Joxe Arregi

Torturaren argietatik itzaletara

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 13a, 10:28

Mikel Egibar preso zizurkildarrak eta torturak jasandakoak, torturaren inguruan egindako margolana.
Asteartean Iñaki Egaña, Maribi Arregi Joxe Arregiren arreba, eta Paco Etxeberria Zizurkilen izan ziren torturaren astearen barruan antolatutako mahai inguruan parte hartzen.

Joxin Azkuek aurkeztu zuen mahai ingurua eta Maribi Arregi izan zen hitza hartzen lehena. "Argi geratu da beraien gezurrak gure egia baino gehiago balio duela", esan zuen Joxe Arregiren arrebak.

 

 
 

Duela hogeita hamahiru urte hil zuten Joxe Arregi zizurkildarra. 1981eko otsailaren 4ean bi etakide atxilotu zituztela jakin zen, baina, atxilotuen izenik ez zuten ezagutu hilaren 6ra arte. Zekiten bakarra bietako bat zauritua zegoela zen. Bederatzi gau eta egun torturapean igaro ostean, eta Arregiren egoera «penagarria» zela ikusirik, Carabancheleko espetxeko erietxera eraman zuten. Espetxera heldu zenean, funtzionario batek «birrinduta» heldu zela aitortu omen zuen. Arregik ere jada ezagunak egin diren hitzekin azaldu zuen bizitakoa: «oso latza izan da». Hurrengo egunean, egoera larria zela ikusirik erietxe zibil batera zeramatela hil zen. 30 urte zituen. Horregatik, Joxe Arregiren heriotzaren urteurrenean, gaurko egunean, torturaren aurkako eguna ere bada.

Zizurkilen urtero gogoratzen dute Joxe Arregiren heriotzaren urteurrena, eta aurtengoan aste oso bateko egitaraua prestatu dute gai honen inguruko arlo ezberdinak ukitzeko. Astelehenean eman zioten hasiera aste honi. Atxulondo kultur etxean, Mikel Egibar preso zizurkildarraren eta torturak jasandakoaren margolanen erakusketa irekiz. Ekitaldi nagusia, berriz, igandean, hilaren 16an egingo da, 13:00etan, Elbarren plazan, Torturaren egia: itzaletik argira lelopean.

Hala ere, aste guztian zehar hitzaldi eta emanaldi ezberdinez gozatu ahal izan da eta izango da. Dudarik gabe, jendetsuenetako bat izan zen asteartean, Joxe Arregi kasua gogoratuz izenpean Maribi Arregik Joxe Arregiren arrebak, Pako Etxeberriak Aranzadi zientzia elkarteko presidenteak eta Iñaki Egañak Euskal Memoria fundazioko lehendakariak eskaini zuten hitzaldia. Kultur etxea lepo beteta zegoela, torturaren inguruko hiru ikuspegi ezberdinen inguruan mintzatu ziren.

Maribi Arregik, Joxeren arrebak, hunkiturik azaldu zuen familiak bizi izan duen egoera. Joxe pertsona «berezia» zela azpimarratu zuen, «beti laguntzeko prest» zegoena. Anaia hil zela «kalean» jakin zuen eta senide bat egoera horretan galtzea «oso gogorra» dela azpimarratu zuen. Arregi torturatu zuten polizien aurkako epaiketaren ostean, berriz, «amorrua» sentitu zuen. «Beraien gezurrak gure egiak baino gehiago balio zuela» sentitu zuten.

Pako Etxeberria forenseak ikuspegi osoago bat eskaini zuen. Orokorrean, torturaren gaia landu zuen, Joxe Arregiren garaiko tortura kasuetatik hasi eta garai berriagoetako kasuetaraino: 2008ko urtarrilean atxilotuak izan ziren Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak aipatuz. Bereziki azpimarratu nahi izan zuen «tortura gehien ezkutatzen den krimena» dela.

Iñaki Egañak, Euskal Memoriako lehendakariak, Euskal Herriak torturatuak izan diren hamar mila pertsonen izenak bilduak dituztela azaldu zuen. Eta kasu guzti hauetan egondako «inpunitatea» azpimarratu; baita Arregiren kasuan egon dena ere. Torturaren ondorioz hildakoak izan diren hamazazpi kasuetan, «ez da inputaturik egon, zizurkildarraren kasuan izan ezik». Baina, kasu honetan ere lau hilabetera zigortuak izan ziren bi inputatu besterik ez ziren egon. Joxe Arregi hil ondoren Zizurkilen bertan ateratako argazkien ondorioz, bost polizia atxilotu zituztela ere gogorarazi zuen, baina, hauek ere otsailaren 23an, Espainian izan zen estatu kolpearen egunean, askatuak izan ziren. Egun haietako elkartasun «izugarria» ere azpimarratu zuen: Carabanchelen zeuden preso politiko guztiek gose greba burutu zuten eta Hego Euskal Herri osoan greba orokorra izan zen. Aurkako jarrerak ere izan ziren, ordea. Ekainean, Zizurkilen bertan Arregiri egindako omenaldian jarritako monolitoa «Guardia Zibilak apurtu» baitzuen. «denon aurrean».

Arregik, Etxeberriak eta Egañak hain konplikatua den gai honen inguruko argi itzalak azaldu zituzten. Eta atzo gaia jorratzen jarraitu zuten, 120 horas, tortura contra Euskal Herria dokumentalaren ostean, Lorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko kidearekin eta Idoia Muruaga Egiari Zor-eko kidearekin solasaldia izan zen. Igandera arte, beraz, torturaren salaketa egiten jarraituko dute Zizurkilen.

 

Koldobika Jauregik egin du igandeko ekitaldirako eskultura Entzun Ataria irratiak egindako elkarrizketa.

 
Igandean, hilaren 16an, izango da aste honi amaiera emango dion ekitaldi nagusia: Torturaren egia: itzaletik argira. Koldobika Jauregi alkizarrak duela aste batzuk jaso zuen ekitaldi honetarako eskultura nagusia egiteko enkargua.

Eskulturak «bi metro pasako altura» du, eta duela bi urte Barne kanta izenarekin egindako serie bateko hamabi lanetako bat da. «Bizi garen herrian egoera soziala halakoa zen, eta gai hau landuta nuen. Lan berri bat egin beharrean, eginda zegoen pieza bat erabiltzea» proposatu zien Jauregik antolatzaileei. Eskulturaren inguruan azaldu du Jauregik, goiko aldean leiho bat duela: «preso dagoen pertsona batentzat kanpoarekin duen lotura bakarra.Leiho hori askatasunerako aukera bakarra da». Sinbolismoz betetako lana da, beraz.
 
 

Torturaren aurkako astearen egitaraua:

Otsailak 14. Kontakizuna eta katarsia. Harkaitz Kano idazleak eta Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, parte hartuko dute. Nola gerturatzen da idazlea hain kasu lazgarrira? Nola jasotzen du familiak literatur lan hori? Atxulondo kultur etxean, 19:30ean.

Otsailak 16. Ekitaldi nagusia, 13:00etan, plazan.

Otsailaren 16ra arte. Mikel Egibar, torturatua izan zen zizurkildarraren margolanen erakusketa Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!