Leidor txiki geratu da, erabakitze eskubidearen alde

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko otsailaren 1a

'Gure Esku Dago' egitasmoa aurkezteko saioak sekulako harrera izan du Tolosaldean, eta eskuz esku helduta amaitu dute saioa, ikus-entzule guztiek.

Ekainaren 8ra begirako egitasmoa da Gure Esku Dago. Egutegiko data horrez harago, ordea, askoz ere gehiago esan nahi du 2014ko ekainaren 8ak Euskal Herrian: erabakitze eskubidearen aldeko giza-katea egingo dute Iruñea eta Durango artean. Ekimena herriz herri aurkezte lanetan, Tolosaldeko oholtza Leidor izan da gaur, eta aretoko 800dik gora eserleku txiki geratu dira.

Espainiako Konstituzioa aipatuz ireki du saioa aurkezleak, erabakitze eskubideari dagokion artikulua gazteleraz irakurriz. Dantzariek hartu dute taulagaina ondoren, eta haur, gazte, heldu nahiz zaharrek hiru hitzen bueltan hamaika adierazpen gauzatu dituzte: anzterkia, gorren hizkuntza, dantza, bertsolaritza,... Tolosaldeko 50 hautetsitik gora ere elkartu dira egitasmoaren helburuak babeste aldera.

Euskal herritarrekin batera, gainera, euskaldunen erabakitze eskubidearen aldeko hainbat atzerritarrek parte hartu dute jaialdian, Gure Esku Dagoren aldeko aldarriak luzatuz: Kanariar Uharteak, Senegal, Argentina, Herrialde Katalanak, Sahara, Txile, Extremadura, Bolivia,...

Horrela, beraz, eta ekainaren 8ko giza-katera iritsi aurretik, pausoz pauso eskualdea saretzen joatea da hainbat sentsiblitate politikotako antolatzaileen asmoa. Bide horretan, martxoan Gure Esku Dago astea antolatuko dute, besteak beste. Gaur Leidorren ikusitakoarekin, zalantzarik ez Tolosaldeko herritarren esku ere badela zerbait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!