40 gazteen akusazioetan "prozedura antikonstituzionalak" daudela defendatu dute auzipetuen abokatuek

Ataria 2014ko urtarrilaren 30a

Amaitu da gaurko gazte independentisten aurkako epaiketa. Fiskala eta Dignidad y Justicia aritu dira euren ondorioak epaileari helarazten. Ondoren, defentsako abokatuek egin dute. Bihar 10:30ean jarraituko dute, eta otsailaren 4ra arte luza daiteke.

Gazte mugimenduaren aurkako epaiketa luzatzen ari da. Hasieran gaur bukatuko zela pentsatu zen, atzo bihar arte luzatuko zela esan zuten, eta azkenean, badirudi datorren astera arte luzatuko dela, eta baliteke otsailaren 4an amaitzea.

Atzo fiskalaren txanda izan zen eta bere ondorioen berri eman zuen, 20 auzipetuen aurkako ondorioak, hain zuzen, tartean Aritz Lopez tolosarrarenak eta baita Mikel Ayestaran billabonatarrarenak ere. Ayestaranek gaurko saiora bidean zegoela Atariari esan dionez, "6 urteko akusioa oinarritzen da Gazte Asanbladan Segiko kide desdoblatua izatean. Ez dago inolako argudiorik, fiskalak eta poliziak eraikitako akusazioa besterik ez da, eta hori babesteko frogarik ez dute, eta beste kideen artean lortutako frogak torturapean lortutakoak dira". Aritz Lopez tolosarrarentzat ere akusazioa bera da.

Fiskalak gaur amaituko du bere ondorioak azaltzen, oraindik beste 16 gazteenak falta baitira, eta ondoren, Dignidad y Justicia akusazio partikularraren txanda izan da. Gazteen defentsak, berriz, "prozedura antikonstituzionalak" izan ote diren galdegin du. Gainera, auzipetuei "militantzia aktiboa" ezin zaiela egotzi defendatu dute abokatuek, "deliturik ez duten ekintzak direlako".

Urrian hasitako epaiketa

Epaiketa urrian hasi zen, eta denbora honetan guztian gazteak presiopean eta Madril eta Euskal Herria arteko bidaiak egiten aritu dira, "egoera gogorra" Ayestaranek esan duenez. "Honek ekarri duena da denbora luzean epaiketari begira egon beharra, azkenean ez zaude ez herrian, ez lanean eta ez ezer, eta horrek eragin handia izan du pertsonalki, nekea nabaritzen dugu, batez ere", esan du.

Euskal Herritik elkartasun mezuak jaso dituzte, hala ere: "Indar handia ematen du horrek, eta erakusten duena da ez dela 40 gazteren kontrako epaiketa bat,  baizik eta proiektu eta herri baten kontrako epaiketa bat baizik. Indarra ematen du hona etorri eta aurrera jarraitzeko".

Zentzu honetan, bihar 19:00etan Villabonako Subijana Etxean elkarretaratzea egingo dute herritarrek auzipetuei babesa emateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!