Eskualdeko uzta Durangoko Azokan

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko abe. 6a, 09:15
Abenduaren 5etik 8ra bitartean, urtero legez, Durangoko Azoka ospatuko da. Landako Guneko berritasunen artean Tolosaldeko ordezkari anitzen uzta topatzeko aukera izango du bisitariak

Itziar Okariz donostiarrak diseinatutako aurtengo kartelak luzatzen duen gonbitea bezala, eskualdeko idazle, marrazkilari eta musikarien lanak ere «zuriaren gainean dantzan» ageri dira. Igandea bitartean Durangoko zitak Gabonetako euskal kultur opariak eskuratzeko ekidin ezinezko zita bihurtuko da 2013ko aurtengo edizioan ere.

Liburu eta disko artean ez galtzeko eskualdeko berritasunekin osatutako gida laburra da ondorengo orrialdeetan jasotzen dena. Tartean eskualdean iturria duten hainbat eta hainbat aldizkari ere aurkitu ahal izango dira Durangoko Azokan: Bernardo Atxagak zuzendutako Erlea; Irrien Lagunak argitaratutako Irria; Euskal Herria Sozialistaren izen bereko aldizkaria edota Nabarralderen Haria, besteak beste.

LIBURUAK. MUSIKA

AITOR ARITZETA

Emozioak eta gaitasun sozioemozionalak: Goretti Soroarekin batera, Aitor Aritzeta billabonatarrak kaleratutako 252 orrialdeko ikerketa lana da honakoa. 2013an Udako Euskal Unibertsitatearekin argitaratua. (UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA)

BILGUNE FEMINISTA

Beldurrak gurekin jai! Ekin autodefentsa feministari!: Indarkeria sexistaren aurrean erantzun indibidual zein kolektiboak proposatzen ditu Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean egin duten liburuak. Teoria eta praktika uztartzen dituen lan honek herriz herri Autodefentsa Feminista garatzeko tresna izan nahi du. (GAZTE SORKUNTZA)

BERNARDO ATXAGA

Nevadako egunak: Liburuaren atmosfera nagusia biografiarena da. Bere orrialdeetan azalduz doazen pieza guztiek giza esperientzia dute abiapuntu. Egileak bere berri ematen du haietan, zer bizi izan zuen, zer pentsatu eta imajinatu zuen Estatu Batuetako Nevadan pasatutako denboran, 2007ko abuztutik 2008ko ekainera; baina beste pertsonaia batzuk ere hartzen ditu aintzat, hurbilekoak eta arrotzak, lehengoak eta oraingoak. Lekuek ere badute garrantzia, eta batez ere desertuak. (PAMIELA)

ASUN GARIKANO

Kaliforniakoak (1533-1848): euskaldunen lanak Kaliforniaren esplorazio eta kolonizazio garaian: Euskaldun askoren bizipen harrigarrien berri dakar liburu honek. Ameriketako lehenengo euskaldun haiek itsaso eta lur arrotzetan pasa zituzten poz eta nekeak kontatzen ditu, aldi berean Kaliforniako jatorrizko biztanleei buruzko albiste ugari eskainiz. Joseba Sarrionainandiak idatzitako hitzaurrearekin. (PAMIELA)

MAITE GURRUTXAGA OTAMENDI

Euli bat bihotzean: Leire Bilbaok idatzi eta Maite Gurrutxaga amezketarrak irudiz hornitutako ipuina. Gorka arraro sentitzen da. Kafkaren Metamorfosia liburuan bezala, ezberdin jaiki da gaur. Izan ere, gauean euli bihurtu dela pentsatzen du. (ELKAR)

MAITE GURRUTXAGA OTAMENDI

Habiak / Nidos: Abiadura handiko trena haren lurretatik pasatzen dela-eta baserria galdu duen Simon zaharraren eta, Balkanetako gerra atzean utzita, Euskal Herrira heldu den Selma erizain bosniarraren arteko harremana da liburuaren ardatza. (TXALAPARTA)

KARLOS LINAZASORO TOLOSA

A zer lau elementu!: Idazle tolosarrak gazte literatura sailerako idatzi du A zer lau elementu! Jolas-liburu bat da, poemez eta esaldi umoretsuz eta antzerkiz eta hitz eta burutazio bitxiz betetako kutxa edo gordailu bat. Haria lau elementuak dira: sua, lurra, airea eta ura. (PAMIELA)

KARLOS LINAZASORO TOLOSA

Tripoli doktorea: Xaguxar haur literaturan argitaratua. Anbulatorioko itxarongela lepo zegoen, gainezka. Tripoli doktorea eta Olga Tokarczukowa erizaina prest zeuden gaixoak artatzeko. Udaberria iritsi berria zen, ordea, eta Tripoli doktoreak nahikoa lan bazuen sudurreko zulotik irten zitzaion geranioarekin zer egin ez zekiela. (ELKAR)

ESTI LIZASO

Piztiak hil behar du: Nicholas Blake-ek idatzi eta Esti Lizasok itzulitako lana da Piztiak hil behar du. Igela argitaletxeak kaleratuta lana da. (IGELA)

RAMON OLASAGASTI AIESTARAN

Nire aitaren botak: Ramon Olasagastik haur-liburu honen itzulpen lana egin du. Liburuak Koldoren istorioa kontatzen du, euria egin zuen egun batekoa, oinetakoen armairua ireki zuenekoa eta oinetakoak zelatan animaliak ziruditenekoa. (ELKAR)

GARBIÑE UBEDA

Hobe isilik: 1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Jose Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasten da haren biloba Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen ditu eleberriak. (ELKAR)

GAL 30 URTE

Eider Goenagak koordinatutako lana. Euskal Herriak, azken hamarkadotan, bizi izan duen garai ilunenetako baten kronika.

IÑAKI ZUBELDIA OTEGI

Eskola sorgindua: Eskola itxi egin dute, eta ikasle bat lo geratu da bertan; bat-batean sutea sortu da eskolan. Orduan hasten da abentura hau. Pertsonaia atseginak eta dibertigarriak azalduko dira; eskolan bizi dira, baina ikasleak etxera itzultzen direnean baino ez dira agertzen. (IBAIZABAL)

BIDE ERTZEAN

77: Memoria historikoa pop musikarako aldarrikatu du talde tolosarrak. Familiako gertaera latz batetik abiatu dira Imanol eta Joni Ubeda anaiak -1977an Guardia Zibilak kontrol batean hildako osaba baten oroitzapena- Espainiako diktaduraren lehen urteak gogora ekartzeko. (GAZTELUPEKO HOTSAK)

GLAUKOMA

Glaukoma Vol. 2: Zazpi abestiz osaturiko diskoa da Glaukoma taldearen bigarren lana, aurretiaz finkatutako ildoa jarraituz baina eboluzio nabarmenarekin. Pedal hotsek eta distortsio, deelay eta abarreko efektuek euren tokia bereganatu dute, soinu garatuago bat eta indartsuago bat lortzearren. (BONBERENEA EKINTZAK)

LA JODEDERA

Karibe Kantauri kantari: Disko honetan La Jodedera taldeak zenbait euskal kantu ezagunen bertsio kubatarrak ekoitzi ditu, baita euskal musikaz moldatutako Kubako doinuak ere. (GAZTELUPEKO HOTSAK)

OINKARI

Itsasoaren emazteak: Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu Itsasoaren emazteak DVD-CDak, euskal dantza tradizionalak (Oinkari dantza taldea), musika (Pello Ramirez) eta antzerkia (Hika Teatroa) oinarri hartuta. (BAGA-BIGA MUSIKA IDEIAK)

IÑAR SASTRE

Sastretarrak: Iñar Sastre eta Alfonso Sastreren 2013ko lana, CD-DA formatuak kaleratuta, Ausart Records-ekin. (AUSART RECORDS)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!