Eskubideak oinarrizko gutun bilakatu nahian

Asier Imaz 2013ko abe. 13a, 13:38

«Prozesu honek parte hartzerik gabe ez du zentzurik», ondorioz, herritarrei deialdia egin diete eragileek

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzeko batzarra egingo dute astelehenean, abenduaren 16an, Tolosan. Asteazkenean, abenduaren 18an, Anoetan. Tolosaldeko herritarrak, norbanakoak nahiz eragileen ordezkariak, bertara deitu dituzte. Tolosan, 18:30ean elkartuko dira kultur etxeko areto nagusian. Anoetan, ordu berean, udaletxeko batzar aretoan jarri dute hitzordua. Bi bileren gaia gutun edo karta soziala izango da. Ardatza, aldiz, parte hartzea.

Maddi Sarasola anoetarra da. Anoetan, herriko eragileen artean kezka bat zegoela dio: gai sozialak lantzeko gune baten falta. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren berri testuinguru horretan izan zuten. «Anoeta herri txikia izanik, ez dauka Tolosak izan dezakeen aniztasunik. Gutun sozialarekin lanean hasterakoan, motor funtzioa izango zuen eragile berri bat sortu baino, herritar moduan antolatzea erabaki genuen», dio Maddi Sarasolak. Ibon Artola ere anoetarra da. Kasu honetan, ordea, Euskal Herria Sozialistako kide bezala ari da gutun sozialaren eraketan lanean: «Hasiera-hasieratik ikusi genuen oso proposamen positiboa zela, eta horregatik, parte hartzea erabaki genuen».

«Jendarteko kide gehienok behin eta berriz salatu izan dugu gobernuek guri eragiten diguten gauzei buruz zer nolako erabakiak hartzen dituzten. Baina gainera, ziur gaude bestela joka daitekeela, eta jokatu behar dela. Horregatik, gaurko egoera errotik aldatzeko mugitzen hasi gara»
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sarrera

Oihana Lopetegi eta Egoitz Iturbe eskualdeko LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak dira. Gutun sozialaren ideia nondik datorren eurek ongi ezagutzen dute, eta ikuspegi kritiko batetik, prozesu baten jarraipena dela diote. «Eraldaketa sozialaren ideia ez da berria, esperientzia desberdinak egin ditugu euskal gehiengo sindikal bezala. Bere garaian, dekalogo bat egin genuen, oinarrizko eskubide batzuk aldarrikatuz», argitzen du Lopetegik. Sozializazio lan baten ondoren, ordea, gehiengo sindikala errealitate batez jabetu zen: «Jendeak ez zuela berez ulertzen; lanketa, jendartean ez zela txertatu, eta ondorioz, ez zen tresna eraginkor batean bihurtu». Prozesu sozialaren beharrak, aldiz, bere horretan jarraitzen zuen LABeko ordezkariaren ustez: «Gabezietatik abiatuz eta hausnarketa baten ondoren, gutun sozialaren gaia atera zen». Ezkerreko ikuspegia eta burujabetasuna kontuan hartuko zituen eraldaketa saiakerari, ate bat itxi, eta bestea zabaldu zitzaion. «Prozesu sozial bat egin behar zela adostu zen, baina ez zen esan zein terminotan. Egin beharra zegoela bakarrik adostu zen. Eta hori gauzatzeko, hasiera hasieratik, gizarte eragileen ordezkaritza zabal batekin eta norbanakoekin batera egin beharra zegoen». Egoitz Iturbek bat egiten du Oihana Lopetegiren hitzekin, eta zera gaineratzen du: «Modelo alternatibo hori zein izango den erabakiko da, baina une honetan, garrantzitsuena ez da hori, nola landu baizik». Kezka horren harira, ELAko ordezkariak hiru baldintza jarri zirela dio: «Aniztasuna, irekia izatea eta garrantzitsuena, alderdikoia ez izatea; hau da, alderdi politikoek parte hartzeko aukerarik ez izatea».

Behetik gora, ez goitik behera. Hori da martxan jarri nahi duten funtzionamendua: «Batzarrez batzar erabakiko da. Eta hortik ateratzen diren tresnak norberak erabakiko du nola erabili. Bakoitzaren ekarpena kontuan hartu behar dugu, eta horri, etekina atera. Adibidez, norbaitek agian antzerkiren bat egin nahiko du gutun soziala oinarri hartuta. Ba hori, ekarpen bat gehiago denez, ongietorria izango da». Maddi Sarasolak bi gauza bereizi behar direla dio, nahiz eta elkarren osagarri izan: «Batetik, prozesua bera dago, gutun sozialari gorputza emango diona; bertan erabakiko da karta sozialak zein eskubide eramango dituen berarekin. Bestetik, batzar nazionaletik igaro ondoren, karta horrekin zer egin behar den erabaki beharko da, benetan tresna erabilgarria izan dadin».

«Lehen urratsa engainuaren eta distortsioaren lainoan sartzea da, eta munduari buruzko egia ikastea, gero antolatu eta borrokan jarduteko. Hori sekula ez da ezinezkoa izan, ezta erraza ere. Orain ez da ezinezkoa, ezta erraza ere. Historian gutxitan izan da hau bezalako unerik, non hautuak giza-ondorio zeharo dramatikoak eragin baititzake»
Noam Chomsky

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta lehen urratsak ematen ari da Tolosaldean. Orain artekoa aztertzerakoan «zailtasun» hitza behin eta berriz errepikatzen da: «Kostatzen ari zaigu». Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzeko gogotsu daude, «indarberriturik» ekin baitiote erronkari. «Argi dugu prozesu honek zentzua eduki dezan, prozesu herrikoia izan behar duela». Sarasolarentzat argi dago bidea abian jarri dutena dela, izan ere, prozesu parte hartzaile batek ekar dezake aurreko saiakeran lortu ez zena: «Dekalogoaren inguruan egin zuten hausnarketan jendeak bere ez zuela sentitzen ondorioztatu zuten. Hori iraultzeko, oraingo prozesuaren helburu nagusienetakoa jendeak erabakitzea da; norberak ikus dezala gutun sozialean zerk egon behar duen, eta zerk ez».

Eskualdean gutun soziala izaten ari den oihartzunaz hitz egiterakoan, Gipuzkoa aipatzen dute euren artean, eta alderaketak egiten hasita, posible dela ikusteko, Bizkaia bezalako adibide indartsuak azpimarratzen dituzte. «Gure kasuan hasiera da, eta pazientzia handiarekin hartu behar dugu; hori oso garrantzitsua da. Hor dago erronka, eta eskualdeak bere hartu behar du. Horretarako oinarri sendoak finkatu behar dira, iritzi guztiak kontuan hartuz».

«Kalera, kalera, borrokalari kalera!…»
Euskal kantu herrikoia

Nazio mailako prozesua izaki, batzar orokorrek izaera hori dute. Egoitz Iturbek argitzen duen bezala, jadanik hiru egin dira, eta laugarrena, bihar izango da, hilaren 14an, Bilbon. Sarrikoko unibertsitatean herri eta eskualde desberdinetako euskal herritarrak elkartuko dira, 09:30ean, gutun sozialaren inguruan hitz egitera. Tolosa eta Anoetako batzarretan bezala, Bilbokoak ateak zabalik ditu joan nahi duen ororentzat. Bertan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sarrerako testuaz hitz egingo dute. Eredu sozioekonomiko berri baten oinarriak ezartzearen beharra aldarrikatzen da zirriborro honetan, eta besteak beste, «nola ekarri gaituzte hondamendi honetara?» bezalako galderei erantzuna ematen zaie. Tartean, hausnarketa desberdinak agertzen dira, pentsalari, idazle edo esaera herrikoien bidez.

Aipu horiek, eraldaketa sozioekonomikoaren beharra irudikatu nahi dute. Paul Valéry idazle frantsesari, adibidez, ondorengo ekarpena hartu diote: Gure garaiko arazoa da, honez gero etorkizuna ez dela izan ohi zena. Aipuen zein galderen egungo testuingurua, Oihana Lopetegik ekartzen du eskualdera, adibide zehatzekin: «Tolosaldean ikusi dugun bezala, herri honen etorkizuna elite ekonomiko baten esku dago. Ez dago gure esku. Multinazionalek erabakitzen dute enpleguak nolakoa izan behar duen, edo enplegurik ez duen egon behar. Horrekin amaitu beharraren sentsazioa kalean dago; hemen herriak erabaki behar du nolako etorkizuna nahi duen».

Zirriborroaren sarrera kokapen moduan hartzen baldin bada, mamia ondoren datorrena izango litzateke. Eta hain zuzen ere, txostenaren zati hori, hurrengo astetik aurrera hasiko dira eztabaidatzen eskualdean. Asteleheneko eta asteazkeneko bileretan gutun soziala osatu behar duten eskubideez eta tresnez hitz egingo dute. Maddi Sarasolaren esanetan, batzarra tailer moduan eramango dute aurrera, talde txikietan banaturik. Guztiek izango dute hitz egiteko aukera, hain justu, dinamizatzaileek hori bultzako dute galdera-erantzuna metodologiaren bidez. Tailer horietan hamahiru puntu aztertuko dituzte, eta gai bakoitzaren barruan, arlo horretako eskubideak eta tresnak zehaztuko dituzte.

Galdera: Finantza sistema publiko edo pribatua? Banka edo bestelako eredua? Nola bermatu diruaren kontrol publikoa?
Eskubide ekonomikoak

Galdera: Kapitalari alternatiba gisa aurkezten den eredu berriak euskara barnebiltzen ez badu, eredu aldaketa izango da? Non daude gako nagusiak?
Hizkuntza eskubideak

Galdera: Zein izan behar du administrazioaren zeregina rock-ean, Nafarroako jotan, Edurne Zuri filmean, bertsolaritzan, Guggenheimen…?
Eskubide kulturalak

Eskualdeko gutun sozialaren inguruko talde eragileak, eztabaida prozesutik herri harresi bat sortu nahi dute, «botere ekonomikoak gehiengo sozialaren kontra zuzentzen dituen eraso guztiei aurre egiteko». Gaurko eztabaida biharko tresna bilakatu nahi dute, «bai alternatiba berriaren inguruan indarrak biltzeko, bai herri honetako borroka ahalmena bateratzeko, benetan aldaketa sozial eta politikoa Euskal Herrian lortu arte».

Maddi Sarasola anoetarrak ongi laburbiltzen du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruan sortu nahi duten mugimenduaren espiritua: «Jendeari ekonomiaren inguruan galdetzen diozunean, askok zer esanik ez dutela edo ez dutela gaiaz jakintzarik esaten dizute. Baina hizketan hastean, denek zer esana dutela agerian geratzen da». Iritzi guzti horiek elkartu eta oinarrizko eskubide bilakatu nahi dituzte, indarberriturik martxan jarri nahi duten dinamikarekin.

«Sistema neoliberalaren kudeatzaileek eta 'itxura zientifikoa' ematen dioten intelektualek duela lau hamarkada heriotza zigorra ezarri zieten ideologiei, eta XX. mendea amaitzear zelarik historiaren amaiera ebatzi zuten. (…) Helburua engainatzea eta nahastea da, hain zuzen historia geldiarazteko asmoz, historia jendartea eraldatzeko, mundua aldatzeko herriek daramaten borroka den aldetik bederen. Funtsean, trikimailu teoriko horiek krisian dagoen eta gainbehera doan sistema politiko-ekonomiko baten jarrera defentsiboa islatzen dute».
Ricardo Alarcón
 

Zertarako eskubide sozialen karta?

Bada garaia alternatiba bat, aldaketa sozial eta politiko bat Euskal Herrian bultzatzeko.
· Bada garaia Euskal Herriko emakume eta gizonok bestelako proiektu ekonomiko eta sozial bat eraiki dezagun Euskal Herriarentzat, eskubide eta betebehar berdinez.
· Bada garaia euskal gizarteak gizarte eredu bidezko eta solidarioa eraiki dezan, bere borondatez, beste inongo inposizio edo injerentziarik gabe.
· Horregatik erabaki dugu eztabaida prozesu bat irekitzea, inplikazio sozial eta sindikalarekin, datozen hilabeteetan gizarte kartarako proposamen baten erredakziora iristeko, alegia, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko dituen proposamen bat erredaktatzeko.
Tolosaldeko Eskubide Sozialen Karta


Hitzorduak

Abenduak 14, larunbata

09:30. Euskal Herriko batzarra Bilbon, Sarrikoko unibertsitatean.

Abenduak 16, astelehena

18:30. Tolosako kultur etxeko areto nagusian, Tolosaldeko batzarra.

Abenduak 18, asteazkena

18:30. Anoetako udaletxean batzarra.

Eragileak

Gutun sozialaren prozesuan parte hartu duten eskualdeko hainbat eragile: ELA, LAB, BAI Euskal Herriari, Autoeskola Antikapitalista, Ibarrako Gazte Asanblada, Ikasle Abertzaleak, Zizurkil Zero Zabor, M15 Tolosaldea, Stop Etxe Kaleratzeak, Foro Errepublikarra, Berdinbide, Tolosa Zero Zabor, Euskal Herria Sozialista, Bilgune Feminista, Esait, Amarotz Auzo Elkartea, Larramendiko Auzo Elkartea, TOPA, Jatorkin, Bonberenea, Ernai…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!