Azken urteotan hika-mika sortu duen gaia izan da, Tolosako inauterietan, zezen plazara saltoka sartzeko neurriena. 2011. urtean 6.000 euroko isuna jaso zuen udalak, Joko eta Ikuskizunen Lurralde Bulegoaren aldetik. Horrela, eta eremu itxietan gauzatzen diren jarduera guztietan bezala, jende kopurua mugatzera behartuta dago Tolosako Udala. Aurten nahiz datozen urteetan, beraz, neurriak hartu beharko dituzte txarangen atzetik saltoka sartu nahi dutenekin ere.
Igor Ezenarro festetako zinegotziak eta Jokin Monfort festa teknikariak azaldu dutenez, iaz gai horren inguruan antolatutako bileretan sei lagun inguru bakarrik elkartu ziren; aurten, berriz, 20 herritar bildu dira. Bide horretan, "hainbat urtetan gauzak begiratu gabe egin" izan direla nabarmendu du Monfortek: "Baina azken hamarkadetan gizartea bera aldatu den bezala, gauzak ere aldatu dira; tartean, neurriak eta neurri horiekiko gizartearen sentsibilitatea".
Horren harira, aurten beste zenbait urtetan baino ulermen handiagoa jaso dutela azaldu dute udal ordezkariek, eta bileretan neurri berriak proposatu dituzte herritarrek. Joko eta Ikuskizunen Lurralde Bulegoko arduradunekin azken bilera bat egitea falta zaien arren, "iazko sistematik ez da gehiegi aldenduko aurtengoa", izan ere, zezen plazako eserleku kopuruaz gain, hondarretan 500 lagun soilik egon daitezke une berean, txarangak, saltoka daudenak eta korrikalariak kontatuta.
Hartzen duten neurria hartzen dutela, hala ere, Igor Ezenarrok eta Jokin Monfortek herritarren erantzun ona eskatu dute: "Iaz sekulako ilara sortu zen hondarretara saltoka sartzeko txartelak hartzerakoan, baina gero, ia inor ez zen sartu txarangen atzetik saltoka. Egia da eguraldia ere ez zela bikainena izan iaz, baina halako polemika sortu ondoren, hartutako neurriei jendeak erantzutea nahiko genuke".
Sei leihatila Leidor aretoan
Iaz lehen aldiz eskaini zituzten, zezen plazako sarrerak, internet bidez; zerbitzariak, ordea, arazoak eman zituen, eta guztiak leihatilan jarri zituzten salgai. Horren aurrean, bigarren saiakera bat egingo dute eta sarreren %50 eskainiko dute sarean; beste erdiak, berriz, leihatilan jarriko dituzte.
Otsailaren 21ean, 09:00etatik aurrera, sarrerak erosteko aukera izango da, beraz, www.bibe.me atarian. Leihatilan, berriz, otsailaren 24tik 26ra bitarte eskuratu ahal izango dira zezen plazarako sarrerak, 16:00etatik 20:00etara bitarte. Leidor aretoaren kanpoaldean sortzen diren ilarak saihesteko, sei leihatila irekitzea erabaki dute, gainera, aurten.
Gogora ekartzekoa da, herritar bakoitzak 10 sarrera hartu ahal izango dituela, gehienez ere, egun bakoitzeko. Horren harira, "pedagogia pixka bat" eskatu diete herritarrei, eta norberak behar dituen sarrerak bakarrik hartzeko eskatu.
Azkenik, palkoetako sarrerei dagokienez, aurten ere zozketaren sistema erabiliko dute. Izen-ematea otsailaren 10etik 14ra bitarte egin ahal izango da, kultur etxean, 16:00etatik 20:00etara bitarte. Zozketa, berriz, otsailaren 14an izango da, 19:00etan, kultur etxean bertan.