Larunbateko bertso saioa, bertsolaritza baino gehiago izango da. Sei bertsolarien ikuskizun apartaz gain, Tolosaldeko Ataria ere aurkeztuko da modu labur eta entretanigarri batean.
Izan ere, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia eta Jexux Mari Irazu eszenatokira irten aurretik, Tolosaldeko Ataria-k zertan datzan azaltzen duen zortzi minutu inguruko bideo bat prestatu dute erredakzioko kazetariek.
Ikus-entzunezko horren bitartez, herritarrak erredakziora gerturatu nahi ditu Ataria-k, bertako funtzionamendua zein den ezagutzeko. Horretarako, azken produktua ateratzen denera arte egiten den prozesu guztia erakusten da, baita inprenta eta banatzaileen eguneroko lana ere.
Papereko, interneteko nahiz irratiko editoreek, eta zuzendariak, berriz, euskarri bakoitzeko eguneroko jarduna eta haren nondik norakoak azalduko dituzte. Azpieskualde bakoitzeko kazetari edo berriemaileei aurpegia jartzeko helburua ere badu bideoak.
Horrez gain, Ataria-rentzat hain garrantzitsuak diren kolaboratzaileen iritziak bildu dira ikus-entzunezkoan: Irene Larrazak, Agustin Amianok, Joxemi Saizarrek, Txoan Ormazabalek, Manex Izagirrek eta Amaia Agirrek hartu dute parte. Guztiek horrelako plataforma baten beharraz, garrantziaz eta gertutasunaz hitz egin dute.
Bideo hau, gainera, datozen asteotan herriz herri egiten hasiko diren aurkezpen ekitaldietan ere proiektatuko da. Interneteko atarian ere ikusgai jarriko da.
Bertso saioa zuzenean
Leidor aretoak 900 bertsozale inguru bilduko ditu, sarrera guztiak agortu baitira. Hala ere, kanpoan geratzen direnek izango dute bertso saioa jarraitzeko aukera, ataria.info-n streaming bidez zuzenean eskainiko baita emanaldia, arratsaldeko seietatik aurrera.