Asteburuan, elkartasun azokak Ibarra eta Berastegin

Mikel Iraola 2013ko abenduaren 12a

Gaurtik igandera izango da zabilik Berastegin, eta igandetik hilaren 22ra, berriz, Ibarran

Urtero lez, gabonetako merkatu solidarioa antolatu du Ibarratik Misio Taldeak, abenduaren 15etik 22ra bitarte. Ekuador, Honduras eta Indiako lurretako misioetarako diru laguntzak lortzea da merkatuaren xedea.

Aipatu bezala, azoka abenduaren 15etik 22ra izango da. Astegunetan, goizez 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara, San Bartolome plazan dauden parrokiako lokaletan. Igandean, gainera, pintxo pote solidarioa izango da.

Merkatuan salgai jartzeko gauzak oparitu nahi dituzten herritar eta dendariek, gaur eta bihar egin ahal izango dute 17:00etatik 20:30era artean. Bestelako laguntza eman nahi dutenek, 650416949 (Marian) edo 678844539 (Juanma) telefono zenbakietara deituta egin dezakete. Eskupekoren bat eman nahi izanez gero, 2095 5043 97 1062974919 kontu korrontea bideratu dute.

Asteburuan, Berastegin
Bestalde, asteburu honetan, bigarren eskuko materialen elkartasun azoka egingo da Berastegin, Etiopiako Wukro herria laguntzeko. Soberan edo erabiltzen ez diren gauzei etekina atera eta erabilpen berri bat ematea da azokaren bigarren helburua. Arropa, jostailu, liburu eta altzariak jaso dira, eta hauei prezio sinboliko bat jarriko zaie.

Aparkaleku azpiko lokalean egingo da azoka eta gaur 16:30etan zabalduko ditu ateak, eta 19:00ak arte egongo da. Bihar eta igandean, berriz, 11:30etan zabalduko dute, eta 13:00ean itxiko dute bihar, eta orduerdi beranduago, etzi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!