Ideia berriak etorkizuna eraikitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko ots. 4a, 11:15

Tolosaldeko gazteak dira laurak, eta ausardia dute ezaugarri. Langabeziaren aurrean hainbat zirrikitu topatu dituzte, eta ideia berriek ireki dizkiete bideak. Bigarren eskua. jantzien eraberritzea nahiz markaren izaera ulertzeko begirada berri hauek etorkizunerako eredu izan daitezke.

Kale Nagusia biziberritzeko proiektu laudatuaren fruituetako bat da Lidia Hernandezen Zuzeu proiektua. Erabilera anitzeko dendak gustatu izan zaizkio beti, eta hemen oso ohikoak ez diren arren, Berlineko merkatuen eredua hartu du erreferentetzat.

Horrela, beraz, arropa bilketa arrakastatsua da, gaur egun, Zuzeuren bereizgarria; eta baita sare sozialetan duen arrakasta ere. Era naturalean elikatzen dituen arren, eskualdeko mugetatik harago eman du bere denda.

Olatz Arrospide leaburuarrak ere modaren bideak hartu ditu lan munduan sartzeko, O ala O proiektuarekin. Diseinu ikasketak amaitu zituen Madrilen, eta ez omen da sektore erraza, norbere herrian lana aurkitu nahi duenarentzat. Arrospidek ere, etorkizunari bestelako betaurrekoekin begiratu dio, ordea, eta krisi garaian neurrira egindako diseinuak saltzeko izango lituzkeen zailtasunak ikusita, arropa zaharrari azken joeren ukitua ematen die, artetsu.

Aipatzekoa da, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko diseinatzaileen lehiaketa batean parte hartu duela. Bederatzi hautatuen artean sartu ziren bere zirriborroak, eta ostegunean izango du desfilea, Bilbon.

Saririk garrantzitsuena epaimahaiak erabakiko duen arren, Facebook bidez bozka eman daiteke Olatz Arrospideren alde: bilatzailean O ala O sartu eta Arrospidek berak zehaztuta ditu horretarako argibideak.

Chroma, berriz, bestelako adarretatik hazten ari den egitasmoa da. Unibertsitate ikasketen ondorengo hutsune hori betetzeko sortu zuten Iker Alkortak eta Juan Urretabizkaiak, eta Lehiberriko haztegietan beren ideiak garatzeko laguntza ezinhobeto etorri zaie. Horrela, marka eta izaeraren esparruan aritzen dira, eskualdeko eskaintza osatuz.

Sarea, ezinbestekoa

Ekintzaile guztiek nabarmendu dute sare sozialen garrantzia, batzuen ustez erabilera neurtzekoa den arren. Norbere negozioaren informazio eguneratua eskatzen du publikoak, eta proiektuen balio erantsietako bat da internet.

 

 
 

 Lidia Hernandez. Zuzeu dendako arduraduna

«Denda hau orain eta 20 urte barru irekiko nuke»

Tolosa Merkat proiektuari esker, beti ireki nahi izan duen denda zabaldu du Lidia Hernandezek (Tolosa, 1986) Tolosako Kale Nagusian. Eskuz egindako koilareei gailendu zaie, bigarren eskuko arropa-trukea.

Nolatan abiarazi zenuen denda?

Lehen denda batean lan egiten nuen eta han nengoela proiektu bat bururatu zitzaidan. Niri erabilera anitzeko dendak gustatzen zaizkit: liburu eta diskoen trukea, bigarren eskuko arropa,... Ez dut ikasketarik eta bizitza bizi izan dut urte askotan. Lana, berriz, ostalaritzan egin izan dut beti eta nazkatuta nengoen. Orduan, Tolosa Merkat ikusi nuenean, nire aukera izan zitekeela pentsatu nuen: ideia zaparrada egin, eta hainbat gauza burutik kendu nituen, lekuak ez baitu gehiagorako ematen. Baina bigarren eskukoa ez nuen krisiagatik egin; denda hau orain eta 20 urte barru irekiko nuke. Bigarren eskuko gauzak beti gustatu izan zaizkit eta horregatik aprobetxatu nuen aukera. Azken unean, gainera, lanik gabe geratu nintzen eta, gehiago landu nuen proiektua, 'superproiektu' bat izan zedin.

Denda berezia da zurea.

Gauza asko egin nahi ditut, baina oraindik erdiekin ere ez naiz hasi. Hasieran ideia espazio ireki bat sortzea zen, jendeak bere gauzak saldu ahal izateko; Herriko armairu modukoa da denda. Gazteagoa nintzenean lagun baten etxera joaten nintzen beti, eta janzten ez zuen arropa mordoa zuen hark, oso polita. Beti pentsatzen nuen, jende askok erabiliko zukeela arropa hura. Bada, ordea, gure gauzekiko maitasun sentimendu hori, eta ez du zentzu handirik, neronek ere egiten dudan arren. Horregatik, jendeak erabiltzen ez duen arropa hona ekarri nahi nuen.

Arrakasta izan du zure ideiak.

Ez dakit arrakasta den, baina harrera oso ona izan du. Hilabetero soldata ateratzeko adina ematen dit, eta horrekin pozik. Tolosan 'pijo' samarrak gara, gainera, eta oso ondo datorkit, arropa oso ona iristen baitzait. Eta gero eta jende gehiago etortzen da, bai ahoz ahokoagatik, bai Facebook-arengatik ere.

Jarraitzaile mordoa duzu, ezta?

Bai, baina Facebook-ek ez du dirurik ematen; publizitaterako bidea da, batez ere, gazteak erakartzeko. Nire Facebook pertsonalean koilareak jartzen hasi nintzen, eta orduan Zuzeu orria sortzea erabaki nuen, dendari begira. Orain nire Facebook pertsonala ez dut erabiltzen, gaur egun nire lana nire bizitza delako.

Koilareak eskuz egiten dituzu.

Eta kasualitatez. Langabezian geratu nintzen denda ireki aurretik, eta zerbait egiten hasi nintzen. Argazki bat zintzilikatu eta jende asko koilareak eskatzen hasi zitzaidan. Lanik gabe nengoenez saltzen hasi eta ideia gehiago garatzen hasi nintzen.

Kale Nagusia ere erabiltzen duzu erakusleiho moduan.

Bai, nire goizeroko lana da, eta interneten jendeak gustuko duela ikusita, egiten jarraitzen dut, manikiak kalean jarriz. Kanpoko jendea ere erakartzen dut, gainera, eta hori da gehien pozten nauena; Donostiatik jendea Kale Nagusiko Zuzeuren bila datorrela ikustea zoragarria da. Gainera, nire iruzkinen bidez kanpotarrei herria ezagutzeko bideak ematen dizkiet. Gazteagotan ez bezala, gero eta gustorago bizi naiz Tolosan, eta horretan nabaritzen dut.

Negozio batek harrera ona izateko balio erantsi bat behar al du?

Noski, berritu ala hil. Ez nuen sekula pentsatuko nire denda propioa izango nuenik, baina orain badudanez, jendeari izaera desberdin hori gustatzen zaiola ikusi dut.

Zein gomendio emango zenieke zu bezalako gazteei?

Beren kontura lan egin dezatela, enpresa batek lana eskaintzeko zain egon gabe. Zoriontsugoak izango dira, gustoko duzuna zure erara egiteak sekulako abantailak baititu. Unibertsitatera joaten da jendea, joan egin behar delako, baina gaur egun ez du asko balio, zoritxarrez. Garai hobeak etortzea espero dut.

 

Olatz Arrospide. O ala O dendako arduraduna

 

«Argi izan behar da zer egin nahi duzun, eta ausarta izan behar da»

Moda ikasita, negozio bat abiaraztea erabaki zuen Olatz Arrospidek (Leaburu, 1989). Hilabete inguru darama Laskurain kaleko dendan.

Nola sortu zitzaizun ideia?

Iaz ikasketak amaitu eta beste enpresa batean lan egin nahi nuen. Horretarako, ordea, kanpora atera behar da; argi neukan Tolosara itzuli nahi nuela. Orduan, ni zerbait egiten hastea erabaki nuen; pixkana hasi nintzen, aitaren bultzadarekin.

Ez da erraza modan txoko bat aurkitzea, ezta?

Enpresa batentzat lan egin nahi baduzu, Galizia, Madril edo Bartzelona bakarrik dituzu. Hortik aurrera, norberak bere bidea ireki behar du.

Zertan aritzen zara?

Neurrira egindako diseinuak eta konponketak egiten ditut. Betiko konponketez gain, ordea, arropa zaharrak hartu eta berritu egiten ditut. Amonaren arropa pilo bat baserrian aurkitu, eta guretzat eraldatzeko ideiarekin hasi zen guztia.

Lehiaketa batean parte hartu duzu, ezta?

Bilbon lehiaketa bat antolatu zutela ikusi nuen, erkidegoko diseinatzaile gazteen artean; 9 hautatuen artean sartu ninduten. Ostegunean desfilea izango da, eta irabazleak erkidegoa ordezkatuko du Espainia mailako lehiaketan. Hori irabazten duenak 2.000 euroko laguntza eta Parisko (Frantzia) azoka batean parte hartzeko aukera irabaziko ditu.

Krisi garaian negozio bat nola ireki ote dezakezun galdetuko zizun jende askok, ezta?

Bai, bai. Nik neurria egindako jantziak soilik egin nahi nituen, baina jendeak arropa berria erosteko dirurik ez du gaur egun; horregatik erabaki nuen eraldaketetan hastea.

Zaila izan da guztia abiaraztea?

Paper eta dokumentuak egitea bai: autonomoa izan behar da eta, horretarako, nolabait, ausarta izan behar duzu. Laguntzaren bat jaso dut gaztea izateagatik, baina ez gehiegi. Zailenetakoa, hala ere, negozioa ezagutzera emate hori da.

Webgunerik baduzu?

Ez, baina aurrerago sortuko dut, kolekzio osatuago bat behar baitut horretarako. Facebook-en bitartez lortu dut eskualdeko muga hori pasatzea, eta jendea etorri izan zait kanpotik; poztekoa da hori.

Harrera ona izan duzu, beraz.

Komertzio berria izateko jendeak ondo erantzun du oraingoz. Gainera, asko harritzen dira sartu eta gaztea naizela ikusitakoan. Ezin naiz kexatu, oraingoz, behintzat, badaukadalako zerbait.

Zer gomendatuko zenieke negozio bati ekin nahi dioten gazteei?

Argi izan behar da zer egin nahi duzun, eta ausarta izan behar da. Nik uste dut hori dela gakoa, eta baita atzean laguntza izatea ere, noski.

 

Iker Alkorta eta Juan Urretabizkaia. Chroma Branding-eko kideak

«Langabezian etxean egotea baino hobea da lanerako aukera bat sortzea»

Iker Alkortak (Ibarra, 1990) eta Juan Urretabizkaiak (Tolosa, 1990) elkarrekin ikasi zuten diseinu ingeniaritza. Lehiberriko haztegian ari dira orain, Chroma Branding enpresa garatzen.

Nola sortu zenuten Chroma?

I.A.: Diseinu industriala eta produktu garapeneko gradua ikasi genuen. Ingeniaritzako irakasgaiez gain, marketin eta diseinu grafikoko gauzak ere ikasi genituen, eta hor deskubritu genuen branding-a zer zen.

J.U. Eskualdean diseinuaren alorrean espezializatutako enpresa asko ez zeudela ikusi genuen, eta lan-irtenbide moduan egokia zela ikusi genuen.

Zer da, zehazki, branding-a?

J.U. Marka bat inguratzen duen guztiak mezu bera transmititzea da gakoa, bai irudiaren eta baita baloreen aldetik ere.

I.A. Enpresa batek balore batzuk baldin baditu, branding-aren bitartez balore horiek plazaratzen dira, jendearengana heltzen dira.

Lehiberriko haztegietan ari zarete orain. Ideia hortik etorri zen?

I.A. Gure gisara zenbait lan garatu genituenean, Tolosaldea Garatzenera jo genuen, eta aurkezpen bat egiteko esan ziguten.

J.U. Leku fisikoa dugunez geroztik hobekuntza nabaritu dugu. Abantaila handia da lanerako, eta bezeroekin biltzerakoan itxura serioagoa ematen duzu.

Gazteak zarete negozio bat hasteko; gaur egun ez da ohikoena.

J.U. Orain arte enpresa bat irekitzen zuena helduagoa izaten zen, esperientziaduna. Gu bokazioz ez gara ekintzaileak, eta egokitu zaigun egoeragatik eman dugu pausoa.

I.A. Merkatuan leku bat egin dezakegula uste dugu, baina unibertsitatean ez genuen honekin pentsatzen; denok bezala, enpresa batek lana emango zigula pentsatzen genuen. Baina enpresa sortzea ez da buruhaustea izan: ia ez genuen hasierako inbertsiorik egin eta, gainera, hemen egoteko laguntza dugu.

J.U. Langabezian etxean egotea baino hobea da, behintzat, lanerako aukera bat sortzea.

Orain zuen enpresa izanda, beste norbaiten langile izan nahiko zenukete?

J.U. Alde onak eta txarrak ditu. Nola lan egin nahi duzun aukeratzen duzu, baina dena zure esku dago: kudeaketa ekonomikoa, Facebooka elikatzea,...

I.A. Soldata zehaztik ere ez duzu, eta behar bada gaur ondo zaude baina bihar ez.

Gazte ekintzaileentzako gomediorik baduzue?

J.U. Etxean geratzea baino hobea da, esan bezala, aukera bat sortzen saiatzea. Inbertsio handirik egin gabe bide asko ireki daitezke, eta etorkizun batean gure negozioa gaizki joango balitz, ez nuke porrot moduan ikusiko. Saiatu egin gara, eta lorpena izan beharko luke horrek.

I.A. Asko ikasten ari gara lanean, gainera, eta aurrerantzean ere, ikasten jarraituko dugula pentsatzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!