Udalek eta ikastetxeek bat egin dute Sahararekin

Asier Imaz 2014ko urt. 23a, 10:31
Alegiako Udalak Elkartasunezko Karabanarekin bat egiteko eskatu die herritarrei, hilaren 31 baino lehen

Eskualdeko gizarte eragile ugarik egin dute jada bat Elkartasunezko Euskal Karabanarekin, Tolosaldea Sahararekin Elkarteak azaldu duenez. Udal eta ikastetxeentzat urteroko erronka bilakatu da Sahararekiko elkartasuna. Horren adibide da Alegiako Udala. Gizarte zerbitzuetatik herritarrei deialdia zabaldu diete, saharar errefuxiatu kanpamentuetarako laguntza emateko eskatuz. Urtarrilaren 31 baino lehen edukiko dute horretarako aukera. Produktuak biltzeko bi gune jarri dituzte Alegian: Udaletxeko Gizarte zerbitzuetako bulegoa eta San Juan Eskola. Udaletxean asteartetik ostiralera egongo da aukera, 09:00etatik 13:00etara. Bere ekarpena ikastetxean egin nahi duenak, eskolako ordutegian egin beharko du.

Produktuei dagokienez, Tolosaldea Sahararekin Elkarteak urteroko zerrenda zabaldu du eskualdeko herri eta ikastetxeetan. Elikagaiek, garbiketa produktuek eta eskola materialek osatzen dute zerrenda hori.

Erantzunarekin «gustura»

Elkartasunezko Euskal Karabanak orain arte jasotako erantzunarekin gustura agertu dira Tolosaldea Sahararekin Elkarteko kideak, nahiz eta balantzeak egiteko oraindik goiz dela esan. Udal eta ikastetxeen inplikazioa nabarmendu nahi izan dute: «Batzuk oso barneratuta dute bilketa, eta guk ezer esan aurretik, euren lanketa martxan jartzen dute. Guretzat hori oso pozgarria da, Sahararekiko elkartasuna oso barru-barruan dutela erakusten baitute. Maila horretara iristea lehen esan bezala, guretzat oso pozgarria eta oso garrantzitsua da».

Bizi diren garaietan jendeari eskean ibiltzea ez dela erraza diote Tolosaldea Sahararekin Elkarteko kideek, baina egoera oso txarra izan arren, kanpamenduetan oraindik eta larriagoa dela nabarmendu dute. Ondorioz, gehiago edo gutxiago bildu, elkartasuna beti izango dela garrantzitsua esan dute elkartetik.

2005ean jarri zen martxan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan elkartasun karabana. Tolosaldean duela bi-hiru urte jauzi bat eman zuten: eskolako materiala biltzen hasi ziren. Arrazoia bertan eraikitako ikastetxea da. Tolosaldea Sahararekin Elkarteak Miyick herrian, Mauritaniarekin mugan, eskola bat eraiki zuen duela urtebete. Euskal Herria izena du ikastetxeak, eta bildutako materiala bertara bidaltzen dute. «Orain arte ikastetxeetako mantenurako bidaltzen genuen dirua. Baina Sahara aske batean hor egongo den zerbait eraikitzeko helburuz, ikastetxea eraikitzea posible dela ikusi genuen. Aipatu, helburu horretarako diru bilketa gehiena Laskorain Ikastolari esker izan dela, eurek antolatzen duten Merkatu Txikia izan baita azpiegitura horren oinarria».

Tolosaldean bildutako eskola materiala eta beste produktuak urtarrilaren 31n Donostiara eramango dituzte. Gipuzkoako herri guztietakoekin batera, ondoren, kamioietan sartu eta Alacantera (Herrialde Katalanaká). Bertan itsasontzia hartu eta Argeliara joango dira. Saharako txoferrek bertan hartuko dituzte kamioiak, kanpamentuetara eramateko. Ondoren, azken fasea banaketarena izango litzateke.

Udalek eta ikastetxeek egin duten ahalegina gizarteko edonork egin dezakeela esan dute Tolosaldea Sahararekin Elkartetik. Norbanakoek ere ekarpena egin nahi baldin badute, eta nora eman ez baldin badakite, eskualdeko elkartearekin harremanetan jartzea nahikoa izango dute. Horretarako, 686 84 72 65 telefono zenbakira deitu behar da, eta bertan esango die zer egin dezaketen bildutako produktuekin, eta nora eman ditzaketen.

 
 

IRITZIA

ION DIAZ AZKOLAIN |TOLOSALDEA SAHARAREKIN ELKARTEKO KIDEA

Irailean, Hegoa Institutuko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile talde batek 1976tik desagertuta zeuden 8 beduinoen gorpuzkinak, tartean adin txikiko bi, aurkitu zituzten bi hobi komunetan Fadret Leguiaa herrian Mendebaldeko Saharan. Guztiak Marokoko armadak desagerrarazitako sahararren lehen probak dira.

37 urte beranduago, gertatukoaren egia azaleratzeaz bat, euren senitartekoek beraien sinismenen araberako azken agurra emateko modua izan dute. Proiektuak, Euskal Fondoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza izan du.

Ikerketa, Carlos Martin Beristain medikuak osaturiko Oasiaren memoria txosten mardularen eta beduino batek txiripaz topaturiko hainbat hezurren aurkikuntzatik abiatzen da. Oasiaren memoria txostenak, urtetan eta urtetan, hainbat eta hainbat sahararrei, 260 ingururi, Marokoko erregimenak eragindako giza eskubideen urraketa larrien kontakizuna jasotzen du.

Gorpuzkinak hobietatik atera baino lehen, senideen lekukotzak jaso ziren. Kontakizun lazgarri horietan jasotako sentimenduak eta Gerra Zibilean edo Txileko diktaduran desagerrarazitakoen senideenak berberak dira. Eta bitxia da, pertsona horiek ez dutelako elkar ezagutzen, eta ez dutelako gai honi buruz ezer ere irakurri. Pertsona horiek guztiek diotenez, desagerrarazitako pertsonen kasuan, injustizia bikoitza da, senideak ez-jakitearen biktimak ere badirelako. Ikuspuntu interesgarria da: gaur egun Nazio Batuen Erakundeak dio desagertutakoa ez ezik, haren senideak ere biktimak direla, eta ziurgabetasuna, ez jakitea, ere tortura dela.

Marokok berriz, oso erantzun epela eman du, nahiz eta senideekin hitz egiteko prest dagoela esan duen. Espainiar estatuko agintariei dagokionez, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketei buruzko auzia lozorroan mantentzen dute Auzitegi Nazionalean. Ez dezagun ahaztu hildakoek espainiar herritartasuna zutela, eta hil zituztenean Espainiaren jurisdikziopean zeudela. Espainiak Mendebaldeko Saharatik alde egin baino egun batzuk lehenago desagertu ziren.

Aurkikuntza hauek, zientziaren ikuspegitik edo politikatik baino giza eskubideekiko interesetik aztertu nahi izan ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Testuinguruak alderdi politiko nabarmena du. Blokeo egoeran dago Mendebaldeko Saharako prozesua, baina giza eskubideen ikuspegiak gatazka politikoari irtenbidea bilatzeko ere balio dezake. Balio behar du esateko ez dela onargarria sahararren giza eskubideen aldeko erakundeak legez kanpo egotea. Ez dezagun ahaztu Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Saharan hedaturik duen Minurso misioa, munduan zehar hedaturik dituenen artean, giza eskubideei dagokionez eskuduntzarik ez duen bakarra dela, horregatik, bakea egiaztatzeaz gain, giza eskubideei buruzko eginkizun berezia emateko ere balio beharko luke. Eta balio beharko luke, baita ere, basamortuko oasi hau itsaso bihurtzeko eta egia, justizia eta memoria Mendebaldeko Saharako azken muturreraino hedatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!