Laskorain ikastolak beste behin ireki du merkatu txikia

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 27a, 13:16
Laskorain ikastolak 18. aldiz ireki du elkartasun azoka Tolosako kultur etxeko beheko solairuan. Urtarrilaren 6ra bitarte izango da zabalik.

Urteko sasoi honetan, Laskorain ikastolako hezkuntza komunitateak, kontzientzia zabaldu eta neurri batean ekonomikoki laguntzeko asmoz, bildutako jantziak, tresnak, altzariak... Merkatu Txikian salgai jartzeko ohitura du. Aurtengoa hemezortzigarren aldia izango da

Merkatu Txikia, ikasleekin elkartasunaren balorea lantzeko ekimenetako bat da. “Traste zahar, amets berri ” lelopean landuko dituzten gaien bitartez, “norbera izaten ikasi” eta “elkarrekin bizitzen ikasi” konpetentziekin loturiko balio hauek landuko dituzte.

Aurten Merkatu txikian ateratzen den diruarekin bi proiektuen jarraipena bultzatu nahi dute: Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin gobernuz kanpoko erakundeek aurkeztutakoak.

Batetik, Hondurasko Teguzigalpa hirian dagoen Suyapa herrixkan garatu nahi den egitasmoarekin bat egin nahi dugu. Proiektuaren helburu nagusia herrixka honetako hiru auzoetan “Putzu Beltzen Estolderia” egitea da. Beraz, egitasmo honekin bat eginik, hiriko bazterreko auzoetan bizi diren 500 lagunen bizi eta osasun egoera hobetuko duen azpiegitura eraikitzen lagunduko du Laskorain ikastolak, Ibarratik misio taldearekin batera.

Bestetik, Mendebaldeko Saharar lurralde askeko Midyick herrian azpiegiturak eraikitzeko egitasmoarekin jarraituz, osasun arazoak artatzeko beharrezkoa dute anbulategia. Midyick beste herrietatik oso urrun dagoen herria da. Dagoeneko martxan da lehen hezkuntzako ikastetxea, jangela eta guzti; gaur egun 44 ikasle ditu.

Merkatu Txikian soberan gelditzen dena, Saharara eta Emausera bideratuko dute. Merkatu Txikia abenduaren 26 tik urtarrilaren 6ra bitarte zabalik izango da Tolosako Kultur etxean goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

Bide batez, Tolosaldea Sahararekin eta Sahara Bizi elkarteetako kide den Elixabete Izagirrek Tolosaldeko Ataria irratian esandakoaren arabera, saharar errefuxiatuen guneetako egoera geroz eta okerragoa da. "Janariekin arazoa larria da, otordu bakarra egiten dute", esan du, jasotzen dituzen laguntzak ere geroz eta urriagoak direla esan du. Hori dela eta, urtero bezala elikagaiak, higiene produktuak eta eskola materiala biltzen ari dira Tolosaldeko udaletan eta zenbait kultur etxeetan ere.

Entzun irratiko elkarrizketa osoa:

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!