Gainerako eskualdeekin alderatuta, parekidea den osasun zerbitzu publikoa eskatzen jarraitzen du TOPAk

Ataria 2014ko urtarrilaren 18a

TOPA koordinakundeak, 2013ko azaroaren 18an Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean defendatutakoaren berri eman die Tolosako kultur etxean elkartu direnei. Eta Tolosaldeko EAJk egin dituen adierazpenen gaineko balorazioa ere egin dute.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak batzarra egin du gaur eguerdian Tolosan, eta herritarrek bikain erantzun diote, beste behin, deialdiari.

Aretoa jendez betea da koordinakundeko kideen azalpenak entzuteko. Alde batetik, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldia azaldu dute, eta bestetik, pasa den astean Tolosaldeko EAJk egin zituen adierazpenen gainean aritu dira. Eusko Legebiltzarreko agerraldia pasaz geroztik, bi hilabete diren honetan, "oraindik inor" ez dela beraiekin harremanetan jarri salatu dute.

Ia hiru urte betetezear ditu koordinakundeak, eta hasiera-hasierako helburu berberekin jarraitzen dute. Nabarmendu dute, behar-beharrezkoa dela "herritarrak mugitzea"."Gure diru publikoa ezin da esku pribatuetan utzi, eta borrokan jarraitu behar dugu", nabarmendu dute. Beste behin, Tolosaldea eskualde bakarra dela osasun zerbitzu publikoa ez duena ekarri dute gogora.

 

Bertaratuek, galderak egiteko aukera izan dute zalantzak argitu ahal izateko, eta baita aurrera begirako pausuak zeintzuk izan beharko liratekeen zehazteko ere.

Informazio gehiago nahi duenak, http://osasunpublikoa.blogspot.com.es helbidean du informazio guztia eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!