Espainiako Gobernuak milioi bat euro ordaindu behar dio Tolosaldea Garatzeni

Tolosaldeko Ataria 2014ko ots. 6a, 12:47

Galder Azkue, Ibai Iriarte eta Joxe Luis Urdangarinek eman dute sententziaren berri
Tolosaldeko garapen agentziak Espainiako Gobernua salatu zuen Lehiberri zentroa finantzatzeko hitzartutako milioi bat euroko diru laguntza eman ez ziolako, eta Auzitegi Nazionalak arrazoia eman dio.

Espainiako Gobernuak bi milioi euroko diru laguntza agindu zuen Lehiberri zentroa finantzatzeko baina lehendabiziko milioia besterik ez zuen eman. Ondorioz, Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluak Espainiako Gobernua salatu zuen epaitegietan, eta Auzitegi Nazionalak arrazoia eman dio Tolosaldeko garapen agentziari. Ondorioz, Espainiako Gobernuak falta den dirua eman beharko du.

Ibai Iriarte Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak esan duenez, prozesua luzatu daiteke, hala ere, izan ere Espainiako Gobernuak 10 eguneko epea du sententzia honi helegitea aurkezteko, eta beraz auzia Auzitegi Gorenera eramateko. Honek asko luzatuko luke prozesua.

Aurrekariak

Espainiako Gobernuak 2010eko aurrekontuetan zehaztu zuen Lehiberri finantzatzeko partida bat, eta urte berean sinatu zuten hitzarmena Tolosako Udalak Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministeriotik milioi bat euro jasotzeko. Baldintza, inbertsioa urte hartan bertan egitea zelarik.

2011ko aurrekontuetan ere beste milioi bat euro aurreikusi zituzten, diru hori Tolosaldea Garatzenek jaso behar zuelarik. Hitzarmena ere sinatu zuten orduan. Baina diru hori da hain justu, iritsi ez dena, eta ondorioz, beste bide batzuk jorratu behar izan zituzten.

Diru laguntza hori ez jasotzeak ekarri duena da azkenean eskualdeko udalek 810.542 euro jarri dituztela, horietatik 525.000 euro mailegu bitartez, hasieran 335.542 euro jarri behar zituztelarik. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere 525.000 euro jarri behar izan ditu, diru laguntza jasoz gero itzuli egin behar den kopurua. 

Aurrera begira

Eusko Jaurlaritzak hasieratik aitortu zuen Euskadiko Zientzia eta Teknologia Plangintzan marraztutako estrategiarekin bat datorrela Lehiberri, eta hori dela eta Tolosaldea Garatzenek ezinbestekotzat jotzen du proiektua babestea eta baliabide ekonomikoak bermatzea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du diruz lagundu proiektua.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!