Haritz Lopez tolosarra tartean zen hitzaldia eten behar izan dute Madrilen, bonba mehatxuagatik

Asier Imaz 2014ko urt. 16a, 19:04
'Libre! Epaiketa politikorik ez!' ekimenaren barruan hitzaldia ematen ari ziren zazpi euskal gazte Madrilgo Complutense unibertsitatean. Bonba mehatxu baten ondorioz, hitzaldia eten eta historiako fakultatea hustu egin dute. Madriletik azaldu dutenez, azken egunetan, hainbat komunikabide eskuindarretan hitzaldiaren berri eman dute, eta ondoren, "AVTren eta ultra eskuindarren eskutik errektoretzan presio handiak jaso dituzte".

Haritz Lopez tolosarra 17:30ean hitzaldia eskaintzekoa zen Madrileko Complutense unibertsitatean. Yesca, Izquierda Castellanako gazte mugimenduko kideek antolatu dute hitzaldia. Lehenik eta behin, historiako fakultatea pintadaz beterik agertu da, "Muerte a los batasunos!" eta antzeko esaldiekin. Ondoren, Haritz Lopezek esan duenez, AVTrekin lotura zuen jendea agertu da, nahiz eta beraiek barruan zeudenez, ez diren horretaz jabetu. Hitzaldia bere orduan hasi da, baina 18:15ak inguruan, poliziak historiako fakultatea hustu du, bonba mehatxu bat medio. Une horretan hitzaldi gelan zazpi euskaldun eta ehun entzule zeuden. Gazte auziperatuen artean Lopez tolosarra zegoen. Aretoan zeudenekin batera, fakultate osoko ikasle eta irakasleak atera dituzte kanpora. Une honetan euskaldunak gaua bertan pasatzeko prestatzen ari dira, bihar goizean epaiketaren beste saio bat izango baitute Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Gertaera honen aurrean, Haritz Lopezek zera azaldu du: "Aste guztian gazteen ahotsa isilarazten saiatu dira handik eta hemendik, eta bonba mehatxuarekin ere gauza bera egiten saiatu dira, baina ez dute lortuko!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!