Eskola garraioko begiraleak greban dira gaur-biharretan

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 13a, 12:47
Eskola garraioko begiraleek greba egingo dute gaur eta bihar. Donostian Eusko Jaurlaritzako Delegazioaren aurrean egin dute protesta gaur goizean. Lan hitzarmen berria eskatzen ari dira aspalditik eta negoziazioetan ez dute aurrera pausorik egin. Hurrengo astean eskualdeka egingo dituzte mobilizazioak ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Akordiorik ez badute lortzen, urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabera joko dutela ohartarazi dute begiraleek.

12 urte baino gutxiagoko ikasleek nahitaez joan behar dute zaintzailearekin autobuean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 500 begirale inguruk dihardute lan horretan. 2009-2010 ikasturtetik ez dute lan hitzarmena berritu. Ez dute ez soldata igoera ez bestelako hobekuntzarik izan lan baldintzetan.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak enpresa pribatuei esleitutako zerbitzua da eskola garraioko begiraleena. Enpresa hauekin hitzartutako klausulek eragina dute gero begiraleen lan baldintzetan. Ordubete edo bi orduko lan jarduna izaten dute normalean begiraleek eta hilean 400 euro kobratzen dituzte. Gainera emakumeak dira lan hau burutzen duten gehienak.

Tolosako Samaniego ikastetxeko eskola garraioko begiraleek gaur greba egin dute eta Donostiara joan dira protesta egitera. Bihar ere berdina egingo dute. Asteazkenean sindikatuek, datorren asterako mobilizazio egutegia zehaztuko dute eta lanuzteak eskualdeka egingo dira. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak ez ditu gutxieneko zerbitzuak jarri.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!