Lan gatazkak

Kalera aterako dute eskualdeko enplegu-egoera larriaren salaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 10a, 12:21

ELA eta LAB sindikatuek deialdi bateratua egin dute larunbat honetarako, azken gertakarien harira

Azken hilabeteotan Tolosaldeko enpresen itxierek hamaika titular eskaini dituzte. Perot eta Emusi lantegiak itxi zituzten lehenengo, eta Marie Brizard, Endaki eta Antalisen itxieren berri ere eman dute. Neurri horiek eskualdeko herritar asko langabeziara eramango ditu, eta ELA eta LAB sindikatuek kalean salatuko dute eskualdeko lan-egoeraren larritasuna, larunbat honetan. Manifestazioa Triangulotik abiatuko da, 12:00etan, Tolosaldeko enpleguaren alde langileok borrokan lelopean. Hori iragartzeko agerraldian, LAB sindikatuko ordezkaria Oihana Lopetegi, eta ELA sindikatuko ordezkaria Egoitz Iturbe izan dira, eta alboan izan dituzte Marie Brizard, Antalis eta Endaki lantegietako sidikatu-ordezkariak ere.
Besteak beste, industria sektorearen gainbeherari buelta emateko neurririk ez hartu izana salatu dute sindikatuek, «industria-sarea eraberritzeko apustu estrategikorik» egin ez dela nabarmenduz: «Ondorioz, industriak pisua galtzen du egunez egun, inolako alternatibarik lantzen ez den bitartean», dio Lopetegik.
Eskualdean bigarren sektorearen gainbehera 80ko hamarkada amaiera hasi zen, eta begirada atzera bota nahi izan dute LAB eta ELAk, egungo egoera ulertzeko. Tolosaldeko industria papergintzari estu lotuta egon izan da beti, eta 80ko hamarkadan industria-sare horrek 2.000 lanpostu zuzen zituen, 35 lantegitan, sindikatuen arrabera. Hamarkada haren amaieran hasi zen paper industria, ordea, pixkana indarra galtzen: «90eko hamarkadan gaur egun indarrean jarraitzen duten aldarrikapenekin hasi ginen eskualdeko sindikatu eta eragileak, eta jada aldarrikatu genuen, Tolosaldeko arazo sozioekonomikoaren aurrean, beharrezkoa zela bertako industria eta enplegua bermatuko zituen erabaki eta plan estrategikoen beharra».
Honen harira, sindikatuek salatu egin dute «hainbat erakunderen erabakiak enpresarien mesedera planifikatu izana» neurriak hartzerakoan: «Lanpostuen inguruan inongo bermerik gabe hartu izan dira erabaki asko, eta lurzoru merkea enpresaren lekualdatzearen ordainetan ere eskaini izan dute», diote.
Horrela, gaur egun 400 lanpostu dira, eskualdean, papergintzari zuzenki lotuta daudenak; lau enpresatan banatuta daude lanpostu horiek.
Hamarkaden muga azken lau urteotan jarriz, industria sektoreko 500 lanpostu baino gehiago deuseztatu dira Tolosaldean, eta egoerak kutsu larriagoa hartu du azken hilabeteotako gertakariak kontuan izanda: «Desindustrializazio prozesua azkartu egin da azken lau hilabeteotan, hain justu, Espainiako Gobernuak inposatutako lan-erreforma indarrean jarri zen unetik hona. Gure eskualdeko ekonomia txikitzen ari dira gure begien aurrean, eta oso azkar gainera».
Aipatzekoa da, Antalis multinazionalean 39 langile kaleratuko dituztela, eta Mari Brizard-en, berriz, beste 48. Endakin, berriz, multinazionala ez den arren, 9 hilabete daramatzate soldatarik jaso gabe, eta langileen greba mugagabeak bide eman dio itxierari; 33 langile kaleratuko lituzke itxierak.

Multinazionalen uzta
Itxi dituzten enpresetako asko multinazionalen menpekoak dira, eta horiek lana kanpora eramaten ari direla salatu dute ELA eta LABek: «Multinazionalek epe motzera jokatzen dute. Lantegiak erraz eta merke ixteko aukera ikusten dute, eta irabaziak azkarrago lortuko dituzten lekuetara lana eramaten ari dira. Hau multinaziolanetako akziodunentzat negozio borobila da, baina gure herritarrentzat hondamendia», dio Oihana Lopetegik.
Azkenik, enpresari handien eta multinazionalen «zigorgabetasuna» gogor gaitzetsi dute agerraldian, «langileak borroka desorekatuan» geratzen direlako, eta erresistentzia jarduerak nahiz aldarrikapenak eginda ere, «aukera gutxi» dute lanpostuei eusteko.  
Enpresetako langileen eta bi sindikatuek indar bateratuaz harago, herritar guztien babesa ere beharrezkotzat jo dute, eta larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete. Halaber, erakundeei posizionatzeko eskatu diete, eta dagozkien urratsak emateko, «bakoitzari dagokion erantzukizunetik». Argi dute ez dutela kaleratze eta itxiera bakar bat ere ontzat emango, eta enplegu-politika eraginkorren beharra aldarrikatzera aterako dira kalera.

ENDAKI

Datuak
Jarduna. Mekanizazio eolikoa, areonautikoa, ontzietakoa eta petrolioari dagokiona.
Langileak. 33.
Enpresaz. Adunan dago 1978az geroztik.
Lan-arazoa. 2009az geroztik 3 lan erregulazio espediente izan dituzte, eta 9 hilabeteko soldata zorra du enpresak langileekin. Urriaren 14az geroztik greba mugagabean daude, zuzendaritzaren utzikeria eta gaitasun eza salatuz.

MARIE BRIZARD

Datuak
Jarduna. Edari alkoholdunak eta alkoholik gabeak botilarazten, zigilatzen eta banatzen dituzte.
Langileak. 48.
Enpresaz. 1968az geroztik Zizurkilen dago, eta Marie Brizard Belvedere multinazional frantziarrarena da.
Lan-arazoa. Espero ez zutela langile guztien kaleratzea ekarriko duen lan erregulazio espedientearen berri eman zieten. Greba mugagabean daude.

ANTALIS

Datuak
Jarduna. Paperezko gutunazalak egiten dituzte.
Langileak. 39.
Enpresaz. Tolosaldean Kanguros izenez ezagunagoa da, eta 44 urte daramatza Albizturren.
Lan-arazoa. Talde multinazional bateko zati da enpresa, eta itxieraren erabakia bat-batean jakinarazi zieten pasa den azaroaren 28an, ordezkariei. Langileak greba mugagabean daude abenduaren 5az geroztik

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!