Gashor enpresak 850.000 euro ordaindu behar dizkio Manguitos Arrosiri

Ataria 2014ko urtarrilaren 7a

Zizurkilgo enpresak ez zuen hitzartutaa bete epaiaren arabera

Zizurkilgo Gashor kooperatibak 850.000 euro ordaindu beharko dizkio Elduaingo Manguitos Arrosiri hitzartu bezala funtzionatzen ez duen instalakuntza batengatik.

2008an egin zion instalakuntza, baina ez du hitzarmenaren araberako funtzionamendua izan, eta ondorioz, Manguitos Arrosin hazkuntzarako eta nazioarteko bihurtzeko diseinatutako plana ezin izan dute bideratu. Diruaz gain, Gashorrek instalatutako makinaria kendu beharko du.

Bi enpresak hilabeteak daramatzate ordainketa modua adosten. Izan ere, Gashor kooperatiban (Ner Groupeko zati da) 40 langileek egiten dute lan, eta kopurua ordaintzeak lantegia egoera latzean utziko luke. Baina elkarrizketek ez dute fruiturik eman eta Manguitos Arrosik horregatik jarri zuen epaia betearazteko eskaera, bere alde atera dena.

Lehen aldia da era honetako epaia ateratzen dena.

2008ko kontua

Instalakuntza 2008an egin zuten. Manguitos Arrosik, nazioarteko burutzeko nahiak bultzatuta, plan estrategikoa egin zuten, eta planaren barruan instalakuntza berria egitea aurreikusi zuten. Lana  Gashorri eskatu zioten; Zizurkilgo enpresak hainbat lehengai gordetzeko 12 silo jarri behar zituen. Hitzarmenak instalakuntzak 15 minutan 500 kilo eramatea ahalbidetu behar zuela zioen. Baina Elduaingo enpresaren ustez instalakuntzak ez du hitzartutakoa bete eta beraz, zituen asmoak bertan behera utzi behar izan zituzten, bost urte galdu dituztelarik eta inbertsioa ordaintzeko mailegu bat ordaintzen ari dira, alperrik.

Aipatu behar da, era berean, Gashor Ner Group kooperatibakoa dela, eta horregatik egon direla bertako kudeatzailearekin, Koldo Saratxagarekin hitz egiten. Baina ez dute akordiorik lortu eta ondorioz, epaia bate beharko dute Gashor enpresakoak, eta baita Ner Groupek ere, dagokion neurrian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!