Eskualde bat eta 92 jatorri

IƱigo Terradillos 2013ko abe. 18a, 12:25

Tolosaldeko herritarren jatorri anitzen mapa aurkeztu dute; migratzaileen kopurua mantendu da azken urteetan

Migratzaile kopuru baxuenetarikoa duen eskualdea da Tolosaldea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai eta Gipuzkoa bertan ere. Espainiar Estatutik kanpoko nazionalitatea duten herritarrak %5,5 dira. 92 estatu ezberdinetan jaiotako herritarrak bizi dira eskualdeko 28 herrietan. Horietatik %85,2 Euskal Herrian jaioak dira, eta gainerakoen, erdia baino gehixeago Espainian jaiotakoak dira. Ondoren, Marokon, Portugalen, Errumanian eta Nikaraguan jaioak daude. Bilakaerari dagokionez, azken urteetan migratzaileen kopurua mantentzeko joera ari da ematen, gurera etortzen jarraitzen duten arren, krisi egoerak bultzatuta, euren jatorrizko lurraldera itzultzea erabaki baitute askok. Datu horiek esku artean, gure herrietan dugun jatorri aniztasuna «oso berria» dela eta elkarren arteko integrazioa lortzeko denbora behar dela nabarmendu dute Tolosaldea Garatzenetik. Era berean, gure eskualdeko kopuru baxuek aniztasun horrekin lan egitea errazten dutela azpimarratu dute.


Aztiker enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta Tolosaldea Garatzenentzat egindako Tolosaldeko herritarren jatorri anitzen mapa aurkeztu zuten atzo. Eskualdeko migrazioa eta aniztasuna zertan den eta azken urteetako bilakaera azaltzeaz gain, Tolosaldeko maparen ezaugarriak gizarteratzea du helburu ikerketa lan honek

Bi migrazio olatu

Tolosaldean erroldatuta dauden herritarren %14,8 Euskal Herritik kanpo jaiotakoa da. Horien artean bi multzo nagusi bereizten ditu ikerketak: Espainiako Estatuan jaiotakoena da bata, 3.760 herritarrekin, eta Espainiatik kanpo jaiotakoena bestea, 3.149 herritarrekin. Bi multzo nagusi horiek zuzenean daude lotuta Euskal Herriak azken hamarkadetan jasotako bi migrazio olatuekin. 50-70. hamarkadetan Espainiako Estatuko hainbat lekutatik Tolosaldera etorritakoak dira lehen olatukoak, eta azken bi hamarkadetan munduko herrialde askotatik etorriak bigarren olatukoak. Azken urteetan eman da bereziki olatu hori, eta munduko kontinente guztietatik etorri diren arren, hegoamerikarrak, ipar afrikarrak edota Europa barruan, portugaldarrak eta errumaniarrak nabarmentzen dira. Joera hori, baina, asko moteldu da azken urteetan, krisiaren eraginez, eta horri herritar ugari euren lurraldera itzultzen hasi dela gehitzeak migratzaileen kopurua mantentzea dakar ikerketak islatzen duenez.

Tolosaldea urrun dago migratzaile kopuruari dagokienez, beste eskualdeekin alderatuta. Goierri bizilagunak, esaterako ia bikoiztu egiten du datua. Kristina Morales Tolosaldea Garatzeneko Migrazio saileko teknikariaren arabera, hori zuzenean lotuta dago bai lanarekin, bai eta eskualdeak eskaintzen dituen bizi baldintzekin ere. «Lan eskaintza handiagoa eta etxebizitza baldintza hobeak dituzten eremuetara jotzen dute, eta horrek argi uzten du lan bila datozela». Izan ere, Moralesek dioenez, «Gipuzkoa laguntza sozialetan gehien ematen dutenen artean badago ere, etorkin kopuru txikienetakoa duen probintzia da».

Gizarte laguntzen gaiak, hain justu, gaizki ulertuak eta ondorioz desadostasunak sortzen ditu, bereziki bizi dugun egoeran. Migrazio teknikariak dioenez, «asko hitz egiten da, esaterako, Oinarrizko Errentaren inguruan, eta hori atzerritarrek jasotzen dutenaren pertzepzioa dago gizartean». Datuek, ordea, bestelakoa dela errealitatea diote. Tolosaldean Oinarrizko Errenta jasotzen duten herritarrak 386 dira, eta horien artean, %25,9 dira nazionalitate espainiarra ez dutenak. «Ez dago gizarte laguntzarik bereziki atzerritarrentzat, beharrean dagoen pertsonentzat baizik». Moralesek azaltzen duenez, krisi egoerek «lehentasun nazionala legitimatu ohi dute», eta ondorioz, herritarrek «zalantzan» jartzen dute norentzat behar duten izan gizarte laguntzak. «Egoera txarrean dauden pertsonek eduki behar dute laguntza jasotzeko eskubidea; beste kontu bat da gizarte laguntzarik gabeko gizarte eredu bat nahi dugun».

Gizarte laguntzek zuzeneko lotura dute langabeziarekin, eta kasu horretan, Espainiako Estatutik kanpo jaiotako pertsonen artean langabezia tasa handiagoa dela nabarmendu behar da, hamar puntu handiagoa, hain justu. Tolosaldean %14,6ko langabezia tasa dago, eta Espainiako Estatutik kanpo jaiotakoenari erreparatuta, %24,3ra igotzen da.

Fenomeno «berria»

Azterketak islatzen duenez, Tolosaldeko herritarren aldetik diskriminazio ekimen esplizituak ez dira asko izan, eta oro har, elkarbizitza giroa lasaia da, «jatorri ezberdineko pertsonen arteko harreman eta interakzio askorik gabe, baina errespetuzkoak». Halaber, azken urteetan konfiantza falta eta errezeloa areagotzen ari denaren inpresioa azpimarratzen da, «krisi egoerek jarrera baztertzaileak areagotzea ekartzen baitute». Migrazio teknikariak, hala ere, gurean beste lurralde batetik datozenen artean bezala, «denetarik» dagoela dio. «Beste lurralderen bateko pertsonekin harremanik izan ez badugu, agian erraza da estereotipoetan erortzea, pertsonaren arabera da; elkar ezagutzeko aukera ematea da funtsezkoa».

92 jatorri ezberdinetako herritarrek aniztasun handia duen eskualdea bilakatu dute Tolosaldea. Hori bai, Kristina Morales teknikariak azaldu moduan, gurean fenomeno hau «oso berria» da. «Azken 10-15 urteetako kontua da, beraz, denbora beharko da iritsi direnak gizartean integratzeko». Tolosaldera iritsi diren herritar berriek «gure gizartearen ezaugarriak» ikastearekin batera, ezinbestekoa izango da Moralesen arabera, Tolosaldeko herritarrak errealitate berrira egokitzea: «Tolosaldea ez dela lehen zena ikasi behar dugu». Integrazioaz baino parte hartzeaz hitz egiten du Moralesek, hau da, gizartean parte hartzeaz. «Migratzaile kopuru oso txikiak ditugu, beraz, lan egoki bat egiteko moduan gaude, etortzen direnei harrera on bat egin, eta baliabideak jartzeko elkarbizitza egoki bat izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!