Aduna hasi da Gabonetarako prestatzen; atzotik, data esanguratsu hori gogora ekartzen duten hainbat apaingarrik hornitzen dute herria, janzten dituzte kaleak, eta, koloreztatu dute negua. Alta, ez dira ohiko apaingarriak; eskuz eginikoak dira, material berrerabiliekin, eta eskolako ikasleek egin dituzte.
Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren koordinaziopean eman da aurrera ekimena, Adunako ikastetxean ez ezik, Alegiako, Anoetako, Berastegiko, Zizurkileko, Amasa-Villabonako eta Tolosako ikastetxeetan. Guztira, eskualdeko 12 ikastetxeek landu dute Eskola Agenda 21 proiektua, eta aurtengo gaia energia jasangarria izan denez, besteak beste, ate joka ditugun Gabonetako kontsumo ohiturak izan dituzte hausnarketa gai. Horren ondotik etorri da Gabonetako apaingarriak eskuz eta materiak berrerabiliekin egiteko hautua.
Ibarra aitzindari
Dena dela, ez dituzte ohiko argi eta apaingarriak ordezkatu; bi apaingarri moten arteko osagarritasuna bilatu da beti ere, Garbiñe Mendizabal Tolosaldea Garatzeneko Udal Saileko teknikariak ATARIA IRRATIAri nabarmendu dioenez. Halaber, apaingarri asko ere ez dituztela egin gehitu du: «Haurrek eta eskuz eginikoak baitira, eta gainera, helburua ez da herri osoa halako apaingarriekin betetzea».
Ez da eskualdean halako ekintza bat egiten den lehen urtea. Gai honekin lotuta, Ibarrako haurrek kaleetan jartzeko Gabonetako apaingarriak egin izan dituzte azken hiru urteotan.
Gabonetan bezala, urte osoan zehar, Ibarrako Uzturpe ikastetxeak konpromiso handia erakutsi du ingurumenarekin. Duela gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiak saria eman zion hondakinak ikastetxean egoki kudeatzen dituztela-eta. Foru Aldundiak, aitorpen plaka bat emateaz gainera, 3.000 euro eman zizkion ikastolari.