Maddi Amondarain hirugarren, Gipuzkoako Trofeoan

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 20a, 12:05
Oriako-Limousin taldeko txirrindulariak pistako denboraldian murgildurik daude buru belarri, neguko prestaketa moduan. Bederatzi asteburuetan ospaturiko lasterketez osaturiko Gipuzkoa Trofeoan emaitza bikainak lortu dituzte, eta bertan etorri da taldearen lehen podiuma ere.

Azken lasterketara sailkapen nagusian lider moduan iritsi zen Maddi Amondarain ibartarra, nahiz eta azken asteburu honetan urduritasunaren erruz hirugarren postuan sailkatu. Parte hartzaile kopuru altua zela eta, bi taldetan banatuta ospatu zituzten lasterketak. A taldean zegoen mailarik altuena, eta bertan ateratzen zen Amondarain, bere adin bereko mutilekin batera, nahiz eta bere mailako neska batzuk B taldean ateratzen ziren.  “Entrenatzaileari,  familiari, Oriako-Limousin taldeari eta lasterketaz-lasterketa animatzen egon diren guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke” aitortu du Amondarainek.

Honetaz gain, txapelketa honetan zehar lehenengo hiru sailkatuetan mantentzea lortu du, eta bere maila onaren seinale, Gipuzkoako federazioak Burdeosera eraman zuen lasterketa batzuetan parte hartzera. Bertan Danesa proban lehen postua lortu zuen, eta Puntuazio proban, bigarren postua. Neskei dagokienez, Irati Astarloa kadete mailara pasa berria da eta bere lehen urte honetan bederatzigarren postua lortu du. Naia Gabilondo donostiarra Oriakon sartu berria da, bera ere lehenengo urteko kadetea, eta 13. postuan amaitu du txapelketa.

Mutilei dagokienez, kadete mailan lehen sailkatua Aitor Zurdo izan da, beti lehenengo 10 postuetatik gora mantendu dena. Beragandik gertu Unai Iribar zegoen, baino hainbat lasterketetan ezin izan zuenez parte hartu, honek punturik ez lortzea ekarri zuen eta 26. postuan sailkatu da azkenean.
Honakoa da kadeteen sailkapena:

-    Aitor Zurdo 6
-    Jon Gorostidi 10
-    Asier Ayerza 10
-    Telmo Gartzia 19
-    Jokin Odriozola 23
-    Unai Iribar 26
-    Manex Irazusta 29
-    Eneko Arreseigor 36

Jubenil mailan Oriakoko gehiengoa lehen urtekoa da, baina hala ere lasterketa oro borrokatzen jardun dira. Honakoa da sailkapena:

-    Aitor Irazu 19
-    Xabier Contreras 23
-    Asier Arocena 24

Amaitu da Gipuzkoako Torneoa, baina honekin ez da pistako denboraldia amaitu. Datorren asteburuan, hilaren 26an, taldeen arteko Gipuzkoako Kopa jokatuko da, eta otsailaren 1 eta 2an pistako Gipuzkoako Txapelketak.

Orain arte jokatutako proba guztietan bezala, Oriakoko neska mutilak gogor arituko dira posturik onenak lortu eta gainerakoei lana zailtzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!