Olentzero: mito eta sinboloaren mutazioa

Fernando Rojo 2013ko abe. 20a, 15:00
Neguko solstizioarekin datorkigu kristau egutegian kokatzen den jai esanguratsuenetakoa: Eguberria (Egun berria). Euskal Herrian egun hau ezin da ulertu mito baten izena aipatu gabe: Olentzero. Asko idatzi da pertsonaia honi buruz, baina agian jasan dituen itxura eta izaera aldaketen inguruko hausnarketa bat egitea falta zaigu, azken urteotan hartu duen bidearen ingurukoa.

Julio Caro Barojaren arabera Olentzeroren mugak Lesakatik Getaria artean kokatzen ziren, eta, ipar-hegoa ardatzean, Gipuzkoako kostatik gure eskualdera, ez harago. Jatorriz izen ezberdinekin ezagutu zen gure eskualdean: Berastegin Onontzaro, Lizartzan Onentzaro eta Orexan Onontzaro. Caro Barojak Tolosa eta Elduainen ere Olentzeroren tradizioa bazela aipatzen du.
Olentzeroren lehen aipamena, ordea, zaharragoa da eta guztiz bestelako esanahi batez aurkeztuko zaigu, XVII. mendean. Lope De Isastik apaiz eta historialari lezoarrak, bere Compendio de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa lanean honela dio: «A la noche de navidad, Onenzaro, la sazón de los buenos, otros llaman gabon». Argi dago, beraz, ez dagoela inongo pertsonaiaren erreferentziarik, garai batena baizik. Bere hitzen arabera, orduan, Olentzero «aro» bat zen, gabon gaua, eta ez gizaki bat.
Euskal etnografoek bildutako Gabonetako kantutegi tradizionalari begira jartzen bagara, edo hainbat antropologoek egindako ikerketa eta lan etnografikoak kontuan hartzen baditugu, ohartuko gara denborak eraldatzen duela mito hori, gau horren pertsonifikazio bat ikusten hasiko garelarik, aurrerantzean beti gizaki moduan agertuko baitzaigu. XX. mende hasieran Euskal Herriko landa giroko eta mendi inguruetako herrixketan arlote bat izango da. Fisikoki zatarra eta arlote itxura duen figura hau mendian bizi da, mozkortia eta jalea da, ezjakina, erretzailea eta ikazkina lanbidez:

Olentzaro
buruaundiya
etendimendu gabia
juanden gabian
edandu ela
amar erruko zaguia
ai urde tripaundiya
zagar ustelez bethia


Urte guztian egun bakar batean ateratzen da, gabon gauean herriko gazteek aterako baitute bere kontura barre egiteko: «A veces se le representa por un maniquí de paja, que luego es quemado y se le atribuye un carácter terrorífico, medio grotesco». Hau Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herrietan dago dokumentatuta. Eta denetan antzeko kontuak kontatzen dira.
Aipa genezake lehen izaera mutazio garrantzitsua Erromako Eliza Katolikoaren esku emango dela. Ikusi dugu, jatorriz izaera paganoa duen mitoa da eta neguko solstizioari atxikita agertzen zaigu. Eliza Katolikoak, herrian sustraituak zeuden beste hainbat tradizio eta usadiorekin egin izan duen moduan, hau ere bereganatu egingo du eta zentzu berri bat emango dio: aurrerantzean Mesiasen etorrera iragartzen duen azken jentila izango da. Jentilak kristau aurreko pertsonaia mitikoak dira, paganoak. Bera ez gainontzeko jentilak amildegitik behera jauzi ziren, metafora honen bidez, kristau-aurreko sinesmen tradizionalean akabera aldarrikatuz. Gabon gaueko mitoa berri on bat ekartzera datorren «gure enbajadore» bihurtuko da. Horrela burutuko da urtero erritoa:

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera
aditu duenian
Jesus jaio dala
lasterka etorri da
berri ematera

XX. mendeko 60. eta 70. hamarkadetan Olentzerok identitate bilakaera esanguratsuak jasan zituen: nazionalizazio eta infantilizazio prozesuak. Lehenik, Olentzero politizatu egingo da nortasun nazionala hartuko du, 1956an bere muga naturalak gainditzean; urte horretan Iruñeko San Antonio eskolako kideek Lesakako eredua erabiliz Iruñeko karriketan barna paseatuko dute. Hortik abiatuta Euskal Herri osora zabalduko da eta euskal folkloreko parte den figura sinboliko baten nazionalizazioaren hasiera izango da. Gabon jaietako euskal ikonoa bihurtuko da. Euskal Herri osoaren neguko figura sinbolikoa da, Araba eta Bizkaia barne, orain arte bere presentzia ezagutzen ez zuten lurraldeak izan arren. Ezker abertzaleak espetxe baten barnean agertuko du, preso politiko baten rol sinbolikoa hartuz. Ondoren, 70. hamarkadan infantilizazio fase batean sartuko da. Frankismo garaian Espainian Papa Noelen figuraren hedatze bat emango da eta bere inbasioa ekiditeko, ikastolen ekimen bat bitarteko, haurren artean opariak banatzeari jardungo dio; Santa Clauss beraren eredua erabiliz: gutunak idatzi, tximiniatik jaitsi, opariak banatu, bihotz oneko gizon ponpoxoa izan. Honela gure opari ekarle propioa izango dugu, abenduko gau hotzetan umeen ametsa bihurtuko dena.
Azken urteotan, berriz, noelizazio prozesu batean erori da.  Opariak ekartzeaz gain, orain Gabonetako kontsumoaren ikono bihurtu da. 1931n Coca Cola Companyk, Habdon Sundblom marrazkilariak egindako irudi batean oinarrituta, Santa Claussekin egin zuen bezala, Olentzerok ere bere itxura estereotipatuz, pixkanaka irudi estandarizatua hartzen joan da. ETBk laguntza handia eman du irudi hau sortu eta saltzen: uniforme bat jantzi du; ikazkinen aurpegi belztua garbituta apaintzen joan da; pipa erretzeari utzi dio, erretzea gaizki ikusia baitago gaur; begi gorria ere ezabatu zaio, alkoholari erreferentzia oro desagerraraztearren. Gainera, hori guztia ez bada nahikoa, tradizio orotatik urrun, andregai (edo neskalagun) ofiziala dauka, Mari Domingi (familia nuklearra helburu izan edo genero berdintasunagatik izan, batzuetan papistegiak gara); gainera, Mungiako inguruetan dagoen baserri  batean jarri da bikotea bizitzen (gogoratu Papa Noelek ere baduela berea Laponiako Rovaniemi herrian). Hori da umeei gaur saltzen zaien Olentzeroren eredua. Irudiak hartu du protagonismoa jatorrizko sinboloaren gainetik, itxura gailendu zaio esentziari; euskal Papa Noel bat sortu dugu, edo euskaldunez mozorrotu dugun Santa Clauss bat. Euskal labeldun produktua kanpoko osagaiez eraikia.
Mitoa hil da. Mitoa hil da kontsumo-ikono baten alde. Edukiz hustuta jatorrizko esanahi guztia galdu du eta Gabonetan bazter guztietan ikusiko dugu dirua xahutzeko gonbita egiten. Olentzero mutatu eta eraldatu da, hasierako funtzionaltasun guztia galduz. Figura arrotzen inbasioa ekiditearren pertsonaia-mitoa desagertu da, edo behintzat hasierako sinbologia original hura gaur bizi dugun gizarte kontsumistari egokitu zaio. Merezi du hausnarketa bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!