Joxe Agirrek Maialen Lujanbiori txapela jantzi zioneko argazkiak hamaika itzuli eman ditu 2009ko abenduaren 13 harrez geroztik. Lau urtean eraman du, hernaniarrak, txapelak duen ohorea eta zama, eta hiru egun barru jokoan izango da berriz bertsoaren olinpiadako sari potoloa. Aitor Mendiluzek oholtzatik bizituko du, berriz ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta «bertsotan egitera» joango da, puntuei begiratu gabe.
Iruran bizi den andoaindarra bosgarrenez ari da aurten txapelketan, eta zale gehienen aurreikuspenekin bat eginda, lortu du finalerako txartela. Murgian hasi zuen
BECerantzako ibilbidea, eta puntuazio onekin gainditu ditu kanporaketak; bere buruarekiko egin duen balorazioa, ordea, ez da guztiz ona izan, eta pasa den azaroaren 30ean Maule-Lextarren jokatutako azken saioan ez zen batere gustura geratu bere lanarekin.
«Egin nezakeenaren laurdenik ere egin ez dudanaren sentsazioa daukat». Halaxe nabarmendu zuen Mendiluzek, Mauleko saioa amaitu bezain laster. Saio osoan «tiraka eta tiraka» aritu eta deseroso ikusi zuen bere burua, baina txapela janzteko aukerak izango dituzten zortzi buru horien artean izatea lortu zuen: «Saioarekin ez nago konforme, baina ezin kexatu sailkapena ikusita».
14.000 ikus-entzuleren aurrean kantatuz, kanporaketetako arantza kentzeko helburuz joango da Mendiluze BECera: «Ez puntu eta ez ezer, bertsotan egitera joango naiz. Uste dut bertso-eskolan egin dudan lanaren erdirik ere ez dudala oholtzan egin, eta hori baino gehiago egin behar dudala, besterik gabe».
Gazteenen lanari begira
Amaia Agirrek eta Jexuxmari Irazuk ere zuzenean jarraituko dute Bertsolari Txapelketa Nagusia.
«Sekula baino lasaiago» hartu du 2013ko txapelketa, Agirrek: «Sentimentuz ere urruti samar nabaritu dut txapelketa, eta inoiz baino lasaiago amaitu dut. Erlatibizatzen ikasi dudan urtea izan da hau».
Besteak beste, BECera lanera joango da billabonatarra, baina pronostikoak egitera ausartu da. Batetik, Beñat Gaztelumendi finalean sartzeak baino gehiago harritu du Jon Maia ez sartzeak: «Orain dela hiru hilabete Gaztelumendi zortzikotea osatzeko hautagai gisa ikusten nuen, lan izugarria egiten ari baita. Eta izugarri pozten naiz, belaunaldi berri baten ordezkaria izango delako».
Bertsozaleen ahotan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioren izenak dabiltzala aipatzean, berriz, honakoa dio Agirrek: «Bertsozaleek gehien entzuten dituztenak dira eta egia da sekulako mailan dabiltzala, baina nik Igor Elortza ere oso-oso ondo ikusi nuen Tolosako saioan, eta Unai Iturriagak ere badaki bertsotan. Halaber, Sustrai Colinak beti egiten du final ona, hazi egiten da halako saioetan».
Finala egun batean jokatzen den saioa izanagatik ere, batzuek abantaila txiki hori badutela uste du Amaia Agirrek: «Egia ezin dugu ukatu, eta faborito izateak ere badu subkontzientean nahigabeko pisu bat». Gauzak horrela, gazteenari «gozatzeko moduko saioa» egitea opa diola nabarmendu nahi izan du Amaia Agirrek: «Ez dut uste babestu beharra izango denik lehen aldia izanda ere, ez da atzera geratuko, ziur».
Hiruzpalau faborito
Sentipen «gazi-gozoak» ditu Jexuxmari Irazuk, txapelketan egin duen lanari begira jarriz gero. Txapelketa gogoz hartu zuela dio, eta prestatzeko denbora gorde duela: «Lan dezente egin dut, eta hiru saiotan kantatzeko aukera ere izan dut. Bitan oso ondo aritu nintzen, eta hirugarrenean egindakoarekin ere ezin kexatu. Baina atarian geratu naiz, eta horrek jarri dio gazi puntua egindako lanari».
Finalari dagokionez, Irazuk ere Gaztelumendiren jauzia azpimarratu nahi izan du: «Ez da erraza zortziko talde horretan sartzea, eta Unai Agirre eta Sarriegiren arteko berdinketa horrekin ikusi zen gauzak zein larri egoten diren».
Bukaeran zer gertatuko den ez dakien arren, «gehiegi arriskatzea» dela iruditzen zaio larrauldarrari, bi faborito argi zehaztearena: «Bertso asko kantatzen dira, eta aurreikusi ezin daitezkeen hainbat faktore daude. Nik uste dut txapelarako hiruzpalau faborito behintzat ikusi beharko genituzkeela. Hori bai, ez harritu txapela buru berean geratuko balitz, eta ezta iparraldera edo Bizkaiara joango balitz ere».