Ehun urte dira «Gerla Handia», Bigarrenaren poderioz Lehen Mundu Gerra bilakatu zen hura, hasi zenetik 1914an. Eta honaino bataila militarrik iritsi ez bazen ere, gerra iritsi zen.
Laburki esanda, espainiar ekonomiaren «Zilarrezko Aroa» suposatu zuen gatazka hark. Estatu gobernuak gerraren aurrean neutraltasuna mantentzea erabaki zuenez, Europan halabeharrez geldirik zeuden industriak ordezkatzea tokatu zitzaien penintsulako industriei. Ez Gipuzkoa, ez Tolosaldea ez ziren boom horretatik at gelditu. Merkatu bikain bat, ezustean, euren eskuetan zuten. Industria-gaien erabateko loraldia eman zen. Kapital eskergak iritsi ziren bertara. «Belle Epoque»-aren gailurra zen zinez. Industria motor izan zuen zibilizazio burges baten gune gorena. Hamarkada zoriontsuak han eta hemen. Inoiz etengo ez zen «progresoaren» ideiaren baieztapena. Zibilizazio modernoa bere loria osoa erakusten.
Tolosak ez zuen zerikusirik 1876ko bigarren karlistadaren ondorengo «baserri handi» harekin, garaiko luma batek idatzi zuenez. Apurka-apurka, ez azkar ez astiro, industria gehiago pilatuz zihoazen. Ez gutxiagorako, ikasleak esklusiboki industriara eta merkataritzara zuzenduko zituzten «Merkataritza Eskola» (1904) eta «Paper Eskola» (1908) bezalako erakundeak sortu ziren. 1912ko Euskal Festen baitan «Museo Industrial y Comercial» bat ere antolatu zen. Paper fabrikek elkarren arteko fusiorako joera erakutsi zuten kartelak osatuz, eta lehen mailako merkataritzako interesetatik haraindi Gobernuaren aurrean presio gehiago ere egiteko balio izango zieten batasunak. Fabrika desberdinetako nagusien seme-alaben elkarren arteko ezkontzen adibideak ugariak dira. Honela lokarriak ongi loturik gelditzen ziren. Atzera ezin geratu eta Banku bat ere ireki zen Tolosan 1911n.
Burgesia bere goraldian zegoen. Casino Tolosano bezalako erakundeak ziren bere soziabilitate zentro nagusia, ahaztu gabe udaleko ordezkaritzak, artisauen kofradietako patronatuak edota eliz erakundeetako zuzendaritza postuak ere beren inguruan izan ohi zituztela. Euforia honen testuinguruan uler ditzakegu esperanto hizkuntz unibertsalaren aldeko topaketak, stadiumak eta sektore dirudunetako semeak, pozarren, Uzturre aldean iritsi berria zen kirola, eskia praktikatzen.
Baina lokarri berriek zaharren hondatzea, apurtzea, haustea zekarten. Komunitatearen idealak gidatu zuen XIX. mendeko kultura politikoaren zati handiena. Gizartea familia bat zen, bere guraso eta seme-alabekin. Desberdinen arteko oreka zen idealak gidatzen zuena. Murailak goiz bota baziren ere, luze iraun zuen Tolosak Alde Zaharretik irten gabe. Denak bizi ziren batera, aberats eta txiro, boteretsu eta mendeko. Espazioa ere bat zetorren pentsamoldearekin. Arazoak, orobat, komunitatearen kanpotik zetozen. Gipuzkoaren historialariek, askotan harriduraz, gatazkakortasun sozialaren urritasuna azpimarratu dute probintzia honetan Lehen Mundu Gerra arteraino. Hemen jazo zen eztanda. Ez urritasunagatik. Oparotasunagatik baizik. Gizartea aldatuz doa. Aberatsek euren bereizketa espazioan ere markatu nahiko dute. Ordukoa da San Frantzisko Pasealekua eta bere inguruko jauregien agerpena.