Prezioak eta soldatak, desorekatuta

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko urt. 14a, 10:29

Hainbat faktura iristen dira hilero etxeetara, hil honetatik aurrera askotan igoera nabarituko dute kontsumitzaileek
Salneurri publiko gehienak igo egin dira urte hasierarekin, %2 bataz beste, soldatak aldiz, %1,5 inguru igo dira

Prezio publikoek gora egin dute urtea hastearekin batera eta horietan argindarraren igoera da aldaketarik nabarmenena jasan duena.
Prezioen igoera eta izozketa guztiak kontuan hartuta %2 garestituko zaio familia edo norbanako bakoitzari eguneroko bizitza 2014an. Soldatak ordea %1,5 inguru igo dira, langileek erosahalmena galdu dutelarik, hortaz.
Azken hilabetean, ordea, argindarraren salneurriaren gorakada izan da politikarien ahotan. Zalantza gabe gehien igo den prezioa da eta adituek diotenez, igotzen jarraituko du, eta asko gainera. Argindarraren igoeraren gaia, dena den, politikarien mahaietatik biztanleriaren poltsikoetara jaitsi da eta argindarra %2,3 igo da azkenean.
Hori ordea, ez da igo den gauza bakarra, izan ere, errazago eta azkarragoa da zein prezio publiko igo den baino, zer ez den igo zenbatzea.
Familia edo norbanako batek egunerokoan egin beharreko gastuen artean gutxi dira aipatu daitezkeen gauzak: berogailuetarako erabiltzen den gasa %0,1 jaitsi da; butanoren prezioa, martxoa bitarte behintzat, 17,5 eurotan izoztu dute; telefonoko kuota, 14,38 euroan izoztu dute; eta seiluen prezioa ere pasa den urteko bera izango da. Gainontzeko prezioek gora egin dute.


Hilabete honetan prezio publikoek, hortaz, gora egin dute. Ikusi zenbatekoak:


Argindarra %2,3 igo da.
Gasa ur bero sanitarioa bakarrik erabiltzen duten etxeetan %0,2 igo da.
Renfek ere salneurriak igo ditu, bataz beste, %1,9 igoko da, hau da, aldiriko trenak, distantzia erdikoak eta bide estuko trenen (FEVE) joan-etorriak garestitu egin dituzte, abiadura handiko trenen bidaiak dira igo ez diren bakarrak.
BEZa ere igo dute: betaurrekoak, lentilla, audiofonoak eta tiritak %10etik %21era igo dira, baita notarioan egin beharreko izapideak ere, hala nola, hipoteka edo mailegu bat hartu edo akzioak salerostea garestiagoa da orain.
Udaletxeetako tasak, batez beste, %2 igo dira.
Era berean, etxebizitza erosteagatik egiten zen %10 eta 15 arteko kenkaria desagertu egin da. Eta euriborrean ez dituzte aldaketa nabarmenak espero, urtea 0,55ean bukatu da eta 2014ean ez dituzte gorabeherak espero.
Aireportuen tasak %0,9 igo dira, eta autopistetako bidesariak %1,85 igo dituzte.


Kontsumorako Prezioen Indizea


Bihar emango dute jakitera zein den abenduko, eta hortaz 2013ko, KPIaren igoera, baina %1,5 ingurukoa izatea espero da. 
Soldatak, orokorrean, gutxi igo dira azken urteetan, langileek erosahalmena galdu dutelarik, eta zentzu horretan 2013. urtean lanbide arteko gutxieneko soldata izoztu egin zutela nabarmendu behar da; 645,30 eurotan dagoelarik orain. Esan behar da, era berean, 2012. urtean ere ez zela igo.
Pentsioen kontua ere bolo-bolo dabiltzan beste gaietako bat. 2014. urtean %0,25 igo dira, gutxienekoa, baina Gizarte Segurantzako kotizaziorako oinarria %5era igo dira.
Estatuko funtzionarioen soldatak ere izan ziren hizpide pasa den urtean eta laugarren urtez izoztu egingo dituzte. Gogoratu behar da, 2010. urtean PSOEren Gobernuak %5 jaitsi zituela funtzionarioen soldatak eta 2011. urtetik hona daudela izoztuta.


Salneurriak KPIa baino altuagoak


Datu hauek guztiak ikusita zerbitzu publiko gehienen salneurriek igoera izan dutela ikusten da, nahiz eta batzuk izoztuta egon. Gutxienik 2013. urteko Kontsumorako Prezioen Indizearen igoera baino gehiago igo dira.
Pentsioak eta soldatak ia ez direla igo azaltzeko ezinbestekoa da 2013ko erdialdean onartutako Desindexazio Legea aipatzea. Lege berri honek pentsioen urteko gaurkotzea eta zerbitzu publikoen salneurrien igoera kalkulatzeko KPIa bereizten du.
Gobernuak uste du legeak konpetentzian eragin positiboa izango duela eta horregatik eremu pribatura ere eraman nahi dute. Izan ere, ekonomiako sektore batzuetan inflazioaren arabera eguneratu ohi dituzte prezioak, errentamendu-kontratuen kasua bezala, eta KPIaren bilakaera hartzen da kontuan urtetik urtera alokairuaren prezioa eguneratzeko, kontratu-klausuletan jasotzen denez.
Egunerokoan beharrezkoak diren hainbat faktura garestitu egin dira hortaz, eta ustez joerak horrela jarraituko du, tamalez.

 

 
 

Gastuak eta sarrerak berdintzea da gakoa

Eman diren igoera guztiak ikusita komeni da kontsumitzaileek hainbat gomendio jarraitzea zenbateko berriek etxeetako ekonomietan ahal den eragin txikiena izan dezaten. Lehen urratsa dena den, oso argia da:  sartzen den diruaren eta ateratzen denaren arteko oreka mantentzen saiatzeko, hau da, diru-sarreren eta gastuak orekatzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da diru-sarrerak eta gastuak biltzen eta alderatzen dituen balantze bat egitea eta behintzat hilabetean behin gaurkotzea.

Ezinbestekoa da irabazten dena baino gutxiago gastatzea, gutxi bada ere gutxienez zerbait aurrezteko. Era berean, benetan behar dena eta benetan erabiliko dena baino ez da erosi behar. Merkealdian zein asteroko edo hileroko erosketak egin aurretik aurrekontu bat zehaztu, erosketa zerrenda bat prestatu eta errespetatu.

Honekin lotuta dator alferrikako gastuak kendu edo geroratu eta gauza zokoragarrien kontsumoa murriztea; adibidez oso gutxi erabiltzen diren mailegu txartelen mantentzea, oso gutxi ikusten diren telebista kanalen ordainketa...

Komeni da ere merkealdian zein eguneroko erosketetan eskudirua erabiltzea, horrela argiago ikusten baita zenbat diru ari garen gastatzen.
Argindarra, gasa, ura... neurriz erabili behar da eta ahal denean birziklatu, konpondu eta berrerabili egin behar da.

Etxeko elektrotresnak stand-bay egoeran ez uztea komeni da. Izan ere, etxebizitza batean gastatzen den energia osoaren %8 eta 10 artean suposatu dezake.
Zerbitzu publikoak erabiltzea ere oso erabilgarria izan daiteke: garraio publikoa, kiroldegiak, liburutegiak... Garraio publikoari dagokionez, Gipuzkoan erabili daitekeen Mugi bezalako txartelak asko murriztu dezakete joan-etorrietan gastatzen den dirua.

Ainhoa Orrantia • Tolosako Kontsumo bulegoko arduraduna

«Igoera hauek eragin handia izango dute etxeetako ekonomian»

 

Etxebizitza bakoitzean hileko gastuek %2 egingo dute gora, bataz beste, hilabete honetatik aurrera. Ainhoa Orrantiaren (Tolosa, 1973), Tolosako Kontsumo Bulegoko arduradunaren, hitzetan azken urteetako joera goranzkoa da, eta badirudi ez duela etenik, argindarrari dagokionez, behintzat.

Urte hasiera guztietan bezala, honakoan ere prezioek gora egin dute, %2 batez beste. Kopuru handia da, ezta? Gizartearen zati handi batentzat igoera hau oso gogorra da, gaur egungo egoera kontuan hartzen badugu, gainera, egoera are larriagoa da. Orain zerbitzu publikoen igoera KPItik deslotu dute, eta hori dela eta, soldatak asko jota %1,5 igoko dira, hori patronalaren gomendioa jarraitzen ez bada, honek %0,6a ez pasatzeko eskatzen baitu. Pentsioak %0,25 igo dira bakarrik. Igoera hauek eragin handia izango dute etxeetako ekonomietan, eta hauek jada kolpatuta daude.

Desindexazio Legea onartu zenetik prezioen eguneratzeak ez dira KPI Kontsumorako Prezioaren Indizean oinarrituta egiten, zer suposatzen du honek? Espainiako Gobernuak uste du prezio publikoen desindexazioak administrazio publikoen gastuetan aurreztea ekarriko duela. Lege honen arabera, prezio publikoen berrikuspena ezingo da automatikoki KPIaren arabera egin, eta beraz, prezio hauen berrikuspenak kostuen etengabeko aldaketek ahalbidetzen du. Era berean, gauza hau bera arlo pribatuan egitea lagunduko luke. Gobernuaren ustez, honek konpetentzian eragin positiboa izango du, izan ere, prezioak ez berrikustea hitzarmenen iraupena murrizten lagunduko du, merkatuari dinamismoa emanaz eta ekoizpen prozesua hobetuz.

Kontsumo bulegoan izaten al dituzue kexak prezioen igoeraren inguruan? Orokorrean ez. Kontsumitzaile eta erabiltzaileek argi dute kontsumitzaileen harretarako bulegotik ezin dezakegula ezer egin igoeraren inguruan. Egia da, hala ere, arazoak izaten dituztela fakturetan izaten dituzten igoerak ikusi eta ulertzeko, hau da, fakturak interpretatzeko arazoak izaten dituztela.

Azken asteetan gobernuaren eta enpresa elektrikoen inguruko albistea entzun dugu; enkanteko arazoak, helegitea jartzeko asmoa... nola finkatzen da argindarraren prezioa? Hiruhilero enkante elektrikoak egiten dira eta hauetan traders izeneko batzuk hartzen dute parte. Traders hauek inbertsio bankuak eta finantza-entitateak dira gehienbat. Hauek etorkizuneko kostuek izango duten bilakaeraren arabera jartzen dituzten prezioak, nahiz eta horniketa beste batzuek egin, merkatuaren arabera dirua galdu ala irabazi dezaketelarik. Hau da, enkanteak kontsumoaren aurreikuspena eta honek ekarriko dituen kostuak kontuan hartuta egiten dira, baina oso zaila da eragiketa hauek zehazki azaltzea. Garrantzitsuena da bi tarifa daudela argi edukitzea: azken errekurtsoko tarifa (gaztelerazko TUR) eta merkatu libreko tarifa. Lehenengoari dagokionez, energia-merkatua liberalizatu arte, 2009ko udazkena arte, kontsumitzaileok ordaindu dugun tarifa da, eta salneurria gobernuak jartzen du. Bost konpainia daude behartuta tarifa hau jartzea. 2009. urtetik ordea, merkatu librearen tarifa ezarri zuten ere, eta honen ondorioz energia-konpainiak zehaztu dezake kilowatioaren prezioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!