Itxiera arriskuan dauden Endaki, Marie Brizard eta Antalis enpresei, Anoetako Renault kontzesionarioa gehitu zaie, bertako hartzekodunek itxiera espedientea zabaldu baitute zorpetze maila handia dela eta. Erabakia gauzatuko balitz, hamaika langilek galduko lukete lanpostua.
Kontzesionarioa Autobar enpresarena da, eta Renault etxearentzat egiten du lan. Irun eta Arrasaten ere lantegiak zituen. Duela bost urte hiruren artean 100 langile izatera iritsi zen. 2010ean Irungo planta itxi zuten, eta besteak hartzekodunen lehiaketan sartu. Ordutik hona, ordea, egoerak ez du hobera egin. Enpresak zor handiak ditu, gehienbat Renault markarekin. Lantegia ere ez da propioa, eta alokairua ezin dute ordaindu. Langileek, gainera, hiru hilabete daramatzate soldata jaso gabe. Langileek, bideragarritasun plan bat eskatu dute, eta hori jaso bezain laster erabakiko dute zein pausu eman euren lanpostuen alde. Momentuz, baina, lanean jarraitzen dute.
Gamesako langileak, protestan
Gaurtik ostiralera bitarte, Asteasuko Gamesako langileek mobilizazioak egingo dituzte. Langile batzordetik adierazi dutenez, hilabeteak daramatzate enpresaren zuzendaritzarekin lan hitzarmenaren inguruan eztabaidatzen eta adostasunera iristen ez direnez, langileen gehiengoak mobilizazioetara jotzea erabaki du.
Goizez eta arratsaldez, egingo dituzte elkarretaratzeak lantegiaren aurrean, eta langile bakoitzak 4 orduko geldialdia egingo du horretarako. Lan hitzarmena blindatzea eskatzen dute langileek, eta antza enpresa ez dago ados puntu horrekin. Bestetik, langileek azaldutakoaren arabera, enpresak irabaziak ditu, eta lan karga handia espero dute aurrera begira. Enpresaren asmoa langileen lan baldintzak bere horretan mantenduz lana areagotzea dela diote; horregatik, euren lan baldintzak eguneratzea exijitzen dute.