, lanera joanez.

Talleres Billabona S. L enpresako hiru langileek zortzi hilabete daramatzate «jasanezina» den egoera bat pairatzen. Zortzi hilabete daramatzate soldata kobratu gabe; eta enpresako argia, ura eta telefono zerbitzua ere «moztuta» dituzten arren, lanera joan beharra dute «inork ez digulako ezer esan». Zehatz-mehatz azken lau hilabeteetan ez dute enpresako jabearen «inongo berririk» izan, eta telefonoa ere ez diete hartzen.


Jabi Gonzalez eta Jon Arzallus langileek «epaitegian salaketa guztiak eginak» daudela jakinarazi dute. Irailean, lehen salaketa jartzean «enpresako burua ez zen agertu» eta bigarren salaketa jartzean, urrian, enpresa buruak langileekin «zorrik ez zuela» azaldu zuen.
Enpresa buruak zorrak «hornitzaileekin» ere badituela zehaztu dute. Hala ere, egunero «06:00etatik 14:00etara» enpresara joan eta «zain» egoten dira. «Hona etortzen jarraitu behar dugu abokatuak edo epaileak kontrakoa esan arte» azaltzen dute Gonzalez eta Arzallusek. Irteera bat izan arte «itxaron besterik ezin dugu egin».


Antaliseko langileen kaleratzeak
Albizturko Antalis enpresako langileei urtarrilaren 24ean bidali zizkieten kaleratze gutunak gaurko datarekin. Beraz, gaur, hilak 14, gauzatuko dira kaleratzeak.
Langileek gaur bertan sartuko dute beraien kaleratzea salatzeko demanda kolektiboa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, Bilbon. Hala ere, langileek, batzarrak egiten eta beraien lanpostuen aldeko borrokan.jarraitzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!