Ikastetxeak sexuaren araberako rolak gainditzeko lanean

Asier Imaz 2014ko urt. 16a, 08:36
Tolosako Orixe institutuan Eusko Jaurlaritzaren hezkidetza plana jarri dute abian aurtengo ikasturtean. Lehen urtearen helburua hiru urteko plangintza bat garatzea da.
Eusko Jaurlaritzak hezkidetza plana jarri du martxan aurtengo ikasturterako 50 eskoletan. Eskualdean Adunako eskolan, Tolosako Orixe institutuan eta Alegiako Aralar ikastetxean hasi dira plangintza lantzen.

Ikasturte honetan genero indarkeriari aurre egiteko plana jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 50 ikastetxe ari dira hezkidetza plana proban jartzen. Eskualdean hiruk jarriko dute egitasmoa martxan: Alegiako Aralar ikastetxeak, Adunako Herri Eskolak eta Tolosako Orixe Institutuak.

Cristina Uriarte sailburuak, planaren aurkezpen ekitaldian, helburu nagusia zein zen horrela esan zuen: «Sexuaren araberako estereotipo eta rolak alde batera uztea». Eusko Jaurlaritzako ordezkariak sexu joerengatik ikasle batzuk «bazterkeria» jasaten dutela nabarmendu zuen, eta egitasmoa, horri aurre egitera datorrela aldarrikatu zuen.

Hezkidetza planean parte hartzen ari diren ikastetxeek baliabideak, aholkularitza eta laguntza jasoko dituzte, hezkidetzan eta genero indarkeriaren prebentzioan aritzeko. Zentroetan plangintza aurrera eramateko arduradunak jarri dituzte, eta hauek ere trebatuak izaten ari dira formakuntzaren bidetik.

Ikastetxeetan, hezkidetza plangintza desberdinak maila batean edo bestean ez dira arrotzak. Adibide bezala, Tolosako ekimena aipatu behar da. Udalak, Laskorain, Samaniego, Inmaculada, Lanbide Heziketa, Hirukide eta Orixe ikastetxeekin elkarlanean, Hezkidetza emozionala lantzeko egitasmo integrala jarri zuen martxan iazko ikasturtean. Hezkuntza arloaz gain, herritarrei ere zuzendu zaie Tolosako Udala, Berdintasun eta Gazteria Sailetik: Sexologian eta hezkidetzan oinarrituta, Aholkularitza Zerbitzua jarri zuten martxan kultur etxeko Topagunean. Aholkularitza Zerbitzua hileko azken ostegunetan ematen da, 17:00etatik 20:00etara.

Beste adibide bat Ibarrako Uzturpe Ikastolan aurki daiteke. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren plangintza ez dira aplikatzen ari bertan, baina hezkidetzaren gaia ez dute albora utzi. Ibarrako Udalarekin elkarlanean, plangintza osatzen ari dira, eta mintegiak, formakuntza, hitzaldiak... aurreikusiak dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkidetza planari dagokionez, 50 ikastetxetan ari dira probatzen, eta ikasturte honetan lortzen diren emaitzak aztertu ondoren, gainontzeko ikastetxeetara zabalduko dela uste dute hezkuntzako ordezkariek, aurrez, adibidez, Agenda 21 egitasmoarekin egin bezala.

Tolosako Orixe ikastetxea

Orixe institutua Bigarren Hezkuntzako ikastetxea da. Onintza Muñagorri bertako irakaslea da, eta aurten, ardura berri bat dauka: hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentziorako ardura du. Eusko Jaurlaritzaren hezkidetza plagintzak bi ardura berri sortu dituela dio Muñagorrik. Bigarrena, eskolako kontseiluan berdintasun ordezkariarena da. Batak, ikastetxe barrura begira lan egiten du, eta besteak, institutua bere osotasunean hartuta. Biek, euren ardurak gauzatzeko, hezkidetza betaurrekoak jantzi beharko dituzte.

Onintza Muñagorrik honela zehaztu du eurentzat aurtengo helburua zein izango den: «Bi arduradunok formakuntza jasoko dugu ikasturte honetan, eta plan bat egin beharko dugu. Lehen aldiz, ikastetxeak hiru urterako hezkidetza plan bat izango du. Formazioarekin batera, plangintza horretan pentsatzen ibiliko gara. Ondoren, hurrengo urteko ikasturtearen hasieran, plangintza orokorra egiten denean hezkidetzako jarduerak sartuko genituzte».

Ikastetxe barrura begira, arlo desberdinak daudela dio Orixeko hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentziorako arduradunak: «Horietako bat tokien okupazioa izan daiteke; neskek eta mutilek ikastetxean erabiltzen dituzten guneak, adibidez. Beste arlo bat, neskek eta gizonezkoek dituzten gehiegizko edo gutxiegizko jarrerak dira. Gizarteak gizonezkoei hainbat jokamolde ezartzen dizkie, eta emakumeei berdin. Horien artean oreka bilatzea izango litzateke egokiena». Horretarako lehen urratsa formakuntza dela azpimarratzen du Muñagorrik. Irakasleak ere gizartearen zati dira, eta bertako hainbat jokamolde, «sentsibilizazioarekin edo formakuntzarekin ez genituen hain ondo ikusiko».

Berdintasun ordezkariak organo gorenean parte hartzen du, eta bederatzi helburu edukiko ditu esku artean. Ikastetxera eta currikulumera begiratu beharrean, estamentua bere osotasunean hartzen du, hezkidetza ikuspegia txertatuz: gurasoak, aurrekontuak...

Onintza Muñagorrik plangintzaren alde postiboak argi ikusten ditu, irakasleei euren kezkak argitzen laguntzeko tresna baliagarria izan daitekeelako. Adibide «oso esanguratsuak» ikusten ditu hezkidetza betaurrekoak jantzita, eta horietako bat aipatzearren, zikloen edo karreren aukeraketak rollek duten eragina aipatzen du: «Ileapaintzaile ikasketetan oso argi ikusten da, adibidez. Neskak dira aukeraketa hori egiten duten ia denak. Genero ikuspegitik oso markatuak daude ziklo edo karrera batzuk».

Patioaren erabilera

Tolosako Samaniego ikastetxean Haur eta Lehen Hezkuntza daude. Bertako aholkularia da Karmen Sanz tolosarra. Eusko Jaurlaritzatik plangintzaren berri izan zutenean, Tolosako Udalarekin antzeko lanketa egiten ari zirela ikusi zuten, eta hasierako proba horretara ez aurkeztea erabaki zuten. Hala eta guztiz ere, hezkidetza ariketa desberdinak egin dituzte Samaniegon, Sanzek azaldu duenez. «2004/05 eta 2005/06 ikasturteetan, patio diagnostiko bat egin zuten Samaniegon. Patioa nola erabiltzen zen ikustea zen azterketa horren helburua. Kirolen artean eta neska-mutilen artean nolako oreka zegoen aztertu zen, eta emaitza oso interesgarriak eman zituen». Ondoren, diagnosiak berak hainbat erabaki ekarri zituela gogoratzen du Karmen Sanzek. Samaniegoko aholkularia ziur da hezkidetza plana ikastetxe guztietara zabalduko dela ondorengo urteetan, lehen urte honetan proban dauden ikastetxeen esperientziak oinarri hartuta.

Hezkidetza modu erraz batean azaltzeko eskatuta, Karmen Sanz Samaniegoko aholkulariak erraz eta argi erantzuten du: «Mundu honetan emakumeak eta gizonak bizi gara. Emakumeentzat eta gizonentzat eskubide berak bermatu behar dira. Haurrak hezterakoan, ezkutuan eta nahi gabe hainbat mezu joaten dira, gizartearen rolekin lotura dutenak. Eta, xehetasunak txikiak izanagatik, kontuan hartu beharrekoak dira. Adibide ulerterraz bat jartzearren: mantalako botoia josteko ezan iezaizozu amari. Sarri, nahi gabe bada ere, emakumeari hau tokatzen zaio eta gizonari beste hori markatzeko joera izaten dugu».

 

 

Feli Descalzo; Adunako eskolako zuzendaria

"Guk ere ikasi egin nahi dugu, eta horregatik hasi gara planarekin lanean"

Adunako herri eskola Eusko Jaurlaritzaren hezkidetza planarekin hasi da lanean. Feli Descalzo (Villabona, 1966) eskolako zuzendaria da.

 

Hezkidetza ez da arrotza ikastetxeetan.

Orain arte zerbait egiten aritu garela pentsatu nahi dugu, beste ikastetxe denetan bezala. Kontua da ez genekiela ondo edo gaizki ari ginen. Gauza batzuk barneratuta izaten ditugu irakasleok ere, horrela erakutsi digutelako edo kulturagatik. Egitasmo horretan horregatik sartu gara, ikasteko; haurrekin gai hori lantzeko. Aurrez, Elkarbizitza plana edo Agenda 21en sartu ginen bezela.

Nola hartu zenuten erabakia?

Bagenekien beste herri batzuetan udalarekin batera hasiak zirela gaia lantzen, Tolosaren kasu. Hemen, guraso batzuk ea landu behar genuen galdetu zuten, eta guk asmo hori genuela esan genien. Une horretan Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa etorri zen, eta baietz esan genion. Guk ere ikasi egin nahi dugu, eta hori da baietz esatearen arrazoi nagusia.

Aurrez nola landu duzue gaia?

Elkarbizitza egitasmoaren barruan, duela bi edo hiru ikasturte, zerbait egin behar genuela ikusi genuen. Ikasleekin elkartu eta eurekin proposamen bat aurrera atera genuen. Asteazkenak, pilota eta baloi gabeko egunak izendatu genituen. Eta eragina segituan ikusi genuen. Beste jolasetan ibiltzen dira, eta bai neskak eta bai mutilak elkartu egiten dira jolas horietan.

Ikasten zoazte beraz.

Hori da gure nahia eta helburua. Programa baten barruan nahi genuen gainera, egiten ari garena ea zuzena edo okerra den jakiteko. Batzutan, saiatu arren, ez dakizu asmatzen ari zaren edo ez. Egitasmo baten barruan ari zarenean, zure begirada beste leku batzuetan jartzen duzu, adibidez, patioan. Gainera, plangintza orokorra da eta eskola osoari eragiten dio, baita gurasoei ere. Eurak ere hezkidetzaren inguruan lanean hasiko dira.

 
 

Indarkeria sexistari aurre egiteko estrategien ikastaroa

Berastegiko udal taldeak antolatu du larunbateko ikastaroa; 18 urtetik gorakoei zuzendua dago

Berastegiko udal taldeak 'Indarkeria sexistari aurre egiteko estrategiak' izeneko ikastaroa antolatu du urriaren 18rako, larunbata. Emagin Elkarteko kideak ariko dira ikastaroa dinamizatzen, eta lau orduko iraupena izango du. 09:30ean hasiko dira indarkeria sexistari aurre nola egin aztertzen, eta lanketa horretan ariko dira 13:30ak arte.

Dohaineko ikastaroa udaletxeko erabilera anitzeko gelan izango da, eta bertara, 18 urtetik gorako gizon-emakumeak deitu dituzte. Izena emateko epea atzo bukatu zen, baina hori gutxieneko kopuru bat ziurtatzeko jarri zuten. Behin zenbateko hori lortuta, ikastaroa aurrera doa, eta oraindik izena eman ez duenak, bertara joateko aukera izango du. Horretarako udaletxera deitzea nahikoa da.

Emagin Elkarteak gidatuko du ikastaroa. Emakumaeari eragiten dioten arlo guztietan ikerkuntza egin, garatu edota bultzatzea du xede taldeak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!