Udalak aurrekontuen zurrunbiloan

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 7a, 10:35
Tolosan 26 milioi euroko aurrekontua onartu dute, Amasa-Villabonan hilaren 15ean erabakiko dute ia 6 milioi euroko aurrekontua onartzen duten ala ez, eta Alegian zein Berastegin aldaketa handiegirik gabeko urtea espero dute.

Azken hilabeteetan lan asko eskatzen duen gaia izan dute mahai gainean udalek; aurrekontuak. Urtea hastearekin batera onartu ohi dituzte, nahiz eta herri batzuetan hilabeteak joaten zaizkien onartu aurretik. Ez da ordea, Tolosa, Amasa-Villabona, Berastegi eta Alegiako kasua.

Amasa-Villabonan hilaren 15ean egingo dute bilkura, eta beste hiru herrietan, aldiz, onartu dituzte jada urteko kontuak. Tolosan 26 milioi euroko aurrekontua onartu berri dute, eta nabarmentzekoa da behar larriak dituzten pertsonei laguntzeko poltsa %15 igo dutela. Era berean, krisiari aurre egiteko 900.000 euroko bideratuko dituzte. Aurrekontu hauek orain gutxi onartu dituzte Bildu eta Aralarren aldeko bozekin. EAJ eta PSE-EE alderdiek aldiz, aurka bozkatu zuten.

Amasa-Villabnan, aldiz, "murrizketarik gabe eta zorra txikituz" jarraituko dutela dio Galdez Azkue alkateak. Ia 6 milioi euroko aurrekontua proposatu du udalak, eta hilaren 15ean egingo dute hauek onartzeko osoko bilkura. Inbertsioetan futbol zelaiaren berritze lanak aipatu behar dira, eta aukera egonez gero kontratazio berriak egitea espero dute udal arduradunek. "Pertsonalaren kontratazio berria egiteko aukera baldin badago egiteko asmoa dugu, gainerakoan, diru bat gorde nahi dugu sortu daitezkeen enplegu planetarako", esan du Azkuek.

Alegian eta Berastegin ere onartu dituzte aurrekontuak. Alegian 1.761.000 eurokoak izan dira, eta inbertsioei dagokienez, ez dute proiektu handirik aurreikusten. Era berean, aldi baterako eta lan anitzak egiteko langileak kontratatzen jarraituko dute, eta gizarte zerbitzuetan ere igoera aurreikusi dute. Berastegin 988.000 euroko aurrekontua onartu dute eta aldaketa handiegirik gabeko urtea espero dute.

Irakurri Tolosaldeko Atariak gai honen inguruan prestatutako albistea.

 

 

 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!