Ipar Euskal Herriko kolore anitzetako 50 eragilek baino gehiagok izenpetu dute Aranalde babesteko agiria

Aitor Renteria (Berria) 2013ko abe. 18a, 14:11

Jokin Aranalde euskal iheslari politikoaren aldeko sostengu agiria plazaratu dute Ipar Euskal Herriko eragileek. Izenpetzaileak 50 baino gehiago dira, eta kolore politiko ezberdinekoak.

Izenpetzaileen artean daude, bertzeak bertze, Yvette Debarbieux hautetsi komunista, Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilaria, Christophe Desprez Giza Eskubideen Ligako kidea, Germaine Lavaux Cimadekoa, Anaiz Funosas Bake Bideko eleduna, Battitta Larzabalak Anai Arteko kidea, Jeanne Beire Etxerat-ekoa, Claire Cellan CFDT-Osasuna, Claude Larrieu NPA, Michel Berger, LABeko Eñaut Aramendi eta Dominika Dagerre, CGTko Jean Michel Haroztegi eta Sylvie Laplace, EH Baiko Anita Lopepe, Peio Etxeberri Etxart eta Philippe Duluc, PCFko Anne-Marie Borda, Ezkerreko Fronteko Sergue Nogues, Gerard Eder kazetaria eta Herve Espiet abokatua.

Ekainaren 15ean Miarritzen, Herria Dugu Arnas ekitaldian, iheslariek hartu zuten engaiamendua azpimarratu dute eragileek. Kolektiboak prozesu demokratiko bat abian jartzearen beharra aldarrikatu zuten. Eragileek bat egin dute horrekin. «Ekinbide hori gaur egungo egoeran kokatzen da, prozesu demokratikoa erdigunean ezartzen baitu, gatazkaren aterabide integral bat lortzeko helburuarekin».

EIPK-k jakinarazi zuen alderdi, sindikatu eta eragileekin bilduko zela. Horren ondorioetariko bat da agiria.

Euroaginduak deuseztatu

«Jokinen kontrako eta euskal iheslari politiko guztien kontrako aginduak bertan behera geldi daitezela eskatzen dugu», diote eragileek. Kolektiboak Miarritzen adierazitako engaiamendua beraiena egin, eta gatazkaren ondorioei aterabide bat atzemateko borondatea iragarri dute, «hori baita Euskal Herrian eraiki behar den bake prozesuaren baitan une honetan dugun erronkarik handienetariko bat».

Azpimarratu dute bake justu eta iraunkorra oinarrizko eskubide demokratikoen errespetuan oinarritzen dela, eta neurri berezi oro —deportazio, estradizio edo euroaginduak— bertan behera utzi behar dela. Frantziari eskatzen diote ez lerratzeko Espainiarekin, eta eztabaida has dezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!