Hondakinen %43 birziklatze bidean, azken 6 hilabeteotan

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 30a, 13:00
Tolosaldeko biztanleria igo egin den arren, hiri hondakinak murriztu egin direla azaldu dute.

Pozik azaldu dira Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkari Amaia Azkue eta mankomunitateko teknikari Gemma Ezeiza, 2013ko datuei begira. Urtea «emankorra» izan dela azpimarratuz, eskualdeko datuak plazaratu dituzte. Besteak beste, Tolosaldean azken sei hilabeteotan sortutako hondakinen %43 birziklatu egin dutela nabarmendu dute.
Amaia Azkue eskualdea zero zabor bidean jartzearen onurei begira jarri da agerraldian: «Helburua beti bera da: ahalik eta gehien gaika sailkatu eta birziklatzera bidaltzea». Gauzak horrela, 2013a «urte aktiboa» izan dela azaldu du Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak.
Batetik, pasa den maiatzean egindako sentsiblizazio kanpainak arropa nahiz ontzi arinen bilketa areagotu duela azaldu dute.
Era berean, konpostatze kanpainak ere fruituak eman ditu eta, 2013an, 2.000 familiek bat egin dute etxeko hondakin organikoak autogestionatzeko sistemarekin; 2014an beste 1.262 konpostagailu jarri nahi dituzte.
Azkenik, Tolosaldeko birziklatze tasen hobetzea atez atekoarekin ere lotu dute: gaur egun 6 herritan darabilte gaikako bilketa sistema, eta Ibarra izango da zazpigarrena.

Biztanleria gora, hondakinak behera
Eskualdeko biztanleria datuak emanez hasi da Gemma Ezeiza. 2012. urtean Tolosaldean 60.725 biztanle baldin bazeuden, 2013an igo egin zen zenbakia: 61.114 biztanle ditu eskualdeak, beraz. Hala ere, eta «azken urteotako joerari eutsiz», hondakinen sorkuntza jaitsi egin da %7: «1.667.000 kilo gutxiago sortu ditugu Tolosaldean».
Hondakin tona eta erdi inguru hori biztanle bakoitzarentzat zenbateko hondakin kopurua den ere zehaztu du teknikariak: «Batazbeste, 2013. urtean 397 kilo hondakin sortu ditu herritar bakoitzak; horietatik 156 kilo gaikako bilketaren bitartez berreskuratu ditugu, eta 242 kilo, berriz, zabortegira bideratu dira».
Eskualde osoa kontuan hartuta atez ateko sistema ekainean hasi zenez, organikoa lehenago biltzeko aukerarik ez da sekula izan. «Aurrerapauso handia» eman dela azpimarratu dute, hala ere. Bide beretik, ontzi arinen bilketa %28,2 igo dela nabarmendu dute, eta atez atekoari nahiz sentsibilizazioari egotzi diote igoera.
Halaber, arroparen edukiontziaren erabilera ere nabarmen igo da pasa den urtean: %14 igo da berrerabili eta birziklatzeko arropa kopurua.
Azkenik, beiraren bilketa azaldu dute. 1980ko hamarkadaz geroztik biltzen da eskualdean, eta erabilera «ona» izan da beti. Hala ere, %2,4 igo da, 2013an, beiraren bilketa.

«Errefusa %25 bakarrik»
Zazpi hilabeteko epea soilik baloratu ahal izan du, mankomunitateak, atez ateko bilketari dagokionez, baina datuak «oso onak» direla nabarmendu dute pozik. «Sistema honekin lanean hasi zirenez geroztiko batazbestekoa ateraz gero, hondakinen %75 bideratzen da birziklatzera». Horrenbestez, zabortegira %25 eramaten dute.
Atez ateko sistema darabilten herrietako hondakinen %75 hori, honako gaiek osatzen dute: organikoak %49,2 edo 470 mila kilo; ontzi arinak %16,5 edo 157 mila kilo; eta, azkenik, papera %9,4 edo 89.460 kilo.
Horrenbestez, eta atez ateko bilketa ezarri zenetik hona, Tolosaldeko hondakinen %43a bideratu da birziklatzera, eta bide horretan jarraitu nahi dute, «ondorengoei etorkizun hobea uzteko».

 

 

 

Datuak (2013)

  • Birziklapen maila: %39,2.
  • Herritar bakoitzak urtean sortutako zaborra: 397 kilo; 156 kilo gaikako bilketan jasoa eta 242 kilo zabortegira isurita.
  • Ontzi arinen sailkapena: %28,2 igo da.
  • Arroparen edukiontziak: %14 igo da arropa kopurua.
  • Atez ateko herrietako birziklatzea: %75a, beraz, %25 bideratzen da zabortegira.
    Kopuru honetatik %49,2 (470 mila kilo) organikoa, %16,5 ontzi arinak (157 mila kilo), eta %9,4 papera.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!