Abenduko nahiz merkealdiko salmentenkin, "pozik" dendariak

IƱigo Terradillos 2014ko urt. 15a, 10:09

Ibarrako merkatarien elkarteko kideak Eguberrietako kanpainaren zozketa egiteko unean.
Mugimendua izan dela eta merkealdiko lehen astea ona izan dela adierazi dute merkatarien elkarteek

Urteko sasoirik oparoena izan ohi da abendua merkatarientzat. Eguberrietan, opariak direla edota elikagai berezien kontsumoa dela salmentak nabarmen igotzen dira, eta kasu askotan urteko salmenten laurdena edota herena izatera heltzen dira. Azken urteetan, ordea, egoera ekonomikoaren eraginez, ez da igoera hori nahi adina nabaritu. Igaro berri den Eguberrietako kanpainak, baina, baikortasunerako zantzuak utzi ditu. Dendariek, oro har, mugimendua izan dela eta hobekuntza nabaritu dutela azaldu dute.

Euskal Herrian eman den joera hori Tolosaldeko merkataritzan ere nabaritu dute, beraz. Juanjo Ruiz Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkarteko lehendakariak adierazi duenez, «iazko Eguberrietako kanpaina baino pixka bat hobea izan da aurtengoa». Hala, abenduaren hasieratik «alaitasun» handiagoa nabaritu dutela azaldu du Ruizek, eta ondorioz, oro har, merkatariak «nahiko gustura» daude.


Egoera ekonomiko hobean gaudelako egin al ditugu erosketa gehiago? Baliabideak handitu al zaizkigu ostera? Ezin esan erantzuna baiezkoa denik. Merkatarien elkartetik diotenez, egoera berak hobera egin baino herritarren baikortasuna da handitu dena. Eta hori, azken hilabeteetan jasotako albisteen ondorioz litzateke. Izan ere, ezkortasuna igortzen duten albisteak, hau da, langabeziaren igoera edota enpresen itxierak bezalakoak gutxituz joan dira. Aitzitik, gailentzen joan dira atzeralditik ateratzen ari garela, tunelaren amaieran argia ikusten hasiak garela edota langabe gutxiago daudela dioten berriak. «Azaroaren bukaeran eta abenduaren hasieran mezu baikorrak zabaltzen hasi ziren, eta horrek zuzeneko eragina izan du herritarren baikortasunean eta jokaeran», argitu du Tolosako merkatari elkarteko lehendakariak.

Bestalde, Eguberrietako kanpainari begiratuz, oraindik ere Erregetako opariak gailentzen direla azpimarratu dute merkatarien elkartetik: «Olentzerotarako saltzen da, baina ugariagoak dira Erregetarako egiten diren salmentak», adierazi du Agustin Aduriz Tolosaldea Garatzeneko merkataritza teknikariak.


Zozketak Ibarran eta Villabonan
Eguberrietan nahiz urteko beste sasoietan salmentak herrian egin eta horiek sustatzea izaten dute xede merkatari elkartetik bultzatzen dituzten kanpaina bereziek. Ibarrako merkatari elkarteak ekimen berezia jarri zuen martxan, eta egin berri dute zozketa. Maite Aizpuru, Olatz Garmendia, Antonio Unzueta eta J. Antonio Rodriguez izan dira irabazleak. Lau komertziotan gastatu duten diruaren batuketa jasoko dute sari moduan, eta Ibarrako merkatari elkartea jarriko da eurekin harremanetan saria banatzeko.


Merkatari elkarteko kideen esanetan, Gabonetan abiarazitako kanpainak «garrantzi handia» izan du. «Herritarrak erostera bultzatzen dute horrelako ekimenek, eta, gainera, pixkanaka ibartarrak herrian bertan erosteari garrantzia ematen ari direla ikusten dugu».
Villabonan, berriz, Gabonetako kanpainaren barruan erosi dutenen artean lau txeke banatu dituzte. Begoña Gonzalez, Jose Jimenez, Karmen Urretabizkaia eta Maria Angeles Lizartza izan dira irabazleak. Tinta inprimategira joan daitezke irabazleak saria eskuratzera.
Tolosaren kasuan, etzi egingo dute Eguberrietako kanpaina berezian irabazle suertatu direnekin sari banaketa eta argazkia. Tolosa&Co merkatari elkartearen facebook-en dago saridunen zerrenda.


Merkealdiko lehen egunak
Eguberrietako kanpainaren bidetik doala merkealdia dirudi. Bai behintzat igaro den lehenengo astean. Salmentak ondo hasi direla adierazi dute merkatariek, baina tentuz hartu beharreko kontua dela diote, astebete baino ez baita igaro.

Bestalde, aholkuak ere eman dituzte merkealdiaren inguruan. Produktu bat itzultzerakoan, esaterako, erosketa txartelarekin aldatzeko aukera izaten dela azaldu dute, baina, beherapenetan, posible dela aukera hori ez izatea: «Halakoetan, dendan ongi zehaztuta jarri behar du beherapenetan erositako produktuak ezin direla itzuli», dio Agustin Adurizek. Merkealdiaren aurretik zerbait erosiz gero, eta merkealdian itzultzea egokituz gero, erositako produktuak prezio baxuagoa duen arren erositakoan zuena aplikatzen dela azaldu dute: «Bestela posible da merkealdian duen salneurria kontuan hartzea, merkatariaren arabera izaten da hori».

AGUSTIN ADURIZ; Tolosaldea Garatzeneko merkataritza teknikaria

 

"Eskualdeko herritarrak herrian bertan erosteak duen garrantziaz jabetzen ari dira"


Azken lau urteetan Tolosaldeko merkataritzan egin du lan Agustin Adurizek (Donostia, 1980) dinamizatzaile moduan. Krisiak-krisi, mugimendu handiagoa nabari dela eskualdeko saltokietan nabarmendu du. Hein handi batean herritarrek bizi dugun egoeraz jasotzen dituzten albisteek eragin handia dutela onartu du.


Zer moduz joan da Eguberrietako kanpaina?
Zertxobait hobera egin du. Kaleko giroan ere nabari da aldaketa. Esango nuke nazkatuta gaudela notizi txarrak jasotzeaz, eta albiste hobeak jasotzen hasi garenean, herritarrak gehiago erostera animatu dira.


Pasa den urtekoa baino hobea.
2010-2011ko Eguberrietako kanpainarekin alderatu dute aurtengoa. Egungo salmentak ordukoekin parekatzen dira. 2011 ez zen oso-oso txarra izan, baina beherantz zihoan. Beraz, iazkoarekin alderatuta, bultzadatxo bat izan du.


Zergatik gertatu da hori?
Geroz eta albiste hobeak ari gara jasotzen gure egoeraren inguruan, eta horrek asko eragiten du. Herritarrak erostera animatzen ditu. Arrazoi nagusietako bat hori da. Gainerakoan, egia da ere lanean jarraitzen dutenek, hau da, euren bizitza aldatu ez zaienek ezin dutela denbora guztian beldurrez eta gastatu gabe egon.


Urtarrileko merkealdia bide onetik al doa?
Astebete igaro da, eta nahiko bizi hasi dela adierazi dute dendariek. Merkatariak, oro har, pozik daude merkealdiaren hasierarekin. Hala ere, jakitun dira lehenengo astea bizia izan daitekeela, eta bigarrenean, berriz, guztia geratu. Gainera, kontuan hartu behar da, arroparen kasuan, eguraldia ere laguntzen hasiko dela orain. Nahiko giro epela izan dugu orain arte, eta badirudi zertxobai hoztera egingo duela, beraz, neguko arropek irteera izango dute.

Izan ere, eguraldiak eragin zuzena du salmentetan.
Hala da. Udara begirako arropak apirila aldean hasten dira saltzen, eta iragan maiatzean eta ekainean euri ugari egin zuen. Ondorioz, bi hilabete horiek latzak izan ziren, eta ez zen espero bezainbeste saldu.  


Zein da merkatarientzat urteko garairik lasaiena?
Merkataritzan azaroa eta otsaila izan ohi dira hilabeterik txarrenak salmentei dagokienez. Otsaila beherapenetako bigarren hilabetea da, eta  ordurako arropetako neurri gutxi geratu ohi dira, eta denboraldi berriko produktuak ez dira egoten oraindik, edo gutxi behintzat. Azaroan, berriz, jendea abenduko erosketak egiteko itxaroten egoten da. Normalean Olentzerorako edota Erregetarako opariak ez ditugu azaroan erosten, abenduan baizik. Azken azaro hau, baina, oso hotza izan da, eta neguko arropa ugari saldu da.


Azken merkealdian ez bezala, beherapenak leunagoak izan dira oraingoan.
Dena den, normalean horrela izan ohi dira. Agian pasa den urtean beherapenak handiagoak izan ziren lehen unetik, baina, egoera normalean horrela egin ohi dira, bi fasetan banaturik: urtarrileko lehen hiru asteetan %20-30eko beherapenak egiten dituzte, eta ondoren, %50ean jartzen dute, stockean geratzen zaiena atera ahal izateko. Agian marka handiek hasieratik beherapen handiagoak egiten dituzte, baina dendariek edota enpresa txikiek ezin dute hori egin.    


Badira produktu batzuk beherapenik ia izaten ez dutenak.
Askotan etxe jakin batzuekin gertatzen da, merkatariek mozkin tarte txikia izan dezakete, eta horregatik ezin dute beherapen handia egin. Erlojutegi eta bitxitegietan ere, zaila izan dezakete beherapenak egitea. Bestalde, egia da ere, saltoki batzuetan ez dutela inoiz beherapenik egin, baina egoerak behartuta, egiten hasi beharra izan dute.


Lau urte daramatzazu Tolosaldeko merkataritzarekin lanean. Zein balantzen egingo zenuke?
Nabarmendu nahi nuke hemengo merkatari elkarteetan beti dagoela prestutasuna merkatarien aldetik elkartean eta elkartearentzat lana egiteko. Bestalde, elkarteetan bazkide kopuruak izan duen gorakada azpimarratuko nuke. Tolosan 280 inguru dira gaur egun, Ibarran 29 eta Villabonan 46. Beste herrietako datuekin alderatuta, oso onak dira, beraz, poztekoa da. Gainera, udalek ematen duten babesa ere aipatu behar da, benetan sinesten dute merkataritza beharrezkoa eta funtsezko sektorea dela herria bizirik mantentzeko. Bestalde, eskualdean edo herrian bertan erosteak duen garrantziaren kontzientzia handia du jendeak. Tolosako komertzio guztietan lanean ari den jendea ikusita, eskualdeko enpresarik handiena litzateke, 1.500 pertsona baino gehiago baitaude lanean. Hori zaintzea ezinbestekoa da.

Erostera beste norabait joateko beharrik ba al dago?
Gaur egun dena edo ia dena daukagu bertatik bertara. Zure neurrikoa ez dagoela, ba ekarri egingo dizute, eta horrela ez duzu mugitu beharrik eta denbora galdu beharrik.

Merkatal zentro handietara jotzeko joera gutxitu al da?
Bai. Geroz eta jende gutxiago edo maiztasun gutxiagoz jotzen du jendeak horietara. Horren ondorio, egiten dituzten kanpainak-eta oso indartsuak izaten dira, eta askotan zaila izan daiteke horiekin lehiatzea. Gure merkatari elkarteek ezin dituzte gisa horretako kanpaina bortitzak egin.


Nolako kanpainak egiten dituzte eskualdeko merkatari elkarteek?
Bestelakoak izaten dira, eta lortzen diren sariak herrian bertan diru kopuru bat gastatzeko izaten dira. Horrekin leialtasuna bultzatzen saiatzen gara. Horrela, esaterako, bisitatu ez duzun denda bat bisitatzen duzu. Sari xumeak oparitzen ditugu, baina, jendeak, edozein sari izanda ere, asko eskertzen du. Lortu behar duguna da herri bakoitzak merkatal gune batek izan ditzakeen zerbitzuak ematea, aparkalekuaren kasuan erraztasunak edota haurrak zaintzeko zerbitzuak eskainiz, esaterako. Hori ere elkarteen egitea litzateke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!