EHNEren Ardatza aldizkaria 500. zenbakira iritsi da

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko otsailaren 7a

EHNE sindikatuan ospakizun eguna dute gaurkoa. Ardatza aldizkariaren 500. zenbakia argitaratu dute, eta horregatik bildu dira Tolosako kultur etxean. Zoritxarrez lehen sektoreko arazoak aldizkaria sortu zutenean eta orain berdinak direla esan dute.

EHNE sindikatua 1981. urtean hasi zen batik bat bere bazkideei eta orohar sektorean lan egiten dutenei zuzendutako aldizkaria ateratzen, eta jada 500. zenbaki atera dituzte.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako albisteak jorratzen dituen argitalpen honen urteurrena ospatzeko Tolosako kultur etxean bildu dira, eta bertan Jose Antonio Gorbeak, UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko lehendakariak, hartu du hitza lehendabizi. Gorbeak zoritxarrez aldizkaria sortzerakoan zeuden arazoak ez direla konpondu esan du, eta algitalpenean lan egiten duten lau kazetarien lana txalotu du.

Ondoren, Garikoitz Nazabalek hitz egin du. Nazabal EHNEko exekutibako kideak eta Gipuzkoako EHNEko zuzendariak Ardatza xumea dela eta bitarteko gutxirekin egiten dela esan du, eta horrexegatik dela arro egotekoa 500. zenbakira iristea. "Xumea bezain autonomoa da, EHNE bezala", gaineratu du.

Era berean, "kosta ala kosta baserrien eta baserritarren defentsa egin nahi dugu", esan du. Eta sindikatuaren eta Ardatza beraren aldarrikapenerako izaera nabarmendu du. Bukatzeko baserriekiko, baserritarrekiko eta euren lanarekiko errespetua eskatu ditu.

Bukatzeko, Mikel Alzuartek bertsoak bota ditu.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!