Bertsolari Txapelketa Nagusia

Christian Simelio , corrandista: «Beste planeta bateko zerbait iruditzen zait finala, harrigarria benetan»

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 12a, 12:52

Christian Simelio (Sabadell, Herrialde katalanak, 1983) Corrandista da, kantuak katalanez inprobisatzen ditu. Esan daiteke Herrialde Katalanetako bertsolaria dela, eta Mintzolak munduko kantu inprobisatuen inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartuko du, bihar, 19:00etatik aurrera.

Hainbat urte daramatzazu kantu inprobisatuaren munduan, baina nola hasi zinen?
Nire herriko jaietan Garrotins al Combat deituriko lehiak antolatzen dituzte, eta Garrotins Sabadellen inprobisatzeko erabiltzen dugun melodia da. Ia beti lehia horiek festetan egiten diren arren, noizean behin tabernetan-eta abesten dugu. Hasiera batean, beraz, testuinguru horretan hasi nintzen, jai-giroan.
Ondoren, nolabait, formalizatu egin duzu jakintza hori?
Gerora, gaiak interes handiagoa piztu zidan, eta inprobisazioa beste herri batzuetan ere egiten zutela jakin nuen; katalanez inprobisatzeko beste melodia batzuk ere ezagutu nituen, gainera. Horrela, hara eta hona ibiltzen hasi nintzen informazioa eskuratzeko, eta Valentzian eta Mallorcan ere gauza bera egiten zutela ikusi nuen. Areago, bi leku horietan kantu inprobisatuaren mugimendua Katalunian baino indartsuagoa zela konturatu nintzen, eta hara ere bidaiatu nuen guztia ezagutzeko.
Orain zure egunerokoaren zati garrantzitsua da, beraz, kantu inprobisatua.
Bai. Gaur egun, hamar urtez bueltaka ibili ondoren, topaketa askotan parte hartzen dut, eta baita erakustaldietan ere.
Euskal Herriko bertsolaritza nola ezagutu zenuen gogoan al duzu?
Euskal bertsolaritza duela hainbat urte ezagutu nuen, izan ere, Euskal Herritik kanpo ere ezaguna da, baita nazioartean ere; katalanezko kantu inprobisatuarekin ez da gauza bera gertatzen. Beraz, bertsolaritza egunkarietan-eta ikusten nuen, eta gaia ezaguna zitzaidan. Hori abiapuntu izanik, beti sentitzen nuen bertsolaritza sakonago ezagutzeko jakinmina, guk egiten genuen gauza bera zelako, euskaraz. Horrela, pasa den udan Euskal Herrira bidaiatu nuen, eta Karlos Aizpurua ezagutu nuen. Hark Bertsozale Elkartea erakutsi zidan, eta gauza asko kontatu zizkidan bertsolaritzaz. Bertso-saio pare batean ere izan nintzen, gainera.
Zein aspektuk bereizten ditu, zure ustez, katalanezko kantu inprobisatua eta bertsolaritza?
Asko dira. Hasteko, Herrialde Katalanetan bat-batekoan aritzea ez dago hain profesionalizatua. Era berean, Euskal Herriko bertsolaritza bateratuagoa da Kataluniakoa, Mallorcakoa nahiz Valentziakoa baino, adibidez. Kantu inprobisatua herriz herri egiten den kontu bat da hemen, eta herriaren arabera dezente aldatzen dira melodiak. Horren harira, iruditzen zait Euskal Herrian estiloa antzekoagoa dela txoko guztietan, bertsoa sortzeko metodo moduko bat dagoelako.
Hor ez duzue halakorik, beraz.
Ez, gaur egun ez gara oraindik horraino iritsi. Baina hasierako pauso batzuk ematen ari gara, pixkana. Bada Cor de Carxofa izeneko elkarte bat, eta Mallorcan eta Menorcan ere elkarte bana sortu dute. Ikuskizunak antolatzen dituzte, besteak beste, eta halako egitasmoei esker, bat-batekoan aritzen garenon kantaera bateratu egiten da. Hori, ordea, azken hamar urteotako kontua da, izan ere, kantu inprobisatuak norbere gisara egitea zen lehengo tradizioa, era indenpendienteago batean. Ez zen harremanik izaten, beraz, herrien arteko inprobisatzaileen artean.
Garai berriekin batera garatzen hasia da, beraz, katalanezko kantu inprobisatua.
Bertsolaritzarengana gero eta gehiago hurbiltzen ari da hemengo bat-bateko kantua, neurri batean, elkarren arteko eraginagatik; baina hori Kataluniako erkidegoan gertatzen zaigu. Mallorca edo Valentziarekin alderatuta, hizkuntzak batzen gaitu, baina estiloak erabat desberdinak dira.
Herrialde Katalanetako inprobisatzaileok ere elkartuko zarete, noizean behin, ezta?
Bai, gure arteko kantuen desberdintasunez harago, urtean behin 12 orduz kantuan aritzeko topaketa moduko bat antolatzen dugu; 2014koa Sabadellen izango da, martxoaren 29an. Horrelako egitasmoei esker, beste erkidegoetako kantaerak ezagutzeko eta horietan trebatzeko aukera izaten dugu. Horrenbestez, orain arte katalanezko kantu inprobisatuak nortasun herrikoiagoa izan du, baina azken urteotan jendea euskal bertsolaritzaren ezaugarriak hartzeko ahalegina egiten ari da, aipatu bezala, elkarteak sortzen ari direlako, eta hainbat txokotako inprobisatzaileekin lehiak antolatzen direlako. Dena den, oraindik asko falta zaio katalanezko bat-batekoari, bertsolaritza dagoen mailaraino iristeko.
Gizartean nolako harrera du?
Noski, ez da Euskal Herrian bezain ezaguna. Katalanezko kantu inprobisatua zer den ez dakienik ere bada. Euskal Herrian, gehiago edo gutxiago ezagututa ere, jende guztiak jakingo du bertsolaritza zer den. Herrialde Katalanetako bat-bateko kantuaren inguruan zera azpimarratuko nuke, ordea, herriz herri duen tradiziozko indar hori.
Eskualde bakoitzeko nortasunaren adierazle izan liteke, beraz, zuen bat-batekoa.
Bai, hala izan da historikoki, eta Kataluniakoa aldatzen ari den arren, Mallorcan eta Valentzian bereziki mantentzen dute berezko estilo hori.
Belaunaldi berriengana iristen al da katalanezko bat-batekoa?
Batez ere Mallorcan eta Kataluniako autonomia erkidegoan. Azken hamarkadako kontua da, eta zenbait eskoletan txertatu da bat-bateko kantua. Horren ondorioz, gaztetxoen arteko lehiak antolatzen ere hasi gara, eta haurrei begira tailerrak antolatzen ditugu. Maila gorenean, berriz, topaketak prestatzen ditugu, eta Albert Casals-ek doktorego tesia egin du kantu inprobisatua ardatz hartuta. Zehazki La Corrandescola izenburua du, eta corrandes deituriko kantu inprobisatuak haurrei erakusteko bideak aztertu ditu.
Igandean BECen izango zara. Jakingo duzu Euskal Herrian badela eredu horren aurka dagoen korronte bat. Zuri zer iruditzen zaizu txapelketa?
Beste planeta bateko zerbait iruditzen zait finala, harrigarria benetan. Maila pertsonalean hitz eginda, nik gustuko dut bertsolaritza horrela profesionalizatzea eta hain handi bilakatzea. Horrek bizirik mantentzea dakarkio bertsolaritzari, eta oso indartsu, gainera. Nik nahiko nuke, noizbait, Herrialde Katalanetako bat-batekoa Euskal Herrikoaren antzekoa izatea, eredu bat iruditzen zait. Egiari zor, ordea, hemen bada gauza bera pentsatzen ez duen jendea ere; ohitura herrikoi bat izaten jarraitzea defendatzen dute, ez hain profesionalizatua. Talka hori bada, beraz.
Final nagusira zein aurreikuspenekin joango zara?
Grinari eutsiz joango naiz eta, era berean, pozik, oso gogotsu; benetan hunkigarria izango dela uste dut. Eta Herrialde Katalanetara bueltatzen naizenean, hemen ikusitakoa han erabilgarri suertatuko zaidala uste dut, aurrerapausoak emateko. Egia esan, zehazki ez dakit zer aurkituko dudan BECen, gurearengandik oso desberdina delako. Baina badakit oso esperientzia baliagarria izango dela, behinik behin, niretzat. Gainera, ilusio handiz nago bihar Mintzolan katalanezko erakustaldia egiteko aukera izango dugulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!